Abenduko aipagarrienak

Abenduko aipagarrienak –

2024ko abenduan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.

Abenduko aipagarrienak

URRAKETAK:

» Baionako polizia etxetik frantses hutsean helarazten dituzte isunen berri emateko gutunak.

» Osakidetzak eta Irungo Udalak antolatutako hitzaldien kartela gaztelania hutsean zabaldu zen.

» Nafarroako Gobernuak gaztelaniaz soilik zabaldu zuen Departamentu ezberdinetan euskarazko profila duten lanpostuak ezarriko dituela iragartzeko berria.

» Bouygues higiezin agentziak frantses hutsean eskaintzen die informazioa bezeroei.

» Nafarroako Gobernuarena den Larra-Belagua eski estazioan jakinarazpen eta informazio guztia gaztelania hutsean ematen dute.

» Mutami elkartasun aseguru etxeak frantses hutsean informatzen ditu bezeroak.

» Izarrako Osakidetzako lehen arretako medikuak ez daki euskaraz eta, beraz, kontsultak gaztelaniaz pasatu behar dira.

» Irungo Udalak antolatutako Eguberrietako argiak pizteko ekitaldian euskarak izan zuen presentzia ia deuseza salatu dute hainbat herritarrek.

» Euskararen Hirigune Elkargoko uraren faktura frantsesez heldu zaiola salatu du herritar batek Baionan.

» GUUK telekomunikazio enpresako kobruen atalean ez dute euskaraz artatzen eta gaztelaniaz egiteko eskatu diote bezeroari.

» Baionako Bonnat-Helleu museoak Bayonne Mag aldizkariarekin batera banaturiko gehigarria ia osoki frantsesez idatzia da.

» Bilboko Udalaren informatika zerbitzuetan ezin izan dute langilea euskaraz artatu.

» Usansoloko ospitalean medikuak euskaraz artatzea nahi zuela eskatzeagatik ordu bete gehiago itxaron behar izan du herritarrak.

» Eroskiren iragarkia gaztelania hutsean heldu da Azpeitiko etxeetara.

» Azpeitiko Clarel katearen dendan kartel guztiak gaztelaniaz daude.

» Bezero batek Bilboko Perro Chico tabernan euskaraz eskatzeagatik ez zutela artatu eta erantzun kaskarrak izan zituela salatu du.

» Donostiako SADE zinemen webgunea oraindik ez dute euskaratu.

» TVEk elkarrizketan euskaraz egin ahal izatea ukatu zion haur bati Artaxoako Laia lasterketan.

» Osakidetzan bi urteko haurrari ezin izan diote audiometria froga egin grabazioak gaztelania hutsean dituztelako.

» Movistar Plusek euskaraz dauden haurrentzako filmak gaztelaniazko bertsioetan soilik eskaintzen ditu bere plataforman.

» Aiegiko Udalak Gabonetako argietatik «zorionak» hitza kendu du.

» Kutxabankek gaztelania hutsean erantzun zion bezero batek euskaraz egindako erreklamazioari.

 

ZORIONTZEAK/ESKER ONAK:

» Ordiziako GOXO gozotegiari, euskaraz artatzeagatik eta kartelak euskaraz izateagatik.

» Erromoko Casal Liburudendari, langile guztiak euskaldunak direlako, euskararen aldeko jarrera aktiboa dutelako eta euskarazko materialen aurkezpenak egiten dituztelako.

» Zornotzako Xiberu tabernari, eskaintza guztia euskaraz izateagatik eta euskarazko prentsa (Berria) eskaintzeagatik.

» Real English Getxoko akademiari, euskarazko mezu luze eta txukuna bidaltzeagatik urte amaierako jaiaren berri emateko.

» Iruñeko Kaiku-ren lantegiari, bisita euskaraz egiteko aukera izateagatik.

» Donostiako Nazioarteko Kroseko esatariari, denbora guztian euskaraz aritu zelako.

 

LORPENAK:

» Heletako Agour Gasnen produktuetako etiketetan euskara txertatzeko neurriak hartu dituzte.

» Portugaleteko udaltzainen kotxea euskaraz ere errotulatu dute.

» McDonalds enpresak hurrengo hilabeteetan webgune eta APPan euskara txertatuko duela erantzun digu.

» Iruñeko Udalarekin euskaraz komunikatu nahi duela adierazi duten herritarrek egoitza elektronikoko jakinarazpena euskaraz jaso dezaten aldaketa teknikoak egiten ari direla erantzun digute.

» Gasteizko Udalak X sare sozialean euskaraz modu zuzenean idazteko neurriak hartu ditu.

Abenduko aipagarrienak

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude