Euskara, 4. hizkuntza Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak egiten

Gaika antolatuta dago zerrenda: 2.000 biografia, geografiako 1.000 artikulu edo zientzia fisikoetako 1.350 artikulu. Eztabaidaren bidez erabakitzen da zer sartu eta zer atera, maiz konplexua den erabakia. Hala ere, Wikipedien arteko alderaketa egiteko balio du zerrenda honek. Existitzen den artikulu bakoitzagatik 2 puntu ematen dira; 8.000 bytetik gorako artikulu bakoitzagatik beste puntu bat; eta 16.000 bytetik gorako artikuluak laugarren puntua lortzen du. Guztira, beraz, 40.000 puntu lortu daitezke. Wikipedia bakoitzak lortutako puntuekin egiten da hilabetero sailkapen bat. Orain urtebete erronkari heldu genion: posible al da euskaraz artikulu guztiak edukitzea, ahal bada luze? 2021eko abenduan 33. postuan zegoen euskara hizkuntza guztien artean, eta 1.324 artikulu falta zitzaizkigun osatzeko.

Lehiaketaren bidetik ekin genion erronkari. Hilabetero gaietako bat hartu genuen (historia urtarrilean, artea otsailean…) eta saiatu ginen hor zeuden hutsuneak betetzen. Uda osoan zehar biografiak osatzeari ekin genion, bi hilabetez. Urrian eta azaroan unibertsitateko ikasleak batzen saiatu ginen, eta abenduan falta zitzaizkigun artikuluei bigarren aukera eman genien. Ez ziren gutxi, izan ere abenduaren 1ean 378 artikulu genituen egiteke. Eta, zailena, horietako asko matematika eta fisikako gai aurreratuak, itzultzen zailagoak direnak.

Baina lortu dugu. LORTU DUGU! Elkarlanean, bakoitza bere aldetik, baina guztiok batera. Eliak eskaintzen digun itzulpen sistema bikaina baliatuz, askok. Hilabete mugitua izan dugu, baina erronkari heldu genion eta orain arte honakoa lortu duen laugarren hizkuntza gara.

.

Postuetan gora

Postuetan gora egin dugu, noski. 33. hizkuntza ginen urte hasieran, 23. hizkuntza gara 2022ko abenduaren 16ko neurketan. Azken egunetako sprint honek ere eragina izango du, eta ziurrenik 20. hizkuntza izango gara 2023ko urtarrilaren 16an rankinga gaurkotzen denean. Laburrean, urte batean hazkuntzarik handiena izan duen Wikipedia gara, hamar postu gora, %10,37ko igoera puntu kopuruan. Grafiko honetan ikus daiteke hizkuntza bakoitzaren eboluzioa, urte osoan zehar (gorriz, euskara).

Euskara, 4. hizkuntza Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak egiten

Laburrak luzatzeko erronka

Artikulu guztiak izatearen erronka lortu dugu, baina badugu beste erronka bat: artikulurik laburrenak luzatzea. Artikuluen artean bi heren, 8.000 byte baino laburragoak dira. Eta (hau idazterakoan), 881 artikuluk 1.000 byte baino gutxiago dute. Gure hurrengo erronka izango da horiek luzatzea, pixkanaka, elkarrekin, auzolanean.

Euskara, 4. hizkuntza Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak egiten

Gaiaren arabera ikusten da batezbestekoa batzuetan luzea bada ere, mediana ez dela hain luzea. Artikulu laburrek pisu handia dute. Badugu, beraz, nondik hasi hobetzen. Hurrengo grafikoan ikusten da xeheago artikuluen luzeraren banaketa nolakoa den.

Euskara, 4. hizkuntza Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak egiten

Zuk ere lagundu dezakezu

Zuk ere lagundu dezakezu helburu honetan. Zerrenda honetan dauden artikuluak luzatzen, adibidez. Artikulu hauek rankingean “labur” gisa hartzen diren guztiak dira. Hau idazterakoan 6.574 artikulu daude kategoria horretan. Zenbat izango ditugu 2023aren amaieran? Baietz 5.000tik behera izan!

Euskara, 4. hizkuntza Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak egiten

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.