Zer nolakoa zen Arizmendiarrietaren pertsonalismoa?

Zer nolakoa zen Arizmendiarrietaren pertsonalismoa? –

Aurreko artikulu batean pertsonalismoak zer nola ikutu zuen gure herria ikustera abiatu nintzen. Horretarako, Karlos Santamariarengana jo nuen, hori dugu-eta euskal personalismoaren ordezkaririk nagusienetakoa bat. Jose Antonio Agirre lehendakaria dugu besteetako bat. Toribio Etxeberria idazle eta pentsalari sozialistaren pentsamendua ere pertsonalismoarekin zegoen hertsiki lotuta. Orain baina, aurrez korrente filosofiko horekiko interesa piztu zidan Arizmendiarrietarengana bueltatu nahi dut berriz ere. 

Pertsonalismoak eragin handia izan zuen Arizmendiarrietaren pentsamoldean Azurmendik argi azpimarratu zuenez El hombre kooperatibo bere liburu bikainean. Lana guztiz bestela pentsatzeko ahaleginak eta bi egin zituen Arizmendiarrietak. Denetariko ideiak eta ideologiak arakatu, aztertu eta balioztatu zituen, harik eta hain berea eta berezkoa izan zuen kooperatibismoaren gaineko pentsamendua atondu ahal izan zuen arte. Bada, behar izan zuen oinarriztapen hori lortze aldera, pertsonalismoak eskainitakoari ezin-ezinbesteko iritzi zion. Azken finean, lanaren bidez pertsona askatzea zuen xede Arizmendiarrietak, pertsona bere guztizkoan askatzea, bere baitako zuen komunitatearekiko harremanean, eta horren lorbidean, pertsonalismoan hain justu ikusi zuen ideia horien guztiorien oinarri ezin gotor eta aberatsago bat. 

Joan-etorriko elkar eragineko harremana ikus dezakegu pertsonalismo eta kooperatibismoaren artean Arizmendiarrietaren ikuskeran; bateko, ideografikoki zinez indartsu zeritzon pertsonalismoari bere kooperatibismoaren egitasmoa garatze aldera; baina, besteko, pertsonalismoa burutu asmotan, zer bide hoberik kooperatibismoaren kooperazioaren bidez eginiko hori baino. Kooperatibismoa gizartea eraldatzeko tresnatzat jo zuen beti Arizmendiarrietak, eta bere bitartez justizia soziala eta komunitatearen garapena sustatu.

Arizmendiarrietaren pentsamenduan zer nola errotu zen pertsonalismoa ikusteko segidako ezaugarri hauei-edo erreparatu dakizkieke:

Gizaki orori aitortutako duintasuna pertsonalismoan dago nabari azpimarratua. Duintasun aitortutako hori ez dator ezerezetik, baizik-eta gizaki izateak berekin duen dimentsio transzendentaletik. Aitortu duintasun hori lanean du indartzen eta bermatua izaten era oso berezian gizaki orok. Uste sendo horretatik inongo pertsonari ukatu ezin zaizkion eskubideak segitzen dira:

Gizabidea ez galtzeko asmoz, pertsona ororen duintasuna, lanaren bidezko gizaberetzea, autoeraketa irizpide ebanjeliko gisa izatea eta bizitzari une oro dimentsio transzendentea aitortzea haren ideia gidariak izan ziren urte horietan eta gainerakoetan. Baina, kristau misterioaren argitan mundu hoberik egiteko hainbeste lanek eta nekek haren osasunean eragina izan zuten” (MENTXAKATORRE, Jon, Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile, 58. or.)

Aitortutako duinatasuna emankor eta eskubide aitorle da, baina, hori bainoago, askatasun emaile. Halaber, askatasunari ezinbesteko iritziko dio Arizmendiarrietak gizakiaren garapenerako. Pertsona askatzea du kezkagai Arizmendiarrietak, eta langilea askatu nahi du. Langilea askatu nahi du patronalaren prepotentziatik. Lanaren bidezko gizaberetzea izango du beti bere gogoetan:

“Arizmendiarrieta bilatzaile handi bat izan da, eta ez da abiatu kooperatibismotik. Berak nahi du, nolabait esan, langilea askatu. Askatasunaren borrokalari bat da, ezkertiarrak bezala. Nahi du langilea askatu, hain zuzen, patronalaren prepotentzia horretatik, eta, gazteen hezkuntzaren bidez, nahi du berak lana humanizatu. Lana izango da, eta pertsona eta hezkuntza izango dira, bere kontzeptu nagusiak. Lana humanizatuz nahi du berak komunitatea eraberritu edo eraldatu, komunitatea eraldatuz gizartea askatu, eta gizarteak askatuz mundua eraberritu” (MENTXAKATORRE, Jon, Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile, 70. or.)

Pertsonari aitortzen zaion duintasuna eta hortik segitzen diren eskubideak eta bere garapenerako askatasuna ez dira sekulan posible izango justizia sozialaren bitartez ez bada, behin eta berriz aldeztuko duenez pertsonalismoak. Gizarteak bidezkoa izan behar du, eta pertsona guztiei aukera berberak aitortu behar dizkie. Hein horretan, kooperatibismoa biolentziaren aldean dagoen alternatiba baino askoz gehiago da, iraultza pertsonalista eta morala egitea duelako beti xede:

“Horren baitan ulertu behar dugu Arizmendiarrietak iraultzaren biolentzia ukatu egin zuela beti. Bat-batean Estatuaren jabe egitearekin bat ez da gizarterik eraberritzen. Horretarako urte askotako lana behar da, politikaren erritmotik at dagoen kultura, etika, lana eta gizabidearen mugimenduan. Azurmendiren hitzetan: “Berak iraultza pertsonalista bat, eta iraultza moral bat, egin nahi du, eta, beraz, kooperatibismoa biolentziaren alternatiba baino gehiago da”. Arizmendiarrietak ez zuen sinesten biolentzia onerako erabil daitekeenik, are gehiago askatasunerako, bere terminotan, askatasuna gizabidetzea delako. Hala, indar iraultzaileen aurrean, bere jarrera uste baino sakonagoa da. Izan ere, behetik gorako urrats sendoko mugimendua da “ (MENTXAKATORRE, Jon, Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile, 66. or.)

Kolpe batezko, tupusteko, egunetik biharrerako gizarte eraldaketetan ez du sienesten Arizmendiarrietak. Bat-bateko aldaketa hauek eskuarki bortxaz lortu nahi izan dira. Arizmendirrietak oso bestelako bideen alde egin zuen beti. Urratsez urrats, eta arian arian, baino ez da egingarri gizartearen zinezko eraldaketa, egun eskuartean dugun horretatik abiatuta, bihar bertan zinetan izan genezakeen horretarako bidea eginez, ibili-ibilian:

“Hori da berak inoiz sinestu ez duena. Kolpe batekin ez da eraldatzen edo eraberritzen gizarte bat. Hori urratsez urrats eta poliki-poliki egin behar den gauza bat da, hezkuntzaz eta lanbidez, eta, beraz, biolentzia, iraultza egiteko ere bada, ez du onartzen. Beraz, gerraren esperientzia dago, eta iraultza biolentoaren ukoa dago. Berak iraultza pertsonalista bat, eta iraultza moral bat, egin nahi du, eta, beraz, kooperatibismoa biolentziaren alternatiba baino gehiago da. Ez du planteatzen biolentziaren arazoa bide bezala, biolentzia ez da ezertarako bidea bere posizioan, ez da askatasun bide bat, hori da inportanteena” (MENTXAKATORRE, Jon, Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile, 77. or.)

Pertsonalismoaren ikusian, dena den, gizakia ez da izaki pasiboa, oso bestetara baizik, bere bizitza, bera den pertsona hori ibili-ibilian eginez joan dadin aitortzen zaizkion duintasunak eta askatasunak, gizarte eta mundu eraldaketaren konpromisoarekin aktiboki bat egitera bultzatu behar dute une oro. Hortik segitzen da nork bere ekintzen erantzule arduratsua izateko pertsonalismotik egiten den deia. Nor bakoitzaren erantzukizuna azpimarratzen du beti pertsonalismoak. Gizakiak erantzuleak dira beren ekintzen aurrean, eta gizartearen hobekuntzan parte hartu behar dute. Hein horretan, pertsonalismoak kristautasunarekin ezin ukatuzko lotura duen aldetik, irizpide ebanjeliko gisa, “norbere autoeraketaren” alde egitera dei egingo du pertsonalismoak.

Arizmendiarrietak sustatutako enpresagintzaren izaera kooperatiboak herrigintza eredu jakin batean du oinarri, herrigintza, gizartegintza eta gizagintza asmo oso zehatz eta jakin batean, eta espiritualtasun bide oso zehatz bati jarraitzen dio betiere pertsonalismoaren ikuskeratikoarekin bat-bat eginez:

“Arizmendiarrietak sustatutako enpresagintzaren izaera koo-peratiboak herrigintza eredu jakinean du oinarri, hura gizagintza asmo jakinean, eta hura espiritualtasun bide jakinean” (MENTXAKATORRE, Jon, Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile, 100. or.)

Lerro hauenari buru emate aldera, zeran baino ez nuke azken-azkenik berriro ere azpimarra jarri nahi; Arizmendiarrietaren pertsonalismoak ziur-ziurrenik berorretaz intelektualki bere burua jantzi baino lehenago jada bazituen konbikzioak baino ez zituen indartu, eta bere pentsaeran sendotu-aberastu. Izanez ere, pertsonalimoaren beraren zuztar diren aipatu konbikzio hauek guztiak, nolabait edo beste, komunitarismo sendo bat zerion euskal tradizioan ere bazeuden aldez aurretik, auzolanaren kultura hain berezko zuen euskal gizartean bertan bazeudenik ezin uka. Gizakiaren duintasunaren aitorra, askatasunaren aldarria, justizia sozialarena, zein komunitatearekiko erantzukizunez aritu beharra, sendotasu handiagoz oinarritu-aberastu baino ez zitzakeen pertsonalismoak. Kooperatibismoa gizartea eraldatzeko tresna baino ez da, gizakiaren garapenerako eta komunitatearen ongizatea areagotzeko. Autoeraketa prozesuak heldutasunerantz zuzentzen diren arnas luzeko bideak dira. Egiturak alda daitezen, lehenbizi pertsonak aldatu behar dira, baina horrek ez du epe motzeko eginkizunik baztertzen, urratsez urratseko ibilbidea hauspotzen baizik:

“Izan ere, autoeraketa prozesuak heldutasunerantz zuzentzen diren arnas luzeko bideak dira. Egiturak alda daitezen, lehenbizi pertsonak aldatu behar dira, baina horrek ez du epe motzeko eginkizunik baztertzen, urratsez urratseko ibilbidea hauspotzen baizik. Bai urrutira, bai hurbilera aditzeko gaitasuna dateke Arizmendiarrietaren ahalmen aipagarriena. Eta, horrekin bat, eraldaketa prozesu luzeetan, zuzendaritzarekin eta kudeaketarekin batera, hezkuntza eta gogoeta ezinbestekoak direla irakasteko trebetasuna” (MENTXAKATORRE, Jon, Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile, 100. or.)

Igor Goitia

Zer nolakoa zen Arizmendiarrietaren pertsonalismoa?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

3 pentsamendu “Zer nolakoa zen Arizmendiarrietaren pertsonalismoa?”-ri buruz

  • Benat Castorene 2025-02-23 11:09

    Beste behin, hemen ere merezi du Simone Weik aipatzea zeinak erroztapenari buruz pentsatu zuenaz gain, azpimarratzen baitzuen lanaren zentraltasuna pertsonarentzat eta komunitate osoarentzat. Garaikideak izan arren, SW eta Arizmendiarrietak elkarren berri ez zakiten,baina ez ote litzateke interesgarri bi hauen pentsaera serioski erkatzea? Saio labur bat egina izan zen Arrasaten berean duela hogei bat urte emaitza gutirekin ordea ene iduriko.

  • Arizmendiarrieta ez zen “pertsonalista” antikolektibista baizik. Bere ekimena kontestu historikoan kokatu behar da: Lauzirika Obispo Frankistan bidali zuen Arrasatera. Nora eta 1934an urriko iraultza gertatu zen herri batera. Eliza Katolikoak erakutsi nahi zien Arrasateko langile industrialei iraultzarena ez zela bidea, izan ere garai hartako Arrasateko PSOEko kideek pertsona batzuk akatu zituzten delako iraultza horretan. Hori ez errepikatzea zen Frankismoaren eta Eliza Katolikoaren helburua. Horrela ulertu daitezke Mentxakatorreren aipuak artikulu honetan: abadea 1933ko urriko iraultzaileen kontra ari da idatzi horietan. Arrasateko langileei esaten die pertsona traszendenteak izan behar direla eta ez iraultza sozial materialista eta kolektibitate bateko protagonista arimabakoak. Simone Weilerekin ez dauka zerikusirik.

  • Igor Goitia Mora 2025-02-24 08:28

    Aurrenik, Erramun, mila-mila esker zure iruzkinagatik.

    Ez nago batere-batere ados zure komentariorekin. Testuringuruko gertakariak hartu eta hortik zure interpretazio eraiki duzula iruditzen zait. Arizmendiarrieta, zure batere gustokoa izan zein ez, pertsonalista ez bazen, “apaga y vamonos” erdaraz esan ohi den bezala. Ezin konta ahala adierazpen ahozko zein idatziko, idazki, testu, lekukotza geneuzkake tomoak ere idazteko bere pertsonalismoaren inguruan. Aurreko nire artikuluetan zure iritziak ikusita, gaizki leporatutako frankismoa zela-eta, konprenitzen dut primeran iragan ur horietara berriz bueltatu asmo izan zenezakeela.

    Baina, ekiodan hariak dakarkidanari…
    Perstsonalismoa bitarikotasun batean mugitu da beti, kontzeptu banaz; mutur batean pertsona dago, eta bestean komunitatea (ez kolektibitatea agregatu gisa). Bitarikotasun hori ulertzea funtsezkoa da pertsonalismoa konprenitu ahal izateko. Nahiz bi-biak diren bata bestea bezain inportantea, ontologikoki, katean, pertsonaren kontzeptuak hartzen du lehentasuna. Baina, jarrai-jarraian, pertsona delako hori giza harremanen bidez baino ezin da ulertu, “ni-zu”, “ni-zuek” (bestetik, Zubiri, Buber, eta XX. mendeko zenbait eta zenbait autorek deskribatu izan duten bezala), bezala eta ez inondik gailendu den neoliberalismoak aldezten duen “indibiduo” bakartu eta deslai gisa. Hor dator, segi-segidan, komunitatea, besteak beste, komunitarismo politikoak ulertzen duen bezalaxe.

    Pertsonalismoa ez da horren erraz ulertzen, eta zentzu horretatik ezta Arizmendiarrietaren testuak ere. Bateko, neoliberalismoak bere eskema indibidualista barnarazi digu guztiz. Baina, besteko, 70eko hamarkadatik aurrera, Euskal Herrian, hain errotutako eskema marxistak kolektibitatea (batasun frentea) inposatu du gizarte pentsaeran indibidualismoa horren kontrako antidoto gisa. Kolektibitatatea hor lehentasuna eta jaun eta jabe da, pertsona disolbatuz, eta berau “militante” huts bilakaraziz.

    Weilenaz diozuna…., hein batean erdi ados, Weil askoz harago doa eta pertsonaren sakraltasuna azpimarratze horretan, baina hainbat pertsonalisten pentsaera osatzeko balio izan du askotan.

    Beno, honaino…Nik uste, pertsonalismoak sor litzakeen konfusioak dirala eta ez direla, hurrengo artikuluetan xeheago mereziko lukeela zerbait jorratzea.

    Mila esker, Erramun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude