539. kilometroa
539. kilometroa –
Zin dagizuet entzuleok! Oraindik ere borborrean jartzen zait bihotza Korrikaren irudiak, Korrikaren uneak gogora ekartzen ditudanean. Itzela izan da, bai. Norbaitek pentsatuko balu pandemia batek herri gogoa apalduko lukeela, jai zuen. Norbaiteko pentsatuk balu epaitegietako oldarraldiek edo ikusgabetu nahi gaituzten politikek etxean utziko gintuzketela, jai zuen.
Eta, zer esan Nafarroan ikusitakoaz edo bizitako uneez. Zein irudi epikoak herritarrak elurpean furgoneta bultzatzen ikustea, zein irudi ederrak Erriberatik. Idatzi eta oilo-ipurdia azalean. Eta izan ziren bai euskararen aldeko batasuna erakusten zuten kilometroak, esaterako, gehiengo sindikalaren kilometroa, edota 539. kilometroa. Bai, Nafarroako Parlamentuko hainbat alderdi politikok 539. kilometroa elkarrekin egin zuten.
Halere, ongi dago gogoratzea aurten Korrikak HITZEKIN jardutera gonbidatu gaituela. Hau da, hitzetatik ekintzetara jauzia egiteko deia egin zaigula, eta beraz, 539. kilometroa egin dutenei ere hitzetatik ekintzetara jauzia egiteko deia egin nahi diet. Maiatzaren 7an Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa antolatu du Nafarroako Gobernuari herritarrak mespretxa ez ditzan eta guztiontzako eskubideak bermatzeko moduko politikak gara ditzala eskatzeko. Hartara, 539. kilometroa egin zutenei eskatu nahi diet presioa egin dezatela, Gobernua baldintza dezatela prestatzen ari diren dekretuak marra gorri onartezinak gaindi ez ditzan. Guztiok, elkarrekin, hitzekin!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko apirilaren 12koa]