Zertaz ari gara ekologismoaz ari garenean?

Zertaz ari gara ekologismoaz ari garenean? –

Zertaz ari gara ekologismoaz ari garenean?
Klima ez da gehiago urruneko kontu abstraktua

Bagira inkestaren emaitzei buruzko irakurketa sintetikoa egin zuen joan den hilabetean Txetxek, Ipar Euskal Herriko –eta Euskal Herri osoko erran genezake– gaurko berezitasun politikoa agerian utziz: gure egoera idealizatu gabe ere, Frantziako eta Espainiako hainbat lurralderekin alderatuz hemen ez dira nagusitzen han ikusten ditugun eskuinerako bilakaera eta horren atzeko dinamika sozialen desagerketa eta joera atzerazaleak.

Txominek, berriz, erakutsi zuen mugimendu abertzalearen barneko aniztasuna gaurko Europako ezkerren aniztasuna islatzen duela, gurean Frantzian bezalako barne gaztazkarik sortzen ez badu ere.

Azken ildo hori landuko dut zutabe honetan, edo zehazkiago erranik ekologismoari begira ikusten ditudan bi joera aipatuko ditut.

Bagira inkesta honen galderetarik bat sentsibilitatearena zen: hainbat gairen artean (feminismoa, ekologismoa, borroka sozialak, arrazakeriaren kontrako borroka etabar) erran behar genuen gai bakoitzak zein garrantzia zuen guretzat, puntuazio baten arabera. Horren emaitzak erakusten du 60 urte baino gehiagokoentzat ekologismoak garrantzi gehiago duela 25 urtez behekoentzat baino. Baina etorkizuneko erronkei dagokienez, gazteek lehen tokian ezartzen dute klima aldaketa, 60 urtekoek baino anitz gehiago. Paradoxa bat iduri du: nola klimarengatik kezkatuak direnak –gazteak– ez duten beren burua gehiago ekologista gisa, klimaz gutiago kezkatzen direnek –60 urte edo gehiagokoak– baino? Nire ustez hor dugu “ekologismo” hitzaren muga bat, hitz horren azpian kokapen pertsonal ezberdinak batzen baitira.

Aski argi denez, gazteentzat erronka ekologiko nagusia klima da, horretan Greta Thunbergek 2018an abiatu zuen “Fridays for Future” mugimenduak oldar berri bat eman zion lehenago Bizi!k Ipar Euskal Herritik elikatzen zuen klimaren aldeko mugimenduari.

Aspaldiko gazteentzat aldiz ekologiak bertze erran-nahia du: ingurunea babestea da, hots inguruko bazterrak eta natura eremuak, proiektu erraldoi inposatuengatik edo espekulazioarengatik mehatxatuak izan daitezkenak. AHTaren aurkako borrokan edo Lurzaindian ari direnen artean nabariagoak dira aurreko belaunaldiak.

Belaunaldi kontuaz harago, sentsibilitate ekologistaren ulertze ezberdin horiek larrialdi ekologikoaren ikuspegi ezberdinak islatzen dituzte: globala edo hurbilekoa, atmosfera edo lurraldea, CO2a edo bioaniztasuna…

Funtsean, bi ikuspegi horiek bat egiten dute eta elkar osatzen dute: ez dugu atmosfera salbatuko lurraldeak eta bioaniztasuna zaindu gabe, eta alderantziz. Baina bi ikuspegi horiek bi multzo “soziologiko” ezberdinetan islatzeak nire iduriko bilakaera baten seinalea da, oraindik guziz burutua ez dugun barneratze baten seinalea.

Iazko uztailean idazten nuen bezala, gure laborantzarako lurren babesean ari garenontzat, edo euskara eta elebitasunaren alde ari garenontzat, nahiz eta argudio aski ditugun, argudioak ez dira mugiarazten gaituzten lehen indarra: maila sakonago batean, borroka horietarako energia dugu lur horiek gure baitakotzat ditugulako, euskara gure izaera kolektiboaren funtstzat dugulako.

Argudioak horren ondotik heldu dira, mugiarazten gaituen senezko oldar hori egituratzeko. Klimari dagokionez aldiz, ez da (oraindik) dinamika bera martxan. Argudioak soberan ditugu, badakigu klima borroka guzien artean lehena dela, gainontzeko guzia klimaren menpekoa baita, baina atmosferaren oreka ez dugu (oraindik) gure baitakotzat, nahiz eta atmosferak etengabe gure biriketan joan etorriak egiten dituen. Klima ez dugu (oraindik) gure izaera kolektiboaren funtstzat, nahiz eta euriteen zikloa, inguratzen gaituzten bazterrak eta azken finean modu egonkorrean dugun elikadura sortzeko gaitasuna –laborantzaren bidez– baldintzatzen dituen.

Argudioak soberan ditugu,
badakigu klima
borroka guzien artean lehena dela,
gainontzeko guzia
klimaren menpekoa baita.

Jauzi mental edo kultural hori oraindik egiteke dugu: klimaren hauskortasuna munduko lurralde mehatxatu guzien arteko lotura da.

Horrez gain, munduko hizkuntza gutituek pairatzen duten mehatxua da, emazteek gizonek baino gehiago pairatzen duten mehatxua ere bada.

Klima ez da gehiago urruneko kontu abstraktua, eta tokiko borrokentzat dugun kemen bera behar dugu klimaren orekaren alde, maite ditugun hainbat gauza oso konkreturen eta hainbat pertsonaren biziraupena baldintzatzen dituelako.

Lurraldearen defentsa, feminismoa eta hizkuntza gutituen defentsa klimaren aldeko borrokarekin uztartzen dira, horren bidez klimaren arazoa gure baitakotzat izan dezakegu.

Zertaz ari gara ekologismoaz ari garenean? Zertaz ari gara ekologismoaz ari garenean?

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude