Zergatik erabili euskoa, tokiko produktuak kontsumitzen baditut?
Zergatik erabili euskoa, tokiko produktuak kontsumitzen baditut? –
Galdera horri erantzuten dio Euskal Herriko tokiko monetaren bideo berriak.
Animazio dinamiko eta narrazio pedagogiko baten bidez, bi minutu baino gutiagoz lortzen du Europako tokiko monetarik garrantzitsuenaren zergatia eta gertamoldea azaltzea.
Frantziako Estatuan lehen tokiko moneta osagarria agertu eta 12 urtera, gaur egun, estatu osoan, orotara 82 daude. Euskoa 2013an abiatu zen. Gaur egun, 4.000 erabiltzaile partikularrek, 1.300 profesionalek, 33 udalerrik eta Euskal Hirigune Elkargoak trukatzen dute. Billete moldean edo bertsio digitalean, 3.250.000 eusko baino gehiago dabiltza eskutik eskura! Kopuru hori partikularren trukeei zor zaie nagusiki: 150.000 € baino gehiago trukatzen dira automatikoki hilabete guziez Eusko kontuetan.
Baina, Euskal Monetak, tokiko monetaren egitasmoa kudeatzen duen elkarteak, ez du horretan gelditu nahi. Euskoa esku guzietatik ibiltzea da helburua, denek parte har dezagun biharko gizartearen eraikuntzan. Izan ere, lurralde-garapenaren eragileak erronka berriei erantzun zehatzak ematen saiatzen ari dira, eta tokiko monetek anitz gisatara laguntzen dute lurralde dinamikoagoak, solidarioagoak eta erresilienteagoak eraikitzen.
.
Tokiko produktuak erostea arras ongi da, baina horiek tokiko monetan ordaintzea, hobeki!
Euskotan gastatutako euro bat Euskal Herrian egonen den euro bat da, lurraldeko ekonomia eta, beraz, tokiko enplegua indartuko dituena. Transakzio bakoitzak gurpil zuhur bat abiarazten du, eta, zehazki, trukeak birkokatzean parte hartzen du. Horrela, Eusko sareko profesionalen % 56k gutienez tokiko hornitzaile berri bat hartu du, eta % 84k ez du nehoiz euskorik eurotan aldatu. Gainera, truke horiek ekonomian duten eraginari gehitu behar zaio gizartean dutena, gure hiri eta herrietako biziaren funtsezko eragileak diren tokiko ekoizleekiko eta hurbileko saltokiekiko harremana eta elkartasuna indartzen baitute ere.
Halaber, tokiko moneta zirkuitu laburren garapenean eta ingurumena errespetatzen duten kalitatezko lan sektoreetan –adibidez, laborantzan– oinarritua den trantsizio ekologikorako mugarria da. Izan ere, Euskoren araudi nagusiak ekologiari dagokionez arduratsuak ez diren jarduerak baztertzen ditu, hala nola laborantza industriala edo lurretik kanpokoa.
Bestalde, 3.250.000 eusko daudenez zirkulazioan, 3.250.000 euro daude berme-funtsetan, banku etiko eta solidarioei –Nef eta Cre?dit Coope?ratif– emanak, zeinek gizarte- eta ingurumen- proiektuak finantzatzen baitituzte. Tokiko monetaren eragina bikoitza da: batetik, hemen egon eta ibiltzen den euskoa, eta, bestetik, trantsizio ekologikoa finantzatzen duen euro-bermea!
.
Eusko gehiago trukatu, gauza gehiago aldatzeko!
Moneta solidarioa da ere euskoa. Izan ere, lurraldeko elkarteei laguntzen die, Euskoren “% 3ko emaitza” izeneko birbanaketa-mekanismoaren bidez. Profesionalek euskoak eurotan trukatzen dituztelarik aplikatzen den % 5eko zergari esker finantzatzen da “% 3ko emaitza”, eta, hari esker, hasieratik, 180.000 eusko baino gehiago eman zaizkie 70 elkarteri. Elkarte horiek hainbat arlotan dihardute: ingurumena, hezkuntza, kultura, elkartasuna, euskara, kirola eta abar. Tokiko monetako kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake sareko 270 elkarteen artean. Eta elkarte batek 30 babesle baino gehiago baditu, Euskal Monetak emaitza bat ordaintzen dio urtero, zeina bere babesle guziek euskotan trukatu euroen % 3ren baliokidea baita. Emaitza hori ez da trukearen barnean biltzen; tokiko monetak osagarri gisa ematen du. Hortaz, babesleari ez zaio deus gosta, eta elkarteentzat zinezko laguntza izan daiteke, batzuek urtean 3.000 eusko baino gehiago jasotzen baitituzte!
Azkenik, bere lurraldean ongi erroztaturik den tokiko moneta euskararen akuilatzailea da ere, eremu publikoan gure hizkuntza gehiago agerraraziz. Ez da baitezpada euskaraz hitz egin behar euskoa erabiltzeko, baina euskara biziaraztea da elkartearen oinarrizko balioetarik bat. Profesionalei proposatutako erronkei esker, 300 saltegiri baino gehiagori lagundu zaie afixatze elebiduna ezartzen. Eta Lineako aurkitegiak euskaraz dakiten sareko profesionalak zerrendatzen ditu.
.
Euskoa, nik ere bai!
Iaz abiatu genuen “Euskoa, nik ere bai!” komunikazio kanpaina. Honen helburua da tokiko monetaren erabiltzaile kopurua emendatzea, lurralderako ondorio onuragarriak biderkatzeko. Orduan, Maker of Nothing (Biarritz) agentziak egindako esku orria eta afixa argitaratu ziren. Orain, Smog Films (Angelu) agentziak egindako bideo honekin segitzen du kanpainak. Bi lagunen arteko solasaldi batek aukera ematen du tokiko moneta ezagutzeko, hura erabiltzeko arrazoi nagusiak zein diren jakiteko eta nola kide egin ulertzeko. Motion design animazioen eta sareko profesionalen argazkien bidez ilustratua da bideoa; estetika atsegina eta modernoa du eta emaitza dinamikoa eta pedagogikoa da. Orain, bideoa ikustea baizik ez zaizu gelditzen. Tokiko monetaren sare guzietan ikusgai dago!
Bideo honen bidez, Euskok bere balioak partekatzen dituzten jende guziak bultzatzen ditu urratsa eman eta tokiko moneta egunerokoan erabiltzera!
Zergatik erabili euskoa, tokiko produktuak kontsumitzen baditut?