Abenduaren 27an euskarari arnasa berri bat emateko ekitaldia egingo du Kontseiluak Bilbon
Abenduaren 27an euskarari arnasa berri bat emateko ekitaldia Kontseiluak Bilbon –
- Urteko Batzar Nagusian, euskararen normalizazioaren erronka nagusiak eta abenduko ekimenaren data aurkeztu dute Kontseiluko bazkideek.
- Larrialdi linguistikoari erantzuteko, euskararen biziberritzea agenda politiko eta sozialaren lehen lerrora ekartzea aldarrikatu dute.
- Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko deia egin dute, herritarren kidetza eta bultzadatik etorriko den Pizkunde berri baten lehen oinarriak jartzeko.
Euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan bagaude ere, indartsu abiatu dugu urtea euskalgintzako eragileok. Apirilean, euskararentzat justizia eta justizia euskaraz aldarrikatuko dugu Baionako kaleetan, Maiatzean Euskaraldia egingo dugu, euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozial handiena. Abenduan, euskal kulturaren topagune den Durangoko Azokak 60. urte beteko ditu. Urte osoan zehar, euskaltegiek, hezkuntza zentroek, euskara elkarte eta aisialdi taldeek, askotariko erakunde, kirol elkarte, enpresa, eragile, eta orokorrean, milaka herritarrek euskarari bizitza ematen jarraituko dute. Eta kalean, etxean, plazan, egunkarietan, aldizkarietan, irrati-telebistetan, sare sozialetan eta mota guztietako kultur adierazpenetan, euskaraz bizitzeko eremu erosoak sortzeko eta elkarlotzeko lanak ez du etenik izango.
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzean egindako urratsak uka ezinak dira. Hala ere, susperraldi ziklo hori agortzen ari denaren zantzuak nabariak dira datu soziolinguistikoetan, eta horietatik abiatuta euskalgintza instituzional zein sozialetik azken urteetan egin diren diagnostikoetan. Asko dira kezkatzeko gertakari eta datuak, besteak beste, ezagutza erlatiboa apaltzen ari dela oraindik Ipar Euskal Herrian, Nafarroako ikasle berrien erdiek baino gehiagok ez dutela euskararekin harremanik izango beren ikasketa ibilbidean, edota erabilera soziala jaisten ari dela eremu euskaldunenetan –arnasguneetan barne–. Halaber, euskara ofiziala den eremuan ere, euskararen normalizazioa xede duten politikak eraisten ari den oldarraldi judiziala iristen ari da auzitegietatik, euskaldunon eskubideak, hizkuntza berdintasuna eta gizarte kohesioa kolpatuz. Eta egiturazko minorizazio egoeraren punta: gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak, egoera diglosiko batean horrek esan nahi duen guztiarekin.
Gainera, globalizazioaren egungo aldaera muturrekoak zaildu egiten die hizkuntza minorizatuei normalizazio bidea; are, sozialki bizirik irautekoa. Euskara ez dago dinamika horretatik salbu. Izan ere, globalizazioaren parte da mugikortasunaren biderkatzea, komunitate bizitzaren lausotzea, eta hizkuntza praktika berriak sortzea. Praktika berri horiek hizkuntza nagusienen alde jartzen dute balantza, euskararen kasuan, bereziki gaztelera eta frantsesaren alde egiten badu ere, gero eta gehiago, baita ingelesaren alde ere. Mugikortasun handiari, gainera, bizitzaren digitalizazioa gehitu behar zaio. Bizimoduaren parte handi bat trepeta teknologiko berriei lotuta egiten dugu, pantailen bitartekaritzaz, eta horiek ere, arestian aipaturiko hizkuntza hegemonikoetan datozkigu. Halaber, testuinguru honetan gure gizartearen osaera soziodemografikoa ere asko aldatzen ari da, eta gero eta gehiago dira euskal herritar berriak, beste hizkuntza batzuekin datozenak.
Abiaburuan esan bezala, faktore guzti hauek aintzat hartuta, azaroan euskara eta euskal hiztun komunitatea «larrialdi linguistikoan» daudela adierazi genuen Kontseiluko kideok. Ez zen arrangurarako deia izan, baizik eta euskararen normalizazio eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa emateko modua. Auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzeko aldarria.
Gauzak honela, euskararen normalizazio eta biziberritzeak erronka handia du esku artean. Eta bultzada sozial handia beharko da erronka hori euskararentzako aukera bihurtzeko. Iazko uskararen Egunaren testuinguruan, urrats bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra aldarrikatu genuen Kontseiluko bazkideok, eta 2025a euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat urte garrantzitsua izango dela iragarri genuen. Alde batetik, akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean sendo ari garelako eta lehen emaitzak badatozelako. Zentzu horretan, erakundeei, eta eragile sozial eta politikoei dei egin genien euskararen auzia, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko. Bestetik, herritarrak gonbidatu genituen euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen arnasa berri horren kide eta bultzatzaile izatera. Abendurako ekimen sozial handi baten proposamena egingo genuela iragarri genuen.
Hain zuzen ere, horretara gatoz: herritarrei egindako gonbidapen hura berritu eta zehaztera. Izan ere, sinetsita gaude euskarak behar duen Pizkunde berria gure historia sozial garaikideko beste kinka larrietan bezala herritarren kidetza eta bultzadatik etorriko dela. Horregatik, 2025eko abenduaren 27an milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldia egingo dugu Bilbon, Bilbao Arenan, euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urratsa. Beraz, euskaltzale guztiei, baina, oro har, justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurrera egin eta dibertsitatea bermatu nahi duten herritar denei, beren egutegian abenduaren 27a ondo markatzeko eta egun horretan gurekin egon, eta euskarak behar duen Pizkunde berriaren parte izateko deia egiten diegu.
Ekitaldi hori, Pizkunde horretarako bidean etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiaburu izango da, eta garrantzitsua da lehen urrats hori sendo ematea. Bagoaz larrialditik arnasa berritzera. Elkarrekin egingo dugu bidea.
ZER DA KONTSEILUA?
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen aldeko bilgune nagusiena da. 1997an sortu zen, eta gaur egun euskalgintzako 31 gizarte eragile garrantzitsuk osatzen dute, besteak beste, AEK, Elkar,
Ikastolen Elkartea, Berria, Taupa Mugimendua, Elhuyar, Emun, Jakin, IKA, Bertsozale Elkartea, EHIGE, Errigora eta EHEk (ikus bazkideen zerrenda). Euskararen lurralde osoan egiten du lan,
eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea bultzatzeko herri ekimenetan zein hizkuntza politiketan eragitea du xede.
Abenduaren 27an euskarari arnasa berri bat emateko ekitaldia egingo du Kontseiluak Bilbon