Zergatik erosten duzu loteria?
Zergatik erosten duzu loteria? –
Unai Etxenausia, BERRIAn.
Gabonetako loteriak ilusioak eta emozioak pizten ditu Euskal Herrian. Ausazko jokoetan irabazteko aukerak oso txikiak diren arren, batik bat tradizioak eta presio sozialak bultzatzen du jendea parte hartzera.
Abenduaren 22ko eta Errege eguneko Gabonetako loteriaren zozketek milaka pertsona erakartzen dituzte, eta urteko ekitaldi nagusietako bat dira Hego Euskal Herrian. Urtero, familia, lagun eta lankideak telebista eta irratien aurrean biltzen dira, San Ildefonsoko haurrek haien zenbaki irabazlea abestuko duten itxaropenaz. Tradizioaren liluraren eta ikuskizunaren magiaren gainetik, loteria ez da zerbait arrazionala: baina nola lortzen du loteriak hainbeste jende erakartzea, irabazteko probabilitatea izugarri txikia izan arren?
Erantzuna ez dago soilik kalkulu probabilistikoan, baizik eta emozioekin, gizarte ohiturarekin eta kulturarekin lotutako faktore konplexuetan, loteria erosteko ekintza apustu hutsa baino askoz gehiago bilakatzen baita. Ikuspegi estatistikotik, loteria erosiz jokatzea ez da erabaki logiko bat. Lehen saria irabazteko probabilitatea 100.000tik bat da, hau da, %0,001. Horrek esan nahi du 100.000 pertsonatik bakarrak irabaziko duela lehen saria. Sariren bat irabazteko aukera orokorra, berriz, %15 ingurukoa da; hau da, jokatzen den zenbatekoaren parte bat bueltan jasotzeko aukera dago, baina sariketan parte hartzen duten gehienek ez dute nahikoa irabazten jokatutako dirua berreskuratzeko.
Baina, estatistikak alde batera utzita, beste faktore batzuek gehiago eragiten diete herritarren erabakiei. Psikologoen arabera, loteria erosteko arrazoi nagusiak emozioekin lotuta daude. Top Doctors mediku taldeak argitaratutako ikerketaren emaitzen arabera, sariren bat irabazteko itxaropenak garunean kimikoki eragiten du jendea urtez urte parte hartzera bultzatzeko: «Eta tokatzen bada?, esaldiak harrapatzen gaitu. Sinesmenek eta sineskeriek ere jolasera bultzatzen gaituzte».
Loteriak, beraz, erritual eta superstizio ugarirekin bat egiten du. Askok zenbaki esanguratsuak aukeratzen dituzte, hala nola jaiotze datak edo urteurrenak. Beste batzuek «zorioneko» administrazioetan erosten dituzte, aurretik sari handiak eman dituztenetan. Loteria erosteko arrazoi handienetako bat ilusioa ere bada. Zozketaren aurreko egunetan, sariren bat irabaziko balu zer egingo lukeen imajinatzen du jendeak: hipoteka ordaindu, munduan zehar bidaiatu, familiari edo lagunei lagundu… Amets horiek, iragankorrak izan arren, garrantzi emozional handia dute.
Saltzailearen azalean
Gasteizko epaitegi parean dagoen Aranzabal loteria saltokira bertaratu da BERRIA. Marta Corcuera arduradunak azaldu duenez, «lanez lepo» daude Gabonetan, baina uztailean hasten dira zozketetarako prestatzen: «Jendeak ilusioz erosten du loteria, eta guk ere nerbioz eta ilusioz egiten diogu aurre. Atzerako kontaketa egiteko garaia da, eta ezinbestean mila gauza pasatzen zaizkizu burutik».
Era guztietako bezeroak ditu Corcuerak. Izan ere, Jokoaren Euskal Behatokiak 2020an egindako lehentasunen txostenaren arabera, EAEko biztanleen %41,6ren jokorik gustukoena da loteria, baina alde nabarmena dago adin tarteen artean: 65 urtetik gorakoen artean, %54,3koa da kopurua; 18 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, %11,5ekoa.
Corcuerak detektatu duenagatik, Gabonetako loteriari dagokionez, faktore sozialak bultzatzen du jende gehiena erostera. Hala ere, arduradunak azaldu duenez, lagunek, familiakoek edo lankideek zenbaki bera erosten dutenean, presio soziala handitzen da; beraz, ez parte hartzea baztertua geratzeko beldurrarekin lotuta dago askotan: «Eta lankideari tokatzen bazaio?» pentsaerarekin lotzen da hori. «Noski, jendeak erosten du bere ingurukoek erosi dutelako. Ez dadila gertatu auzokoari tokatzea eta niri ez. Baina alde politik ere badago: amets bera izatea. Hala ere, uste dut norberari pizten dion ilusioagatik erosi behar duela jendeak loteria, zerbait emozionala baita», gehitu du Corcuerak.
Loteria erostea Gabonetako tradizioan erabat errotuta dago Euska Herrian. Zozketa hau ez da apustu hutsa, baizik eta ospakizun eta erritual sozial bat. Zenbaki bat erosteko ekintza sinbolikoak Gabonen hasiera markatzen du askorentzat, turroiek eta jaiotzak bezala. «Badakigu probabilitateak txikiak direla, baina benetako saria partekatzea da. Senideekin, lagunekin edo lankideekin harremana estutzeko garaia da». Corcuerak esandako hori arriskutsua izan daitekeela uste dute Top Doctorsekoek: «Izan ere, gehienek tradizioagatik jokatzen dute, eta ez adikzioagatik, baina ludopatia gero eta zabalduago dago».
Sinesmen eta superstizioen eragina
Gabonetako loteria «apustu hutsa baino gehiago da» Corcuerarentzat. Tradizioaren, emozioen eta superstizioen nahasketa bat. Irabazteko probabilitatea txikia izanik ere, milioika lagunek parte hartzen dute urtero, ilusioak eta komunitate baten parte izateko desioak gidatuta: «Zenbaki jakin bat ateratzeko probabilitatea beti bera den arren, kontrol ilusioa sortzen dute gure bezeroek», azaldu du Corcuerak.
2004an, abenduaren 22ko zozketako bigarren saria banatu zuen Corcueraren amak. Une magiko hura oraindik ere herriko kontakizunaren parte da, eta Corcuerarentzat, ilusioaren benetako boterea adierazten du. Corcueraren hitzetan: «Ilusioa saltzen dugu, eta ilusioak ez du preziorik. Une batean iragankorra izan daiteke, baina pertsonen arteko lotura sortzen du. Loteria saltzaile batek ez luke erretiroa hartu behar lehen saririk banatu gabe».
Hala ere, ezin da baztertu loteriaren eta jokoaren atzean dagoen arrisku potentziala. Ludopatia, edo jokorako mendekotasuna, gero eta kezka handiagoa da Euskal Herrian, eta, 2023ko datuen arabera, euskal biztanleriaren %2,5 ingururi eragiten dio. Jokorako sarbide errazak eta publizitate oldarkorrak gero eta eragin handiagoa dute gazteen artean ere.