Zuberoako Pedronia etxaldeak hartuko du Baserriko Uztaren udazkeneko edizioa
Zuberoako Pedronia etxaldeak hartuko du Baserriko Uztaren udazkeneko edizioa –
- Anita Duhau laborariak ahuntz gasna ekologikoa lantzen du Lohitzune-Oihergiko Pedronia etxaldean, eta bertako ekoizpena ezagutzera emango du
- Agroekologia eta musika uztartzen dituen ekimena da Baserriko Uzta. Udazkeneko aldi honetan, Maddi Oihenart eta Claudine Arhancetek kantaldia eskainiko dute bisitarientzat
Baserriko Uzta ekimena Zuberoako lurretan murgilduko da urriaren 12an, Lohitzune-Oihergiko Pedronia etxaldea ezagutzeko. Agroekologia eta musika uztartzeko eguna izango da, egitarau betearekin.
Pedronia etxaldeko ekoizpena bertatik bertara ezagutzeko bidea eskainiko da, eta jaki agroekologikoak dastatzeko aukera bikaina izango da. Izan ere, laborantza agroekologikoaren berri emateko asmoz antolatzen du EHKOlektiboak Baserriko Uzta, eredu horren aldeko komunitatea sendotzen joateko norabidean.
Lohitzune-Oihergiko larre berde eta zabalen artean kokatzen da Pedronia. Ingurune ikusgarri bezain lasaia da, eta han lan egiten du Anita Duhauk 2000. urteaz geroztik. Baserria eskuratu, eta larreak Lurzaindiaren bidez lortu zituen; elkarte horrek lurrak laborantzarako babesteko ekarpena egiten du, erosi eta gero laborariei alokairuan eskaintzeko. Pedronian, Piriniar arrazako ahuntzak hartu zituen Duhauk, eta emeki-emeki taldea handituz joan da, oraindik ere ttipìa izanagatik. Gaur egun, 60 bat ahuntz zaintzen ditu -arriskuan den arraza delako hautatu zuen-, eta haien esnearekin gasna ekologikoa ekoizten du, hiru erakoa: freskoa, erdi-idorra eta idorra. Gero, Donapaleuko ostiraletako merkatuan, salmenta zuzeneko AMAP saltokietan eta inguruko denda ttipietan saltzen du.
Izaera soziala
Horrez gainera, bere proiektuak izaera sozial nabarmena du, hainbat elkarterekin kolaboratzen duelarik: adibidez, laguntza beharra duten pertsonentzako aterpe izan da sarri. “Pertsona bat ez badabil ongi buruz edo bihotzez, baserrian bizitzeak on egiten dio, izugarri ona da arimarentzat”, azaldu du Duhauk. Bestalde, lanbidea partekatzen dutenei ateak irekirik, artzain berrien ikastegi ere izan ohi da Pedronia.
Beraz, Duhauren proiektua ekoizpen ekologikotik harago doa, EHKOlektiboaren oinarriak bezala. Izan ere, elkarteak tokikotasuna eta ekonomia sozial eta solidarioa ere jorratzen ditu, maneiu ekologikoaren ardatzaz gainera. Hainbat balio edo irizpide hartzen ditu kontuan: lurraren zaintza, bioaniztasuna, harreman ekonomiko duin eta bidezkoak garatzea, genero berdintasuna sustatzea, merkaturatze bide laburrak sortzea eta bertako hornitzaile eta zerbitzuak erabiltzea, besteak beste.
Egitarauan, Oihenart eta Arhanceten kantaldia
Bisita gidatuarekin hasiko da eguna, eta ondoren hamaiketako berezi bat dastatuko dute bertaratzen direnek. Kantaldiaren txanda etorriko da gero: Maddi Oihenart eta Claudine Arhancet abeslariek emanaldi hunkigarria eskainiko dute. Eguna borobiltzeko, mahaiaren bueltan elkartuko dira partaide guztiak, jaki agroekologikoekin osaturiko menu eder batez gozatzeko.
Baserriko Uztan parte hartzeko, urriaren 6a orduko izena ematea beharrezkoa izango da, EHKOlektiboaren webgunean hurrengo formularioa beteta: IZENA EMAN
Zuberoako Pedronia etxaldeak hartuko du Baserriko Uztaren udazkeneko edizioa