Zurekin ez, baina zu barik ere ez
Aitortu behar dut Javier Bilbaoren artikulua gazi-gozoa iruditu zaidala. Uste dut askapen sexuala sustatu dituzten mugimenduek egindako ekarpenek on egin digutela gure arbasoek zeuzkaten muga mentalak hautsi daitezen eta horri esker sexua aintzinean baino libreago bizi dezakegu. Adibidez, homosexualitatea ez dago zigortuta eta jendeak onartu du gizon bi edo emakume bi batera atera daitezkeela, oro har. Orain dela 50 urte hori pentsatzea ezinezkoa zen. Dibortzioari buruz berdina esan dezakegu.
Atzerakoia den jendea alde batera lagata, sarritan garai berriek eskeinitako askatasuna txarto ulertu dugula pentsatzen dut eta zentzu horretan bat nator egilearekin. Gauza asko daude zuzentzeke, nahaste-borrasteak bide batez. Adibidez, hamaika emakume/ gizon oheratzearren ez gara, berez, libreago edo zoriontsuago izango (kontrakoa sarrarazi nahi badigute ere). Era berean, bikotekide izateak ez gaitu, berez, kontrakora bultzatzen; hau da, pertsona batekin maitemintzeak ez gaitu menpeko bihurtzen.
Hortxe dago gazia den puntua, izan ere, egileak aditzera eman duen bezala, auzi honek ez dauka konponbide erraza, ez baitago korapilo hau askatzen duen makila magikorik. Berbarako, ezkonduta egoteak edo bikotekide izateak ez dizkigu, berez, bizitzan ditugun arazoak konponduko; ez eta bakarrik egoteak ere. Gainera, aukeren artean hautatzean datza askatasuna; betiere geure hautuen ondorioak onartuz. Ez gara esaten duguna, egiten duguna, baizik.
Finean, askeago izateak hauxe ekarri digu: nork bere baitan bilatu behar du zer komeni zaion unearen arabera eta erabaki zer egin, horrek dakarren guztiarekin (alde onak zein txarrak). Beraz, geure buruaren jabe bihurtzen ari garela- eta geuri dagokigu hautatzea nola bizi. Hauxe da erronka eta geure burua babesik gabe ikusteak beldurra ematea normala da. Orain ez dago geure ordez erabakiko duenik, ezta geure hutsaren erantzunkizuna leporatuko diogunik ere.