30 musker
30 musker –
Kanonikoa da soziolinguistikan corpus eta estatus plangintzen bereizketa. Blog honetan bigarrena landu dut batez ere (adiera zabalean ulertuta estatus plangintza, noski). Eta, bere sasoian, pelma samar ibili nintzen estatusa corpusaren gainetik ipintzen. Gaur egun, ostera, iruditzen zait bi plangintzek uste duguna baino elkar eragin handiagoa dutela, likidoa dela hein batean bien arteko bereizketa zurruna (badirudi 31 eskutik blogeko artikulua idazten ari naizela, baina ez; badaezpada, hala ere, jarraitu blog kolektibo zoragarri hori).
Eta zertara dator hau? Ba, Brassic izeneko telesaila ikusten ari gara Primeran plataforman (hirugarren denboralditik goaz) eta itzela iruditzen ari zaidalako kale hizkera gurera ekartzeko egindako ahalegina. Eta horrek berriro ikus-entzunezkoek hizkeretan eragiteko duten indarra berresten dit. Esamoldeak zientoka ditu serieak: muskerrak, kakamokordoak, kabenzotzak,…
Guri ere gaztetan eragiten zigun telebistak (eta musikak). Haserre geundenean eulixa najak esaten genuen, zeozer txarto irtendakoan pikutara pakea, ados esateko txatxi bederatzi,…
Behar ditugu ikus-entzunezko propio eta itzuliak, esan-indarra dutenak, berba berriak asmatu eta popular bihurtuko dutenak, euskaratik zein euskaraz, gazte eta ez hain gazteontzat, euskalkietatik edaten eta beste hizkuntzetatik, kaleko hizkeratik eta bertsoetatik.
Ba hori, 30 pabo esan beharrean ez al da hobe 30 musker pop bihurtuko balitz?
30 musker