Zerbitzu Publikoak: Ate bat ireki da; orain dugu unea
Zerbitzu Publikoak –
Betiko tertuliakideek esaten dute greba egun gehiegi direla, eta botatzen dute grebak ez duela ezertarako balio, mobilizazioekin bat egiten duten milaka langileen borroka geldiarazi nahian.
Haatik, urte luzetan gotortuta izan diren errealitateak aste gutxiren buruan mugitzen hasi dira… Kasualitatea ote da hau gertatzea hain zuzen grebak egin ostean, 30.000 lagun eta gehiago kalera irten direnean?
Grebaren aldarri nagusietako bat, euskal jendartean oso hedatua, zerbitzu publikoak sendotzea da: Eragozpen bat da enplegua eta lan-baldintzak Madrilen erabakitzea. Horregatik galdegiten dugu gure zerbitzu publikoei buruzko erabakiak hemen hartu behar direla, enplegu eta lan-baldintzetan ditugun beharrizanen arabera: %40tik gora dagoen behin-behinekotasunaren argazkia aldatu nahi dugu; galdu den erosahalmenaren %20 hori berreskuratu. Horretarako gauza bakarra behar da, borondate politikoa.
Gure eskaria entzuten zutenean Eusko Jaurlaritzako hainbat kidek (Garamendi, Zubiria, Erkoreka…), baina baita Lehendakariak berak ere, behin eta berriz erantzuten ziguten ahalmen hori Madrili zegokiola. Areago, esan izan dute sindikatuok, soldatei eta enpleguari buruzko eskuduntza estatuarena izanik, jakinaren gainean galdegiten ari ginela ezinezkoa eta legez kanpokoa zen zerbait, eta gure aldarrikapenen xedea gobernua higatzea besterik ez zela.
Bada, azaroaren 10ean EAJk PSOErekin inbestidura akordioa sinatu zuen, eta honek hitzez hitz honakoa dio: “(…) Lurralde foraletako erakundeen finantza-autonomia errespetatuz, Itunaren eta Hitzarmenaren Batzorde Mistoetan hitzartu ahal izango dira guztiz lehentasunezkotzat jotzen diren sektore, funtzio eta kategoria profesionaletan sarrera berriko enplegu publikoaren eskaintzari dagozkion birjartze-tasak, baita enplegatu publikoen ordainsari-masa gehitzeko gehienezko orokorrak ere”. Hau da, enpleguaren birjartze-tasak eta euskal langileen soldata igoerak berton negoziatzeko aukerari bide ematen zaio.
Beraz, borondate politikoa izanez gero ezinezko eta legez kanpoko zena egingarri eta legezko bihurtzen da. Akordioa itxi berri zela, Funtzio Publikoko sailburuordeari galdetu genion ea zergatik zen posible orain hamar urtez ezinezko izan zena. Bere erantzuna zeharo argigarria izan zen: “Lehenago ez zen lehentasuna, baina orain bai”. Argi dago lehentasun ez zena zerk egin duen ezinbesteko: mobilizazioek eta grebek.
Horrenbestez, galdera egiten badiot neure buruari datorren asteartean greba zergatik egin behar dudan, erantzun bakarra dago: akordioak ate bat ireki du, eta ireki du hain zuzen grebari esker.
Jakina, goian aipatutako testua lausoa da, ez du ezer bermatzen eta beti ere betoa Madrilek du. Baina orain dugu atea erdiz erdi zabaltzeko unea. Orain ziurtatu behar dugu alderdi politikoek negoziatu eta adostu behar dituzten aurrekontuetan Estatuak ezarritako muga eta betoak kenduko direla, gaur adostutako testua hobetu eta benetan gauzatuko dela zerbitzu publikoen inguruko erabakia hemen hartzea. Hauek dira gure aldarriak: %10eko soldata igoera eta metatu den zorra kitatzeko konpromisoa; pribatizazioei atea itxi eta publifikatzeko planak adostu; enplegu publikoa sortu eta finkatu, behin-behinekotasuna %8raino jaitsiz; lan-kargak arindu, langileen osasuna zainduz; politika feministak, berdintasun plan erreal eta eraginkorrak ezarriz; administrazio eta lantaldeak euskaldundu, iruzurrik gabe; lanaldia murriztu, 32 orduko lan-asterako bidean.
Ate bat ireki da; orain dugu unea: asteartean izango da greba. Hori da jarraitu beharreko bidea.
Zerbitzu Publikoak Zerbitzu Publikoak