Zer ikusi, hura ikasi
Zer ikusi, hura ikasi –
Hezibidea funtsezko balioa dugun arren, hezibide txarrak aitzakiarik gabeko garenaren galera dakar. Hala ba, kultura eta hezibidea, batera joan daitezkeen arren, sarriegitan elkar joka ari zaizkigu.
Aspaldi batean, baserritar jakintsu batek ziona diot: begirunea, errespetua galtzen denean, dena galtzen da: «Hik errespetetan banauk ni eta nik hi, horixe dok bizitzaren gauzarik ederrena». Ba, bakoitzak bere arrazoiak sartu nahian modurik okerrenean bestea deskalifikatzeko ohitura areagotu da, non eta politikaren egin beharretan.
Gure baserritar jakintsu hark ez zuen ezer liburuetatik ikasi, ez zeukan aukerarik, ez zen eskolara joan, ezin izan zuen, ez zeukan, orain diogun eran, kultura handiegirik. Bera zen kultura, berezko kultura jantzia zeukan, bizitzan ikasitakoa hausnartu eta honexek egin zuen jakitun. Gorbeiapean jaio eta bizi izan zen, ez zuen urrutira joateko aukera gehiegirik izan, baina beti ez da urrunera joan behar bizitzaren gauza premiazkoenak zeintzuk diren jakiteko.
«Gogoratu eik Mendibil, zentzuna behar dok, hain jagok gitxi, eta kontu izan errespetu barik ez jagokela ezer!», horiexek izan ziren agurtzean entzun nizkion azken berbak. Zer ikusi, hura ikasi, diogu, eta, benetan ere, erreferentetzat hartzeko moduko gizakia genuen baserritar hura.
Gaur, erreferentetzat beste era bateko pertsonak hartzen ditugu, eta erretorika izan daiteke, baina hezibide txarreko gizakia, pertsonaren izateari eta pertsonaiaren porrotarekin lotua dago, eta azpimarratzen dut ohikoak diren portaera desegokiak gogaitzen nautela.
Eraiki duen pertsonaiatik pertsona urruntzen denean, ezagutzen genuen gizaki horren pertzepzioa aldatzen doakigu, eta zoritxarreko igelaren eta eskorpioiaren fabulan bezala, «giza izaera» dela esan ohi dugu.
Ezaguna dugu eta geure egin dugu, euskaldunok gizaki zintzoak eta benetakoak garenaren esaera, baina sarriegitan hitza egintzarekin bat ez datorrenean, desnaturalizatu eta deskalifikatu egiten da.
Eta Gorbeiaranzko bisitaldi batean, «ze jende modu ari zaigu ba hemendik?» galdetu nion bertako artzain bati, eta honen erantzun zorrotza: «Jende asko baina pertsona gutxi».
Eta, zer esan, politikakeriaren zabarkerietara garamatzan hezibide txarreko politikariez? Besteenganako irainak eta azpijokoak jaurtiz eta aurkaria gutxietsiz, zera diot: politikaren egiteari eta elkarbizitzari ez diola batere onik egiten.
Bestalde, zer ikusi honetan, foku mediatikoan jarri diguten kultura eta hezibideari lotua dagoen Viniciusen aferan, arrazakeria eta honen ondorioak diren sektarismoa eta miseria kulturala dugu.
Arrazakeria eta diskriminazioaren gaia, hala ere, gizakien koloretik eta futboletik harago doa. Gizaki gajoa diskriminatzen duena, egoera-sozioekonomikoa da ezbairik gabe: guztiok berdinak gara lelopean, funtsean eta forman, ez ditugu denak berdin tratatzen. Joera eta jokaera arrazistak gizartearen zati batean oraindik nagusi den ingurune faxistaren isla dira eta, hezibide txarrak, formak saihesten dituen izatearen harrokeriara garamatza.
Honela ba, justiziak, eraso arrazistaz gain irainak botatzen eta tentsioa sutzen ari direnei ere aurre egin beharko die. Gizaki gajoarenganako mespretxua eta sektarismoa dira gure egunerokotasunaren albiste, eta gizakion zakarkeriak elkarbizitzan atzera egitera garamatza. Eta bai, zer ikusi honetan, ardura handia daukagu, zeren, badirudi lortu izan ditugun gauza asko, askatasunak, aurrerapen sozialak… beti izan direla horrela; ba, ez. Denak hobera edo okerrera egin dezake, geuregan dago. Esaerak dion bezala, Eginahala nolakoa, ondorioa halakoa.