Zientzia eta zientziari buruzko albisteak
Zientzia eta zientziari buruzko albisteak
Atzo telebistan izan nintzen, tertuliano. Egokitu zitzaigun gaietako bat DEIAk argitaratutako hauxe izan zen:
El alcohol deja huella en el ADN de los jóvenes, según un estudio de la UPV/EHU
Ez dut dudatan jarriko izenburua deigarria ez zuenik. Aldi berean hiru gauza zituen: alkohola (gabonetako guraso askoren kezka), gazteak (DEIAren irakurle “nagusi” askoren kezka) eta ADNan “lorratza” uztea, benetan larria ematen duen zerbait.
Telebistako atala prestatzeko artikulua irakurtzeari ekin nion eta, zinez, kostatu zitzaidan zer esaten zuen ulertzea. Nabarmena zen kazetariak ez zuela gaiaren inguruko inongo ezagutzarik (Europa Pressetik hartutako albistea dela esaten dute sarreran), eta ADN ordez artikulu osoan zehar AND idazteak kezka sortu zidan: zer esango ote du benetan artikuluak?
Zorionez gaur egun ez da zaila zientzia artikuluak eskuratzea. Nahikoa da http://scholar.google.com bilatzailean ezaugarri batzuk ondo jartzea (egileak, urtea, hitz gakoren bat…) eta hemen artikuluaren PDFa. Paperra irakurrita DEIAn agertzen zen albistea beste era batera interpreta behar zela argi zegoen. ADNan “lorratza” uzteak ez du harremanik gure ondorengoek izango dituzten ezaugarri genetikoekin, berez zelulen zahartzeaz gehiago hitz egiten du, eta bai ematen ditu datu kezkagarri batzuk: alkohol gutxi edanda ere (irudian “litroak egiten” agertzen badira ere) minbizia, Alzheimerra edo Parkinsona izateko aukerak handitzen dira. Hau da, artikulua benetan irakurriz gero, titularraren efektuaren azpian geratzen diren beste hainbat datu kezkagarri agertzen direla argi dago.
Zortea izan nuen, telebistan artikuluaren egilea ere izan baitzen, emaitzak azalduz. Oso emakume jatorra eta irakasle ona izatearen itxura duena, bide batez. Berak esan zidan, iragarkietarako tartean, “Nervión” doako egunkarian irakurri zuela albistea eta ez zuela oso ondo ulertu zertaz ari ziren. Hau da, ikerketa baten egileak ez zuen bere tesia ikusten bera aipatzen zuten artikulu batean. Esan zidanez inork ez zion galdetu artikuluaren inguruan ezer ere ez. Kazetariek ulertu ez zuten testu bat hartu, halamoduz laburbildu eta bere izena jarri zuten. Irakurleak interpretazio horretatik aterako duena, zuen kontu.
Benetan kezkagarria deritzot zientzia eta kazetaritzak duten harremana. Eta uste dut arazo nagusia ez dela erredakzioetan ez dagoela kazetari espezializaturik, baizik eta jada bigarren hezkuntzan ematen den egoera bat: zientzia ikasten dutenek Historia edo Filosofia ere ikasi behar dute (hizkuntzez gain, noski!), baina “letrak” ikasten dutenek ez dute fisika, biologia edo kimika ikasten. Historiari buruz ezer ere ez jakitea oso gaizki ikusia dagoen bitartean, Fisikari buruz tutik ere ez jakitea txalotzen da. Eredu hori sakontzen da Unibertsitatean, edo hala dela uste dut. Egia esan ez dut Kazetaritzan ikasten den guztia begiratu, baina susmoa dut oso gutxi izango direla Zientziari buruz ikasten dutenak. Eta eredu horrek isla du, ondoren, komunikabidetan: hanka-sartze historikoak, politikoak edo geografikoak oso zigortuak dauden bitartean, gutxi dira biologia edo kimikari buruz egindako akatsen nabarmentzeak. Berriro ere, estatistikak egin beharko lirateke, baina susmoa dut bigarrengoak askoz gehiago direla lehenengoak baino.
Badira, ordea, egoera honi buelta eman dioten hainbat blog eta komunikabide. El Paisek, adibidez, oso zientzia sekzio ona du asteazkenetan (edo bazuen, orain dela 13 urte El Pais asteazkenetan irakurtzen nuenean). Mala Prensa blogak ere adibide itzelak ematen ditu, batez ere zenbakien erabilera okerraz. Bada honen inguruan ere euskaraz argitaratutako liburu bat: “Zenbakirik gabe bizi“. Eta badago, bukatzeko, nire ustez aukerarik zintzoena: ikerketaren egilearekin hitz egitea, are eta gehiago EHUko ikerlaria denean, argitaratutakoa askoz interesgarriago egiteko.