Abuztuko aipagarrienak (2024)
Abuztuko aipagarrienak –
2024ko abuztuan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK:
» Belartzako Decathloneko paisaia linguistikoa gaztelania hutsean dago. Lege betebehar irmorik ez duten artean ez dutela euskaraz jarriko erantzun dute.
» Orkoiengo Udalak WhatsApp kanal berrian jakinarazpenak gaztelania hutsean helarazten ditu.
» Alsa autobus konpainiaren euskarazko bertsioko hainbat mezu ez direla zuzenak salatu dute.
» Iruñerriko Mankomunitateak euskarazko arreta eskaintzen duen arren, SMS bidez gaztelania hutsean bidaltzen ditu mezuak.
» Bilboko udaltzainek motoetan erabiltzen duten arropan «Policía Municipal» baino ez dago idatzita.
» AP-15 autobideko Nafarroako hainbat seinale gaztelaniaz daude, eta hirien izenak ere gaztelania hutsean agertzen dira.
» Bilboko Ormaechea loterien webgunea eta iragarkiak gaztelania hutsean agertzen dira.
» Gasteizko Udalak Momiak filma gaztelaniaz proiektatu du Zabalgana auzoan, euskarazko bertsioa eskuragarri izan arren.
» Basurtuko ospitalean herritar batek ezin izan du psikoonkologiako arreta euskaraz jaso, eta gaztelaniaz jasotzera behartu dute.
» Erakunde publiko ezberdinek zabaldutako euskarazko mezuen zuzentasun ezagatik kexak jaso dira.
» Bilboko Aste Nagusiko barraketan euskararen presentzia oso urria izan zela salatu dute.
» Taberna eta negozio ezberdinetan kartelak gaztelania hutsean jartzeagatik kexa ezberdinak jaso dira.
» Iberdrolari euskarazko harremana nahi dutela behin baino gehiagotan adierazi arren, mezuak gaztelania hutsean jaso dituzte bezeroek.
» Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean hainbat seinale eta kartel oraindik gaztelania hutsean agertzen dira.
» Erandioko Makro dendako paisaia linguistiko osoa gaztelaniaz dago.
» Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritzak ikastetxeetan banatutako euskarazko liburuak akatsez beteta daude.
» Enpresa ezberdinen telefono bidezko arreta euskaraz jasotzeko ezintasunen inguruko kexak izan dira.
» EAEko erakunde publikoek gaztelaniazko prentsan iragarkiak gaztelania hutsean ezartzen jarraitzen dute, ele bitan ezartzeko betebeharra izan arren.
» Zarauzko Osasun Etxean erizainak eta oftalmologoak ez zekiten euskara.
» EHUko Bizkaiko Kanpusean inprimakiak eta informazio orokorra gaztelaniaz erabiltzen direla salatu dute.
» Donostiako Boga Boga Festibalak webgunea gaztelaniaz eta ingelesez soilik ezarri zuen.
» Urbasako kanpinaren kudeaketa Nafarroako Gobernuak esleitutakoa izan arren, dena gaztelaniaz dago eta gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen diete herritarrei.
» Donostiako Udalak Boulevardean egindako Arte Martzialen erakustaldian bozgorailuko azalpen guztiak gaztelaniaz izan ziren.
ZORIONTZEAK:
» Bilbon Txurdinagan dagoen Ícaro kafetegiari, euskaraz artatzeagatik. Langilea euskara ikasten dabil eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko ahalegina egiten du.
» Ultzurrungo ostatuari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.
» KAS freskagarri konpainiari, Donostian jarri duen publizitatea euskaraz jartzeagatik.
LORPENAK:
» Iruñea eta Zizur Nagusia lotzen dituen bideko seinale gehienetan euskara txertatu dute.