Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu –

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol eza eta langile batzuen lanarekiko jarrera ezegokiak. Handik gutxira ELAko Zerbitzu publikoen arduraduna den Igor Eizagirreren erantzuna heldu zen, Oligarken motozerra ala basozaintza ekologikoa? artikuluarekin, non zerbitzu publikoetan neoliberalismoak garatutako politikaren datu batzuk ematen dituen eta Ugarteren artikulua kritikatzen duen, aipatutako egoerak lehen arazo moduan irudikatzeagatik.

Motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu
Arg: Derio Nekazaritza eskola

Eztabaida mamitsua da eta, egia esan, Larraitz Ugarteren artikuluan jasotako hausnarketa ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Ezinbestekoa eta ausarta, nahiz eta askorentzat politikoki ez zuzena izan eta pribatizatzaileei bidea errazten diela entzun behar. Publikoaren defentsan gotortzea ondo dago, baina sistema publikoan agerikoak diren egoera batzuen aurrean, tartean langile batzuei aurpegiratu ahal zaizkien jarrerak, beste aldera begiratzeak ez du inolako mesederik egiten.

Zerbitzu publikoen arazorik handiena finantzaketa eskasa da. Beno… arazo handiena zerbitzu publikoak logika kapitalistatik aritzen direnen eskuetan egotea da, non maizegi diru publikoa enpresa pribatuetara bideratzea ezkutatutako helburua den, zerbitzuak zuzen pribatizatuz ala azpikontraten bidez egitura publikoak argalduz. Baliabide nahikorik ez dagoenean zaila da zerbitzu aproposa ematea, nahiz eta langile askok beren ardurei erantzuteko kemen handiz aritu, batzuetan gain-zamarekin eta beren osasun fisiko, psikiko zein soziala kolokan jarriz. Hala ere, ezin da estali administrazio publikoaren esparru askotan dauden inefizientzia, disfuntzioak, gutxieneko tentsio falta, burokrazia eta langile batzuen jarrerak. Burokraziak eta zerbitzuaren antolaketaren desantolaketak ezin dute justifikatu eskakeoa, zabartasuna, zarrastelkeria, despotismoa, endogamia, arduragabetasuna, herritarrekiko enpatia 0 edota amarruen bidezko absentismo bilatua. Parasitismo kasuak ez dira gutxi administrazioaren barruan, eta, baliabideak xahutzeaz gain, zerbitzua okertzen dute eta lan-giroa kutsatzen dute. Eta, zer esanik ez!, halako jarreretan dabiltzanak ez dira normalean sektore publikoaren defentsan lehenengo lerroan borrokatzen dutenak.

Administrazioaren huts horietan guztietan arreta jartzea ez da liberalei argudioak ematea eta bidea erraztea zerbitzu publikoen kontra aritzeko. Enpresa pribatuetan ere halako egoerak egoteaz gain, sistemaren publikoaren ospe-galtze interesatua bultzatu da aspaldidanik kapitalisten partetik, eta sistema publikoaren akats eta gabeziei gehiegizko garrantzia ematen jarraituko dute, beren intereserako erabilgarria den pertzepzio soziala hedatzeko. Ez dute aitzakia handirik behar; gertakizun puntual batzuk nahikoa da behar duten errealitatea eraikitzeko. Halako zerbait ikusten dugu okupazioarekin, migrazioarekin edo kaleko segurtasunarekin. Sektore publikoaren arazo horiek egon badaude, nabariak dira, eta praktika ezegoki horien aurrean (izan goi kargudunarenak izan egituraren azken menpekoarenak) neurriak hartu behar dira, sistema publikoa bera hobetzeko, sistema publikoa defendatzeko, baita orain pribatuak diren zerbitzu asko aurrerago eremu publikora eramateko eta kontrol eta kudeaketa publikoa estrategikoak diren ekonomiaren esparruetara zabaltzeko ere (energia, komunikazioak, garraioa…). Sistema publikoaren gabezietan beharrezko arreta ez jartzeak eta sistema publiko hobea, efizienteagoa, dinamikoagoa lortzeko zuzentze-neurri irmoak ez inplementatzeak bizio eta akats horiek sistema publikoa usteltze progresibora daramate eta, nola ez, merkatari pribatizatzaileei abantaila ematen die beren asmoetan.

Beste maila batean, halako zerbait ikusi da historian zehar planifikazio sozialista garatzen saiatu diren eredu batzuetan, non, beste elementu erabakigarri batzuk tartean (inperialismoaren etengabeko erasoa nagusia izanik), burokrazia, inefizientzia, paternalismoa, tentsio falta eta barne kritikaren ezak min handia egin duten proiektua sendatzeko.

Testu honen hasierara bueltatuz, aipatutakoak seinalatzea ez da basoan motozerra sartzeari bidea erraztea, baizik eta basoa, barrutik ere, hobeto zaintzea, besteak beste, belar txarrak eta gaixotasunak kontrolatuz eta zabaltzen diren espezie inbaditzaileei aurre eginez, landaredia osasuntsu ugaltzeko eta basoa mendi eta haranetara hedatzeko. Kapitalaren sua zain dago baso komunalean sartzeko. Piromanoak, enpresen, inbertsio-funtsen edota instituzioen kargudun moduan, inguruan dabiltza baso komunala progresiboki kiskaltzeko, baso pribatu bihurtu nahian, non haize errotak eta pinu insignis jaun eta jabe izango diren. Basozainak ordezkatzeaz gain, baso barruan prebentzio lanak ezinbestekoak dira eta, ekimen horien artean, sua zabaltzen laguntzen duen sasitza lehorra gutxitzeko mantentze-lanak ere daude.

Motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu  Motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu  Motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu
Nola zaude?

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude