Zergatik ez bihurtu Zaldibar santutegi laiko?

Zergatik ez bihurtu Zaldibar santutegi laiko? –

Bernardo Atxagak Euskadi Irratian.

Gaurkoa baita nire azkenengo saioa, desira batekin esan nahi dizuet agur, desira batekin: zergatik ez bihurtu Zaldibarko zabortegia beste Arantzazu bat?, hau da desira. Zergatik ez egin orain Zaldibarren Oñatiko gain batean egin zen gauza bera, edo antzekoa.

Denok ezagutzen dugu Arantzazu, noski, badakigu zer gertatu zen han. Basilika berri bat eraiki behar zen, eta artista onenei dei egin zioten frantzeskoaren jarraitzaileek; baina diktadura militarra zela eta, obra harek ikur eta seinale izan behar zuela erabaki zuten tartekoek, Oteiza buru. Ez zen soilik eraikin erlijioso bat izango, zapalketa politikoaren aurkako ekintza bat ere izango zen, modernitate baten erakusgarri, baita euskal arimaren edo, ispilu ere. Denok ezagutzen dugu Zaldibar, badakigu zer gertatu zen han 2020 urte honen hasieran. Lubizi bat eta milaka tonelada zabor amildu, eta dio Alberdik, ezbeharra hurbil hurbiletik bizi izan duen idazleak, lehengo asteko Eta Kitto! Eibarko aldizkarian, ez dago Sherlock Holmes izan beharrik Zaldibarko zabortegian irregulartasunak izan direla baieztatzeko.

Egindako okerraren emaitza latzgarria da oso. Inoizko ingurumen katastroferik larriena, eta bi behargin, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, lau hilabete baino gehiagoz desagerturik. Baieztapenaren azken honako hitz hauek -eta entzun ondo, inportanteak dira-, haien gorpuak hala ere ozenki mintzo dira zabor azpitik, mintzo dira bai, eta protesta bat zabaltzen dute, Pedro Alberdik argitzen du. Akats handiak salatzen dituzte hondamendiaren kudeaketan, besteak beste, erantzukizun politikorik eza. Segidan Toribio altzaga sozialista eta Juan Ajuriagerra jeltzalea aipatzen ditu, ez zutela haiek ihes egin, eutsi egin ziotela karguaren erantzukizunari. Buruzagi haiek, dio, duintasuna erakutsi zuten, jendartearekiko konpromisoan oinarritutako duintasuna. Zabortegiaren auzian inplikatuek, aldiz, duintasuna barik boterearekiko grina erakutsi dute, besteak beste, dio Pedro Alberdik, erantzukizun eza ez dela akats bakarra markatu nahian. Eta ondo dio, ze Zaldibarko zabortegi amilduak beste hainbat grina ere agerian utzi baititu: Amiantoarekin ere irabazi egin nahi zuten enpresariena, garapen ekomiko planeta-jale baten defendatzaileena, burokrata eta funtzionari inaneena… eta gu, ni, non gaude? ba gure grinak ere hor ditugu, guk kontsumitutakoak, eta asko kontsumitzen dugu eh!, hemen, horietan, Afrika, Asia eta Latinoamerikako esklaboen lanaz baliatuz. Ba guk kontsumitutakoak ere gizendu egiten baititu zabortegiak. Zergatik ez dugu orain Zaldibarren, Oñatiko gain batean egin zen gauza bera edo antzekoa egiten, santutegi bat alegia, nahiz laikoa, gaurko zabortegiak sinbolizatzen duen kontrakoa sinbolizatuko lukeena, utopia baten ikur eta seinale izango litzatekeena.

Nire desirak irudimena pizten dit, Euskal Herriko zein kanpoko jendea ikusten dut monumentua altzatzen eta edertzen, hamar urtez, hogei urtez agian. Pentsatu behar da Arantzazuren ernamuina, Kristautasunaren santutegi guztiena bezala, hilobi bat izan zela, Golgotako gurutzean hil zen gizonarena, eta gizon haren gorpua ozenki mintzo izan zela mundu zuzenago baten alde, hala nola mintzo diren gaur, konparazioa zilegi bihurtuz, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, beren halabeharrezko, menturazko hilobitik.

eitb.eus/audioa-bernardo-atxagaren-lagunarteko-kontuak-santutegi-laikoa-zaldibarren

Zergatik ez bihurtu Zaldibar santutegi laiko?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Zergatik ez bihurtu Zaldibar santutegi laiko?”-ri buruz

  • Garbi dago parke sakratu bilakatu beharko litzatekeela Zaldibarko zabortegi zeharo deskontrolatua izandako hori. Izena ere Sololuze-Beltran beharko luke, zalantzarik gabe.

    Baina ez dezagun ahaztu inolako erantzukizunik onartu ez duten horiek berek, datozen hauteskundeetan berriro Eusko Gobernuan segi dezaketen horiek berek eraman nahi izango dutela horretan ere protagonismo guztia. Eta inaugurazioaren momentuan ere haietxek izan daitezkeela, inozentziaren isipua eskuan daramatela, parke sakratua bedeinka dezaketenak.

    Hala gertatuko balitz, ez ahaztu, horren guztiaren erantzukizun politiko subsidiarioa erkidego-kudeatzaile huts horiek berriz gobernuan jarriko lituzketenena izango litzateke.

    Eta ez da demagogiarik iragarpen horretan.

  • Zabortegian Arantzazu bat eraiki… Bernardo Atxaga pitzatzen hasita dago edo hildakoei trufa egiteko gogoa dauka? Han harrapatutako bi langile haiek handik atera nahi dute bai ala bai eta leku duin batera eraman, kosta ala kosta; eta gero gerokoak.