“Euskara, bestela ez gara” 2019ko hitzaldi zikloa Zumaian
“Euskara, bestela ez gara” 2019ko hitzaldi zikloa Zumaian –
Urtero bezala, euskararen inguruko hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udalak. Otsailaren 20an hasi eta martxoaren 13ra bitartean, guztira 4 solasaldi eskainiko ditu Alondegiko Oxford aretoan eta guztiak 18:30ean hasiko dira.
Aurten honako hitzaldi hauek eskainiko dira:
Otsailaren 20an Ianire Flores eta Asier Arakistain arituko dira hizlari, Euskara lan munduan. GKNren esperientzia gaia hartuta. Zumaiako GKN enpresan izandako euskararen bilakaeraren inguruan hitz egingo dute. Euskara Batzordearen sorrera, lehen pausoak, ondoren egindakoak, etab. Horrela, lehen non zeuden eta orain non dauden azalduko dute.
Otsailaren 27an Edurne Azkarate aktorea etorriko da, Erreferentziak edo inertziak? Erreferentziak eta inertziak hitzaldia ematera. Artea eta denbora-pasa bereizten geroz eta zailagoa den gizarte frenetiko honetan, zer toki dauka euskal antzerki garaikideak? Sortzen dugun kulturak islatzen al du gure herria? Prekarietatea, herrigintza, ikerkuntza sistema, erreferenteak… Antzerkigintzaren biziraute soiletik sendatze eta sendotzera.
Martxoaren 6an EUSKARALDIA Euskaltzaleak saretzeko bidean izenburuko hitzaldia emango du Arrate Illarok, ekimenaren koordinatzaile aritu denak. Euskaraldiaren helburua herritarrak eguneroko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aktibatzea izan da. Bidea duela ia bi urte hasi zuten, ordea, aldez aurretik piztutako txinpartei esker. Lorpenak ikusita, egindakoaz eta hura egiteko moduaz hausnartuta, aurrera begira jartzeko ariketa egin behar da orain.
Martxoaren 13an Etorkizuneko Zumaia nola garatuko dugu euskaraz? izenburuko hitzaldia emango du Ibon Manterola zumaiarrak. Euskal komunitatearen biziberritze prozesua eta euskalgintza gaur egun zer egoeratan dauden aurkeztuko da lehendabizi. Ondoren, Eusko Ikaskuntzaren E5 egitasmoaren (“Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen”) helburuak, metodologia eta emaitzak zein izan diren azalduko da. Azkenik, Zumaian antzeko prozesu bat egiteko oinarri eta baldintza batzuk identifikatuko dira.