Zer lortuko du EH Bilduk Europara bakarrik aurkezten bada?

eh bildu europaERCren ezezkoarekin panorama argitu da. EH Bilduk bere bazkide hurbilena galdu du maiatzean egingo diren Europako Parlamenturako bozetarako. Espainiako indar txikiekin batuta ere, bere zakutik atera beharko ditu koalizio independentistak ehunka mila boto. Nahikoa izango ote du?

Aurrekariak

Maiatzean datoz ezaxola gehien sortzen duten hauteskundeak, Europako Parlamentukoak. Euskal Herriko bi indar nagusiek, EAJk eta EH Bilduk, azkenean nahiko argi erakutsi dute zein izango den haien bidea. Frente subiranistarik ez. Tradizioari segiz EAJk CiUren eskutik egingo du jolas, bi parlamentari aise lortzeko adina. Independentistak, ordea, umezurtz gelditu dira. Sorturen inguruko CUP ez da aurkeztuko, eta 2004an EAren eta 2009an EA nahiz Aralarren bazkide izan den ERCk bere bidea egingo du (milioi erdi boto ingururekin ordezkaria eskuratuko du).

Ezker abertzaleak ez du era normal batean Europan aurkezterik izan 1999an Euskal Herritarrok alderdiak Koldo Gorostiaga Bruselara eramateko 306.923 boto lortu zituenetik. 2004an legez kanpo utzi zuten Espainiako auzitegiek Herritarren Zerrenda, eta 2009an in extremis Iniciativa Internacionalista-k jaso zituen sektore horretako botoak.  Ofizialki 178.121 boto eskuratu zituen Alfonso Sastreren alderdiak, iruzurra askotan frogatu eta beste batzutan salatu baitzelako.

EH Bildu Europara helduko da?

Lehenbiziko galderan sartu aurretik Europako hauteskundeen kontaketaren aipamena egin behar da. Espainiako estatua barruti bakarra izaten da, Madrilgo Kongresurako bozetan ez bezala. 54 ordezkari izango ditu Espainiako Erreinuak eta ez da lurralde bereizketarik egiten.

Sorpresarik ez bada,

EH Bildu Europan egongo da

2009an espainiar estatuko biztanleen %45 joan zen hauteslekuetara. 2014an, Europaren krisi instituzional eta ekonomikoaren zuloan, inork gutxik uste du parte hartzea handitu denik. Justu kontrakoa. Ondorioz, zenbat eta boto gutxiago, orduan eta errazagoa izango da indar txikientzat (PP-PSOE ez direnentzat) eserlekua erdiestea. Tartean daude EH Bildu ez ezik, alderdi ultraeskuindarrak (UPyD, Vox) eta ezker espainiarreko apustu berria: Podemos.

Gauzak horrela, 200.000-270.000 boto izango da ordezkaria lortzeko langa. Gai izango da EH Bildu marra horretara heltzeko? Ikus ditzagun azken hauteskundeetan EH Bilduko indarrek lortu dituzten botoak.

  • 2011ko Udal eta Foru hauteskundeak: 352.177
  • 2011ko Espainiako hauteskundeak: 333.592
  • 2012ko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeak: 276.989

Agerikoa da. Emaitzak errepikatuz gero, langa gaindituko dute indy edo independentistek. Hautesleak mobilizatzeko gaitasuna izango da emaitzaren gakoa. Gorabehera handirik izan ezean, EH Bilduk Europako Parlamentuan ordezkari politiko bat izatea lortuko du.

5 pentsamendu “Zer lortuko du EH Bilduk Europara bakarrik aurkezten bada?”-ri buruz

  • Nik ere ez dut uste Bilduk arazorik izango dunik ordezkaritza lortzeko, ta ez bakarrik EHn lortutako bozkei eker, estatuko hainbat lekutik Euskaldunak diren bozka ugari jasoko ditula uste dudalako, baita Espainiar biztanleriaren zati baten bozkak ere, ezkerrekoak dutenak bere buruak ta Espainian dauden alderdiak gustoko ez dituztenak.

  • Nik ere uste dut lortuko duela sartzea, baina era berean uste dut “tranpa” txiki bat egiten dela azterketa horretan: ordezkaritza lortzeko behar den bozka kopurua kalkulatzen denean %45eko partaidetzarekin egiten da kalkulua, baina EHBilduko emaitzak jartzen direnean ez da esaten horiek %65-70 inguruko partaidetzarekin atera zirela. Adibidez, Espainiako hauteskundean emaitza proportzionalki %45eko partaidetzara jeisten badugu, 211.00 bozka inguru ateratzen dira. Eta EAEkoak, 188.000 inguru)
    Beste kontu bat: normalean Catalunyan bozka dexente atera izan du ezkr abertzaleak, Orain hori ez da gertatuko: CUP eta ERC oso indartsu daude. Oraingoan alderantziz gertatzea posibleago da: Euskal Herriko hainbat bozka hara begira jartzea, hango prozesua babesteko. Nik behintzat ezagutzen dut jendea hori egin behar duena.
    Beste nobedade ez oso ona: Sugarrek dio Espainiatik bozka asko jasoko direla, ados nago neurri batean. Baina oraingoetan bi nobedade potente daude: Batez ere Pablo Iglesiasen “Podemos” zerrenda, dagoeneko Espainian ez ezik hemen ere indarra hartzen ari dena, baina IU ere aspaldi ez bezala indartsuago datorrena.
    Beraz, lortuko du? Baietz uste dut, baina kontuz…

  • Amonamantangorri 2014-01-29 13:04

    Irits litezke milaka botu batzuk Espainiatik, baina hango ezker extraparlamentarioak aurten eduki dezake erreferente gertuago bat Pablo Iglesiasengan, baldin honek azkenean bere nahia lortzen badu, alegia, IUren makinariak Podemos-en hautagaitza primarietan onartzea. Hori ere zaila, Ezker “Batu” hori nolakoa den jakinda…

    Pablo Iglesias zerrendaburu izanez gero, litekeena da ezker abertzaleak Espainian lehen bezalako emaitzik ez ateratzea.

    Posible da oraindik Katalan Herrialdeetako ezkerrak eta agian Galiziakoak (Anova, UPG, NOS, e.a.), parte batek bederen, boto “mailegatua” EH Bilduri ematea.

    Eta Andonik abstentzioari buruz ematen dituen datuak: hori ere kontuan hartzekoa da, baina gauza jakina da ezker subiranistaren parte handi xamar baten botoak pasta berezi batekoak direla. Elurra edo kazkabarra egin, izan zerrendaburu Mintegi, Larreina, Otegi ala Zakilixut, horiek beti doaz botoa ematera, sinfalta. Abstentzioak besteei baino gutxixeago erasaten diola esanen nuke.

  • Botu bat gehiago frantzia eta espainol hautestontsietan da bala bat gehiago inperialismo totalitarioaren arsenaletan. Boto bat gutxiago da aktibo bat gehiago independentziarako bidean eta erresistentziarako deiadarrera.

  • Amonamantangorri 2014-01-29 23:11

    Foro batean Izen ezberdinak erabiliz mezu monotematikoak sartzen aritzea da, definizioz, troleatzea.