Zoru etikoaz hitz bi
Zoru etikoaz hitz bi
Arkaitz Bellonen heriotzaren ostean (goian bego), badira “zoru etiko” delakoari trufa egin diotenak. Arrazoirik ez zaie falta, izan ere, ustez estatu demokatriko eta eredugarria den Espainak ez baitu Bellonek berak salaturiko tratu txarrak ikertzeko esfortzurik egin ere, ezta entzungorrarena egin duela disimulatzeko ere. Bellonen heriotza naturala gerta zitekeen, baina testuingurua bera salagarria zen (eta izaten jarraitzen du), ez bakarrik sakabanaketak senide eta lagunengan dituen ondorio mingarriengatik. edota jasotako tratu txarrengatik, baizik eta zigorragatik beragatik: 13 urteko kondena kale borrokako ekintzetan parte hartzearren gehiegi da, are eta endemasago Nagore Laffageren hiltzaileak jasandako penarekin alderatuta (adibide arruntena aipatzearren).
Hala eta guztiz ere, egoera nahiko aldrebesa iruditu zait, izan ere zoru etikoari barre egiten diotenak urte askotan “zoru” hori zerga iraultzailea eta Goma 2ren bitartez zulatzen zutenen aurrean ezer gutxi esan dutenak izan baitira. Baiki, ETAren “ekintzak” gertatzen ziren bakoitzean “gatazka” hitza “ekintzak”, jutifikatzeko- edo, aipatzen zutenez ari naiz. Izan ere, egia da ETAk bere borondatea erakutsi duela bere jarduera armatuari finiera emateko, baina ezin dugu ahaztu ETA ez zegokeela bizirik hainbat urtez bere ekintzak zurituko zituenik izan ez balitz. Beraz, nahiko kuriosoa da hainbat urtez besteen eskubideei trufa egin zietenak “zoru etikoa”ri barre egitea, euren ekinbidea duinago bailitzan. Oraingoan arrazoi nahikoak badituzte ere, iraganari beha zinikoa gertatzen zait, benetan.
Ñabarduraz ñabardura, baikor agertu nahi dut. Errepika dezadan, ETAk armak uzteko borondatea erakutsi berri du eta Sortuko ordezkariek ETAk hildako batzuen omenaldietan parte hartu dute. Hori gutxi balitz, Bilboko manifestazioak, non alderdi eta sindikatu abertzaleek bat egin zuten, eta 40ak libre ekimenak, non Jesus Eguigurenek eta Rafaela Romerok auziperatuen alde sinatu duten, argi eta garbi erakusten dute garai berri batean gaudela. Aipatutako urratsak ez dira nolanahiko kontuak. Aitzitik, nik uste dut elkarren errekonozimendua eta autokritika jorratu beharreko bideak direla elkarbizitza sustatzeko; horiek baitira ezinbestekoa zaigun zoru etikoa ehundu dezaketen euskarriak. Eta hori ez zait barregarria gertatzen.