22an Tuterara zonifikazioaren aurka
22an Tuterara zonifikazioaren aurka –
35 urte igaro dira jada 1986an Nafarroako Parlamentuak Euskararen Foru Legea onartu zuenetik. Legeak euskararen zonifikazioa inposatu zuen, Nafarroa hiru zona linguistikotan zatituz, zonaren arabera euskararekiko hizkuntza-eskubide batzuk onartuz ala ukatuz. Zatiketa hura guztiz baztertzailea izan zen, nafarroi herrialdearen udalerri batean ala bestean egon eskubide batzuk onartzen baitzitzaizkigun, ala ez. Beste edozein gairekin horrelako zonifikaziorik ezarri izan balitz eskandalu bat izango litzatekeena, euskararen aurka eta nafarron euskaraz bizitzeko eskubidearen aurka inposatu zuten. Imajinatzen duzu nafarron lan-eskubideak edo hezkuntza-eskubideak edo osasun-eskubideak zonaka zatituta Nafarroa barnean? Horrelako gairen batekin zonifikazioa egitea edozein nafar progresistarentzat onartezina izango zena, euskararekin eta nafarron hizkuntza-eskubideekin egin zuten.
Injustizia hori indarrean jarri zenetik ia lau hamarkada igaro dira jada beraz. Lau hamarkada herritarren eskubideak urratuz. Lau hamarkada Nafarroako hizkuntza zokoratuz. Lau hamarkada nafarron zatiketa eta bereizkeria sustatuz. Horixe baita indarrean dagoen Euskararen Legeak ezartzen duena. Beste modura esanda, euskararen zonifikazioa zuzen-zuzenean nafarron berdintasun, kohesio eta elkarbizitzaren aurkako erabakia da; guztiz antidemokratikoa den erabakia.
Zonifikazio bidegabe horrekin behingoz amaitzeko, iaz Hordago! herri-ekimena abian jarri genuen hainbat herritarrok. Cortesen egin genuen agerraldian, adierazpen baten bitartez Erriberako herritar talde handi batek erran genuen bazela garaia “aurrerapausoak emateko edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, foru lurralde osoan euskara ezagutu edo ikasteko eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko”. Hau da, euskararen zonifikazioarekin amaitzeko garaia dela.
Justiziazko aldarri hori helburu, herriz herri herritarrak informatu eta Hordago! ekimena ezagutzera ematen ari gara hilabeteotan. Erriberatik hasita Nafarroako iparraldera. Eta Hordago! herri-ekimen irekia eta askotarikoa izanik, bere helburuarekin bat egiten duen nafar oro bertan parte hartzera gonbidatzen ari gara. Horregatik, zu zeu gonbidatu nahi zaitugu ere Hordago!-n parte hartu eta bere ekimenekin bat egitera. Zonifikazioarekin amaitu nahi duen herritar ororen ekarpena behar dugu, lege aldaketa eragingo duen dinamika zabala eta gero eta handiagoa garatzeko.
Orain, urrats mobilizatzaile bat emateko unea dela uste dugu. Hordago berri bat botatzekoa, oraingo honetan Tuterako kaleetan. Horretarako manifestazioa deitu dugu urriaren 22rako bertan. Eta zonifikazioarekin amaitzeko erantzukizuna dutenek ozen entzungo duten hordago ahaltsua izan dadin, herritar oro manifestaziora etortzeko dei egiten dugu, bereziki Erriberako eta orohar “ez-euskaldun” izendatu duten eremuko herritarrak. Ezeren gainetik herritarron eskubideak baitira zonifikazioarekin urratzen direnak.
Nafarroan inolako bereizkeriarik gabe bizi nahi baitugu, baita arrazoi linguistikoengatik sorturiko diskriminaziorik gabe ere. Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu; berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan; eta lurralde horretan eskubide berdinak izanen ditugu une orotan, Nafarroaren zein zatitan gauden kontuan hartu gabe. Herritarren kohesioa sustatuko duen lurra izanen da hori; herritarrak hizkuntzaren arabera mailakatuko ez dituena; hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuko duena; eta aniztasun hori mehatxu gisa hartuko ez duena, aberastasun gisa baizik.
Beraz, urriaren 22an zatoz Tuterara, Zonifikazioari hordago! Gora euskara Cortestik Berara aldarrikatzera.
22an Tuterara zonifikazioaren aurka