‘Euskal Kazeta’ albistari digital amerikarra sortu berri dute

Euskal Kazeta webgunearen azala
Euskal Kazeta webgunearen azala

AEBetako euskal komunitatea aspaldidanik ezaguna dugu –hara joan zirenetik esan daiteke-. Oso giza talde langilea dela hamaika aldiz entzuna dugu eta Euskal Herriko sustraiak ahazten ez dituztela ere bada aski jakina. Euskal Kazeta webgunea horren adibidea da, Nancy Zubiri kazetari euskal-amerikarrak zuzendua, Pierre Igoarekin elkarlanean. Nancy Zubirik “Travel Guide to Basque America” (Amerika euskaldunerako bidai gida) liburua idatzi zuen 1998an, Estatu Batuetan bizi den euskal komunitatearen historia oso era bikainean azalduz eta bertara doazenentzat bidai gida paregabea osatuz. Liburua prestatzeko bildutako informazio, irudi eta bideo guztiek milaka artikulu idazteko aukera eman zioten, baina, liburuaren edukia ez urardotzearren ez zituen jorratu. Hor hasi zen ernatzen Euskal Kazeta sortzearen ideia.

Webgunean munduan barreiatuta dauden euskal diasporen ingurukoak aurkituko ditu nabigatzaileak, AEBetako taldean enfasi berezia eginez. Pierre Igoa da webmasterra eta orain arte Kern County Basque Club-erako (Kern Konterriko Euskal Taldea) egindako lanari esker argazki eta bideo asko dituzte albistari honetan publikatzeko.

Ekainaren 14an hasi zen webgunea funtzionatzen eta irakurleen aldetik erantzun pozgarria jaso du. Euskaldunok interneten egin behar dugun lanaren adibide bikaina Obamaren herrialdetik egin dutena.

Bukatzeko, eta anekdota gisa: Obama hitzak, Afrikako Fang etniakoen hizkuntzan arranoa esan gura du; Arrano Beltza beraz. Agian horrek piztu arazi die sugarra Atlantikoaz bestaldeko geure herrikideei.

Kazetaria.