Zundaketak gelditzea, gakoa
Zundaketak gelditzea –
Iazko udaberrian, Sakanan, Izan eta Goierrin AHTaren obrendako zundaketa geologikoak egiteko eskaera uholde bat sartu zen zonaldeotako udaletxeetan. Sakanan, osotara 15 zundaketa egiteko eskaera egin zituzten udaletan, Erroztik hasita Olaztiraino. Berri larria izan zen hura, izan ere, STOP AHT zundaketak ekimena osatzen dugun taldeok uste baitugu zundaketak AHTaren obren izatezko hasiera direla. Orain arte egindakoa ez da alferrikako lana izan. Zundaketa-lanek urtebeteko atzerapena omen daramate Garraiobideen Estatu Idazkariak berriki adierazi duenez. Haren ustez, arazoak dituzte azterketa hauek egin ahal izateko udaletxe zein partikularren aldetik egondako planto irmoa dela eta.
Lur publiko zein partikularretan egin nahi dituzten zundaketa hauekin 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak atera nahi dituzte. Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan, zundaketa hauek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar. Herritarron iritzia zundatu ordez, etekina besterik lortu nahi ez duten horiek lurrak, mendiak, bazkalekuak eta errekastoak zundatzen dituzte, hauek birrintzeko asmoz.
Krisi klimatikoa, ekonomikoa eta soziala gogor jotzen ari den momentu honetan, krisia bera areagotzen eta inolako funtzio sozialik beteko ez duen azpiegitura batean dirua xahutzen ari dira, hots, orain arte 215 milioi euro baino gehiago. Gainera, ezin dugu ahantzi muga teknikoengatik merkantziarik eraman ezingo dituen AHTak funtzionamendurako energia kontsumo handia beharko duela, ohiko trenarena baino askoz handiagoa, eta honek bestelako makroazpiegiturak ekarriko dituela eskutik nahitaez gure ingurura, energia kontsumo neurrigabe honi aurre egin ahal izateko. Obrek, gainera, ehunka hektareako herri lurrak eta laborantza lurrak galtzea ekarriko dute, CO2 isuriak gora egitea, babestutako eremuak eta biodibertsitatea kaltetzea eta egungo trenbide azpiegiturak hilzorian uztea, jadanik honen guztiaren zantzuak argi ikus daitezkeelarik.
Udazkenean Lakuntza eta Arbizu artean egin genuen bezalaxe, oraingoan Errotz, Izurdiaga eta Urritzola artean dauden lau zundaketa puntuak ezagutzera joateko mendi martxa antolatu dugu, Ekainaren 8rako, gure eskura iritsi den informazioa herritarrekin partekatzeko. Horrez gain, martxan jarri genuen zundaketen aurkako protokoloak indarrean darrai. Zundaketa baten berri izanez gero, lehenik eta behin, herriko Udalarekin kontaktatzea ezinbestekoa da, aholkularitza jaso ahal izateko. Ondoren, AHT Zundaketarik Ez ekimenarekin harremanetan jartzeko deia egiten dugu honako telefono zenbakian: 656711130.
Ez dugu gure etorkizuna Sakanaren errealitatearen inguruan tutik ere ulertzen eta ulertu nahi ez duten enpresari batzuen esku utzi nahi, porlan, harri, legar eta abarrez beterik ikusiko duguna ez buru ez hanka ez duen makroproiektu honekin. Oraindik badugu zundaketak gelditzeko aukera. Orain da momentua indarrak batzekoa eta azpiegitura txikitzaile honen aurrean herritarron gaitzespen irmoa adieraztekoa.