2025eko Nafarroa Oinez dendaren irekiera
2025eko Nafarroa Oinez dendaren irekiera –
2025eko Nafarroa Oinez dendaren irekiera
Paz de Ziganda Ikastolak gaur ireki du Oinez denda izango dena. Lokala Atarrabiako Kale Nagusian dago, eta zabalik egonen da 17:00etatik 20:00etara ostegun eta ostiraletan, eta 10:30etik 13:00etara larunbatetan.
17:30ean abiatu dira Paz de Ziganda ikastolako erraldoiak, guraso eta ikasleek lagunduta, kalejiran, ikastola bertatik inaugurazio ekitaldiari hasiera emanez. Material, Muntaia eta Grafismo Batzordeetako kideak esfortzu eta ilusio handiz lanean aritu dira egun honetan dena prest izateko. 18:00etan heldu da kalejira alaia, azkenean, berariazko inaugurazio-ekitaldiari hasiera emateko.
Maider Nuin ikastolako lehendakariak eta Iñaki Erroz zuzendariak bertaratutakoen babesa eskertu dute denda irekitzean. Arrasate familiari ere eskerrak eman dizkiote, 2010. urtean bezala, Atarrabiaren bihotzean dagoen lokal bera utzi baitu. «Zuen laguntzari esker, gure hezkuntza eredua eta euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa bultzatzen jarraitu ahal izango dugu», adierazi du lehendakariak.
Era berean, Iñaki Errozek «Buruz, Bihotzez, Oinez» leloarekin agurtuz hasi du bere hitzaldia. Zuzendariak pozik aurkeztu die bertaratutako guztiei Nafarroa Oinezeko batzordeetako bolondres guztien ahaleginari esker sortutako material ugaria, askotarikoa eta koloretsua. «Hau guztia gure hezkuntza eredua bezalakoa da: euskalduna, kooperatibista, elkarlanaren bidez sortua», aipatu du Iñaki Errozek.
Arrosa, berdea eta horia izan dira protagonistak. Kolore biziak, sortzaileen arabera, talde lana bultzatzen, alaitzen eta uztartzen dutenak. Ekitaldia amaituta, dendara sartu ahal izan dira material berria ikusteko: kamisetak, kirol-jertseak, botilak, oihalezko poltsak eta abar. Antolatzaileek adierazi dutenez, denda ostegun eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara irekiko dute, eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara.
Horrez gain, Eguberriak direla eta, dendak egun eta ordutegi zabalagoa izango duela jakinarazi dute: abenduaren 16an, 17an eta 18an, 17:00etatik 20:00etara; abenduaren 23an, 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 24an, 10:30etik 13:00etara.