Zerbitzu publikoetan enplegu eta soldata duinen eta erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatzen hasi gara Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan

Zerbitzu publikoetan enplegu eta soldata duinen eta erabakitzeko eskubidearen alde –  

Zerbitzu publikoetako lan baldintza duinak euskal administrazioetan eta enpresa publikoetan negoziatzea aldarrikatzeko LABeko ordezkariak mobilizatzen hasi dira dagoeneko. Nafarroako Gobernuaren aurrean Iruñean, Gasteizko Udala dagoen plazan, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean Donostian eta Eusko Jaurlaritzaren ateetan Bilbon, elkarretaratze banarekin mobilizazio dinamika abiatu dugu. Murrizketarik gabe, soldata eta enplegu duinak aldarrikatu, eta eremu guztietako euskal administrazioei inposiziorik gabeko negoziazio prozesuak has ditzaten exijitu diegu: «Enplegu publiko duina, eros-ahalmena bermatu, hemen erabaki» lemarekin.

1. Enplegu duina sortzeko eta egonkortzeko aukerak badaude administrazioetan

Egungo behin-behinekotasun eta erretiro tasak eta pribatizazio mailak altuak egonda, administrazioek enplegua suntsitzen jarraitzen dute. Ez du balio errua Madrilgo aurrekontuen birjartze tasen aginduei leporatzea. Izan ere egonkortasun prozesuekin behin-behinekotasun maila %8tik oso urrun geldituko da, eta Europaren agindua urratuko dute.

Aurre-erretiro sariak kenduz belaunaldi aldaketak eta enplegua sortzea ere eragozten dute.

Pribatizazioak eta azpikontratazioak mantenduz eta handituz prekaritatea da bultzatzen dutena. Gobernuek, aldundiek eta udalek zaintza lanpostuak publifikatzeko eta duintzeko aukera daukate, baina borondaterik ez. Borondaterik eduki ezkero 2010 baino lehenagoko egoerara itzultzeko aukera izango genuke, non enplegua eta lan baldintzak Euskal Herrian adosteko aukera izango genukeen berriro.

2. Soldata murrizketei aurre egiteko ere borondaterik ez dago

2010ean Madrilek inposatu zuen %5aren murrizketaren ondoren erosahalmena murrizten jarraitu dute administrazioek. Salbuespenak salbuespen, administrazioak gustora daude Madrilek agindutakoa betetzen, eta oso azkar eta tinko atera dira Iruñeko eta Gasteizko lehendakariak murrizketa hauek leialtasunez beteko dituztela baieztatzera. Borondaterik egonez gero formulak bila daitezke langileekiko duten zorra onartzeko eta kitatzen joateko, hainbat udaletan dagoeneko egin den bezala.

3. Bertan negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea oinarrizkoa da

Esan bezala, udal batzuk kenduta, euskal administrazioek ez daukate langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko inolako gogorik, eta erabakiak Madrilen hartzearekin eta inposatzearekin eroso daude. LABen iritziz arduragabekeria hori letala da. Negoziazio kolektiboa langileon oinarrizko eskubide bat da, eta halako ukazioak onartzea, zorioneko autogobernuak urratzeaz gain Euskal Herriko zerbitzu publikoak bere errealitatea egokitzeko aukerari ere muzin egiten dio.

LABeko zerbitzu publikoetako delegatuok mobilizatzen hasi gara dagoeneko, eta administrazioen borondatea aldarazteko ezinbestekoa den langileen borrokak sustatzen jarraituko dugu datozen asteetan. Era berean, alderdiak ere interpelatzen ditugu Madrilen duten ordezkaritza Euskal Herrian bertan negoziatzeko dugun eskubidea defendatzeko erabili dezaten. Horretarako, oso garrantzitsua izango da langile publiko guztiak aktibatzea.

Zerbitzu publikoetan enplegu eta soldata duinen eta erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatzen hasi gara Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan