Zerbitzu publikoak
Zerbitzu publikoak –
Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa egunkarian.
Oso pozik daude batzuk EAEko hezkuntza itun berriak Hezkuntza zerbitzu publikoa dela azpimarratzen duelako, horrela publiko-pribatu dikotomia gainditzen omen delako. Baina uste dut kontzeptu horren atzean, zerbitzu publikoa, betikoa dagoela. Hitz horiek hutsak dira, ez dute esanahi zehatzik, hau, hori eta beste hura ere izendatzeko balio dute. Ohituta gaude: gaurko hizkeran, batez ere politikariek erabiltzen duten hizkeran (eta hezkuntzarena politika da, jakina) esanahi gabeko hitzak nagusi dira, gero eta gehiago.
Azken finean, den-dena da zerbitzu publikoa. Nire kaleko okindegia, fruta-denda, arrandegia, burdindegia eta zapata-denda zerbitzu publikoak dira. Ez dut tapizatzailea ahaztu nahi. Zer esanik ez, kaleko taberna, pandemia osoan ibili dira ostalaritza enpresariak beraiena ere zerbitzu publikoa dela aldarrikatzen. Kaleko udal kiroldegia ere zerbitzu publikoa da eta, esango nuke, kaleko eliza katolikoak ere zerbitzu publikotzat duela bere burua (ez du sarrerarik kobratzen). Azkenik, kaleko ikastetxe pribatu-itunpekoa zerbitzu publikoa da, nola ez. Kale-argiak, lorategiak eta semaforoak ere zerbitzu publikoak dira. Eta ondoko kalean ilaran aparkaturik dauden taxiek SP letrak daramatzate itsatsita, argi gera dadin beraiek ere zerbitzu publikoa direla, eta elebitasuna ez dela edonora iritsi oraindik.
Beraz, zerbait zerbitzu publikoa dela esatea eta ezer ez esatea antzekoa da, denok ondo baitakigu okindegiaren, taxien eta udal kiroldegiaren “zerbitzu-publikotasuna” ez dela gauza bera. Denok dakigu zerbitzu publiko batzuk publikoagoak direla besteak baino.
Gogaikarria izango da batzuentzat publiko-pribatu dikotomia, gainditu beharrekoa (beste batzuentzat eskuin-ezker dikotomia ere gogaikarria da eta gainditu beharrekoa, badira dikotomia gehiago hortik), baina gehienok badakigu zer esan nahi duten hitz ustez zaharkitu horiek. Argudio sendoagoen bila batzuk hasi dira interes orokorreko zerbi-tzuez mintzatzen. Harrigarria bezain miragarria da hizkera bihurritu eta mordoilotzeko dugun trebetasuna.
Zerbitzu publikoak