Abenduan Orkoienen izan ginen
Abenduan Orkoienen izan ginen –
Abenduan Orkoienen izan ginen udalak euskararen ordenantzari egin nahi zizkion aldaketak salatu eta atzera bota ditzan eskatzeko. Izan ere, udal zerbitzuetan zein jardueretan euskararen erabilerari zegozkien hainbat artikulu atzera botatzeko proposamenak, Orkoiengo herritarren hizkuntza eskubideak mugatzen ditu, zerbitzuak eta informazioa euskaraz jaso ahal izateko berme oro ezabatuaz.
Honi lotuta, alkateak euskara ulertzen zutenak pribilegiatutzat jo zituen udalbatzan, baina sareetan bolo-bolo ibili den esaldiaz gaindi, egun Espainiako senatuan dagoen Javier Remirez jaunak adierazpen horiek justifikatzeko botatakoak ere ez dira gutxiago izan.
Remirez jauna: euskararen ordenantzaren helburu nagusia erakunde publikoei dagokien betebeharren barruan eta Nafarroan gutxiagotutako hizkuntza izanik, Orkoienen euskararen erabilera sustatzea da. Beraz, egungo errealitate soziolinguistikoa eraldatu eta euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko ordenantza izan behar da, egun dugun hiztun kopuruak ezin du etorkizuna mugatu. Bestalde indarrean dagoen ordenantzak, udalak euskara eta gaztelania erabili eta zerbitzuak euskaraz ere eskaintzeko neurrietan du oinarria, euskara sustatu arren, zerbitzuak gaztelaniaz jasotzea beti bermatu duelako udalak (ez ordea alderantziz).
Beraz, nahikoa da erakunde publikoetako ordezkariek mendeetan gutxituak eta zokoratuak izan diren hizkuntza eta herritarrekiko duzuen jarrera legitimatzen jarraitzeaz. Ekitate politikak eta giza eskubideak pribilegiatuak direla esatea gizarte erantzukizunaren kontrakoa da. Euskara ezagutu edo ez, herritarren eta hizkuntzen berdintasunaren aitortzaz ari garelako.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko urtarrilaren 23koa]