Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu?

Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu? –

Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu?Herribiltzak Argia eta Mediabask-en argitaratu berri du “Euskal Herri Burujabe: gure bizi baldintzak berreskuratuz” dokumentuari ematen dion erantzuna, Bizik dokumentu hau…  2018an argitaratu zuelarik. Herribiltzaren arabera, “Bizi mugimenduak zentzu faltsua ematen dio Burujabe hitzari”. Elhuyarren euskara-frantsesa itzulpenean eta Petit Robert hiztegiaren frantsesezko definizioan oinarrituta, Herribiltzak uste du “Euskal Herria Burujaberen benetako zentzua dela Euskal Herria independente, euskal populua subirano“.

Logika hori jarraituz, 1993tik goiti Via Campesinak ezagutarazi duen “elikadura-burujabetza” kontzeptua “elikadura-independentziara” murriztuko litzateke? Zentzugabekeria aski larria izanen litzateke: populazio, Estatu edo Estatu-talde bakoitzarentzat beren elikadura ekoizteko baliabideak autonomia osoz plantan ezartzeko eskubidearen onarpenean oinarritzen da “elikadura-burujabetza”, eta hori egokienak iruditzen zaizkien laborantza-politiken bidez, eta gainontzeko herrialdeetako biztanleengan eragin negatiborik sortu gabe. “Elikadura-burujabetza” nozio hori Munduko Merkataritza Antolakundeak (MMA) sustatutako laborantza-merkatuen antolaketaren aurka agertu zen, eta, zoritxarrez, antolaketa hori estatu “independente” askok plantan ezarri zuten.

Elikadura-burujabetzaren definizio horren ildotik, gure bizien baldintza guzien determinatzaile nagusiak defendatu nahi ditu Bizik, hau da, gaur egun etxebizitzarako, berotzeko, elikatzeko, mugitzeko eta, areago, esanahi kolektiboa duen giza komunitate baten barruan pertsona gisa eraikitzeko behar dugun guzia. Gaur egun denoi eta gure ondoren egonen direnei harrera egin eta elikatzeko gai diren lurraldeak eraiki nahi ditugu. Gure bizien baldintzen berreskuratze horri burujabetza erraten diogu.

Hobe ote litzateke Bizik “bere energia burujabetza instituzionalaren alde” ezarriko balu, Herribiltzak gonbidatu bezala? Bistan denez, bizi dugun errealitatearen alderdi askotatik, kanpoko hiriburu batean botereen zentralizatzea eta kontzentratzea ez da, noski, gure bizien baldintzak defendatzeko, gure burujabetza defendatzeko irtenbiderik onena. Baina, zintzoki, ez dago arrazoirik pentsatzeko Euskal Herria bezalako lurralde ttikiagoen subiranotasun instituzionala a priori hobea izango denik. 20 urteren buruan erran ahalko ote dugu gure energia ongi erabilia izanen dugula Euskal Herriaren independentzia lortzeko gastatu badugu, Estatu berri hau paradisu fiskala baldin bada, bertan inor ez bada euskaraz mintzatzen, haren laborantza iraungaitza baldin bada eta oraindik ez baditu populazioaren laurdenaren beharrak ere asetzen, petrolioaren mende jarraitzen badu, haren kultura guziz folklorizatua bada, biztanleak hiri barneetatik erabat kanporatu dituzten turisten plazerrarentzat, etab?

Robert hiztegiaren arabera, estatu hori subiranoa litzateke. Ez Biziren arabera. Baina horrek, bistan dena, ez du erran nahi burujabetza instituzionala guretzat egokia ez denik. Elikadura, energia, kultura eta abarren burujabetza proiektua kolektiboki definitzen badugu, behar faltsuetatk askatzean eta ingurumen-iraunkortasunean oinarriturik, tamalgarria izanen litzateke proiektu hori gorpuzten ahalko lukeen erakunde politikorik ez sortzea. Adibidez, Iparraldeko errealitate ekonomiko eta kulturalarekin bateraezina den laborantza-ereduarengandik emantzipazioaren alde diharduen Laborantza Ganbara bezalakoa.

Bizik subiranotasunari buruz dituen ikuspuntu horiek Telesforo Monzon Fundazioak 2020an argitaratutako “Subiranismoa eta Burujabetzak” artikuluan zehazten dira. Era berean, azaltzen dugu ezen, Europan, mugimendu «subirano» deritzenek, eskuinekoek nahiz ezkerrekoek, beheranzko logika bertikal bera dutela, zeinaren arabera erabaki politikoak —eta, azken batean, biztanleei ezarriko zaizkien neurriak— burujabetza instituzionalari buruz duten ikuskeratik eratortzen baitira. Bizik aldiz goranzko logika bertikala lehenesten du: gure bizien baldintzen defentsan oinarritu behar dira erakunde aldarrikapenak.

Horregatik, abertzale eta ez-abertzale direnek elkarrekin Euskal Herrirako lurralde jasangarri eta bidezko proiektu bera zehaztu dezaten lanean ari da Bizi. Independentistek gehiengo soziala beren proiektu instituzionalaren atzean biltzeko aukera izan nahi badute, interes handia dute horretan laguntzeko! Baionan urriaren 7an eta 8an antolatuko den Euskal Herri Burujabe 2023 ekitaldian, Bizi taldeak 2018ko dokumentuaren bertsio eguneratua aurkeztuko du, Euskal Herri burujabe, iraunkor eta solidariorantz egiteko metamorfosi ekologiko eta soziala bizkortzeko proposamenekin. Proposamen hori helburu horiek partekatzen dituzten guzien ekarpenekin aberasteko esperantza dugu. Baionan elkar ikusiko dugu laster!

Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu?