Zori gaitzari ekuru eta onari haiduru

Zori gaitzari ekuru eta onari haiduru – 

Zori gaitzari ekuru eta onari haiduru

Nazio batek bere independentzia lortzeko hainbat bide daude. Oinpean duena baino indartsuago izatea da horietako bat, baina bistan da aukera hori teorikoa dela praktikoa baino, oinpean dagoena, ahulago izateagatik dagoelako oinpean hain zuzen ere. Ahulago dena indartsuago bilakatzea nekez gertatzen den kontua da eta izan ere esan daiteke ez dela inoiz gertatzen ingurugiroa egonkorra denean. Egonkortasuna kolokan ipintzen denean baino ezin da gertatu.

Gure gizaldian gure inguruan desegonkortasun egoera bakarra ezagutu dugu, hots, Berlingo harresiaren eraispenak irudikatu zituen Soviet Batasunaren gainbehera eta Gerra Hotzetik AEBen nagusitasun osorainoko igarobidea. Lur-ikara horren itzalpean sortu ziren Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Kroazia, Serbia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro, Mazedonia, Kosovo eta Soviet Batasunaren zati izandako estatu sorta berri nabarra. Hain zaila zirudiena bat-batean hain erraz nonahi ikusten dugu agitzen, horretarako egoera egokia agertzen denean. Geopolitika esaten diogu ingurugiroaren egoera horri.

Berlingo harresiaren eraispenak ez zien mesede egin gurea bezalako herriei, garaileen alderdian geundelako, eta nazio txikiagoen independentzia sustatzea, galtzailea ahultzeko egin ohi delako, zorioneko geopolitika horren izenean. Eta garaileen alderdian gaudeno, testuinguru geopolitikoak ez du gure independentziaren alde egingo. Ez gu, ez Katalunia, ez Korsika eta ez Eskozia, ez gara burujabe izatera iritsiko testuinguru geopolitikoa aldatzen ez den artean. Horregatik burujabetzarako ahalegin nagusia une honetan herrigintza eta naziogintzari eustea da, hizkuntza eta kulturari eustea, nortasunari eustea, gauzak aldatzen direnean independentzia eskuratzeko nahiaren garra zoli eta bizi egon dadin.

Hori, eta, datorren testuinguru geopolitiko berriari egokitzen lehenbailehen hastea, ahalik eta gure aldekoen bihur dezagun. Ukrainiako gerraren inguruan gertatzen ari den iraultza geopolitikoa, AEBen eta “Mendebaldea” deritzogunaren gainbehera iragartzen hasi da. Dolarraren indar galtzea nazioarte mailan, BRICS taldearen gorakada eta gertakari horien aurka militarki ezin ekina (Txina ez baita Libia edo Irak), ate joka dugun astindu geopolitikoaren iragargarriak dira. Hogeitamar urte barru luze jota, galtzaileen bandoan egongo gara eta garaileek egoki iritziko diote galtzaileak areago ahultzeko, hauen baitako nazio txikien independentzia sustatzeari. Gaur bertatik hasi beharko ginateke lanean, etorkizun hurbil horretako geopolitika berrian nagusi izango direnekiko zubiak eraikitzen eta era guztietako lotura eta konplizitateak jorratzen. Ea behingoz Historiaren hitzordura garaiz iristen garen eta ez ohi bezala azken putz.

Zori gaitzari ekuru eta onari haiduru

2 pentsamendu “Zori gaitzari ekuru eta onari haiduru”-ri buruz

  • Gure endekapen nazionalaren zantzu argia da ikustea nola kutsatu diren gure intelektualak hegoaldeko bizilagunen “kuñadismoarekin”. Berdin ematen dizkizute lezioak Irulegiko eskuaz edota geoestrategiaz pontifikatzen dute

  • Hik esaten duana nagusiz aldatzea besterik ez duk. Kate batzuk beste batzurengatik aldatzea. Errusia, Txina, Amerikar Estatu batuak, Espainia, Frantzia… Inperialismoa eta inperioak dira desegin behar ditugunak eta ez jabez aldatu.