Zer gara gu, nor gara gu
Zer gara gu –
Nazioa eta klasea, klasea eta nazioa, txanponak bi alde dituela esan izan da betidanik. Kontraesan bikoitza zela, batak bestea elikatzen eta baldintzatzen zuela, eta alderantziz. Bi pedal zirela eta, aurrera egiteko, biei eragin behar zitzaiela. Pedalkadaz pedalkada, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren ibilbidea ekin horretan urratu dela, bere antolaketa eredu, ekoizpen ideologiko eta borroka moldeetan. Batzuetan asmatuz eta beste batzuetan ez hainbeste. Nolabait, nazioa eta (langile) klasea, bietan jarrai.
Ideia horrek definitu ditu gure aldarrikapenak eta estrategia, independentzia eta sozialismoa txanpon berekoak zirelakoan. Ogi ala ardo, txanpona airera bota eta, ateratzen zena ateratzen zela, beti balekoa zelakoan. Beti? Biak pareko?
Abertzaleontzat aberria da abiapuntua eta helburua, kontraesan nazionala dugu kontraesan printzipala. Horrek ardaztu ditu eztabaidak, horrek elikatu ditu kontzientziak, lehen eta oraintsu arte horrek sutu ditu aberriaren askatasunaren aldeko gudariak.
Gure herria bezalako herri txikiekin, gurea bezalako historia mingarri eta geografia zatituarekin, gure hizkuntza baztertuarekin eta nortasun eragotziarekin, ezkerreko pentsalari asko ez dira baikorrak izan. Historiaren eta aurrerabidearen legeak aipatzean, mundu eta ideia handiekin liluratuegi aritu dira. Herri txikiegia garela, eskala arazo bat dugula egotzi diote, txokokerian dihardugula, geurekoi. Handia ere txikia izan zela, igoeraren ordua bezala erorketarena ere heltzen zaiola ahaztuta.
Aspaldikoa da joera hori, ezkerrarena eta eskuinarena, espainol zein frantsesena. Lehen, langile klasearen ezkerreko ustezko defendatzaileentzat, «trogloditak, kapitalistak, Vatikanoaren gotorleku» ziren abertzaleak. Eta eskuinekoentzat, «masoiak, gorriak, Moskura salduak». Geroago, Euskal Herrian klase kontraesana denetan printzipalena egin nahi izan duten indarrak ere ezagutu ditugu, troskistak, maoistak, sasikomunistak… eta horrela bukatu dute, kontrakultural, bazterreko.
Egon ziren Madrilgo Sol enparantzatik hauspotu zen M15eko mugimendu harekin liluratu eta esperantza oro haren alde ipini zituztenak, Espainia mailako klase elkartasun batek gure aberriaren askatasunaren giltza zela uste zutenak, apustua hutsaltasun politikora kondenatuta zegoela ohartu diren arte. Gaur ere, badira, badirenez, Kontseilu Sozialistak gurean, han-hemen, gure lagunen seme-alabak batzuk, prentsa espainolak ezker abertzaleko «disidente» deitzen dituztenak. «Langile boterea», «sozialismoa eraiki», Azpeitiko Gazte Koordinadora Sozialista eta Cacereseko Coordinadora Socialista Juvenil logo, kolore, mezu, sintonia eta proiektu berdinean… Euskal Herrian ezagutu diren kalamidade politikoen artean, aspaldikoa eta oraingoa. Aurrekoak bezala, denborak bere lanean eta urak bere bidean, bere tokian bukatuko dena.
Ezin zaiolako bortxaz Euskal Herriari teoria komunista bat ezarri, Euskal Herria ez dagoelako inongo teoria baten zerbitzura. Gure herriaren zerbitzura bizi eta borrokatu behar dugu. Ez dugulako teoria baten neurrira egindako herria eraiki nahi, herri bat askatzeko bide bat bilatzen dugulako, ez gehiago ezta gutxiago ere. Abiapuntua ez da teoria, Euskal Herria da abiapuntua beti, eta helburu bakarra. Abertzaleontzat hori da, eta ez bestelakoa, funtsezko funtsa.
Abertzaleak izan daitezke marxistak edo anarkistak, kristauak edo ateoak, langileak edo enpresaburuak, morroiak, artzainak, kontrabandistak, sozialistak edo sozialdemokratak, gorriak edo berdeak, moreak edo zuriak, baina beti aberria eta askatasuna helburu. Euskaldunak bagara, ez gara espainolak, ezta frantsesak ere, eta Euskal Herria maitatu eta defendatuko dugu. Euskal jendea gure borrokaren hartzaile beti. Nor gara gu, zer gara gu, argi eta garbi, kontzientziaren muin eta eztabaidaren erdian.
Baina beste zerbait ere behar da: abertzaleen artean jokaera banderizoak eta ezin ikusiak, batasun eza eta elkarkidetza falta bukatu beharra dago, Telesforo Monzonek zioen bezala, «etsaitzen gaituen Mari-gaiztoa» garaitu. Herri abertzalea batu behar da oinarri partekatu batzuetan: euskara, lurraldea, hitza eta erabakia, aberriaren askatasunerako ezinbestekoak diren oinarrietan. Eta, hartara, gehiengo herritarrak antolatu, olatu eta borroka berriak artikulatu, ez bokazioz minoria ideologizatua izatea xede duten asmoak, denetan gorrien eta puruen badira ere.
Abertzaleak hori nahi baitu: bere aberriarentzat onena, arrakasta, garaipena. Eta aukera denetan hoberena independentziarena da. Hartara, irabaztera ausartu eta garaipenari beldurra galdu behar zaio. Zer da, baina, garaipenari beldurra galtzea? Errealitateari den bezala aurre egitea da, ez gustatuko litzaigukeen errealitatea irudikatu eta bertan gozo egotea; argudio propioen purutasuna mantenduz, porrotetik porrotera noizbait irabaziko delakoan gauean lasai lo ez egitea da; oraingoan irabazten ez bada, hurrengo batean, datozen belaunaldiek irabaziko dutela ez onartzea da.
Errealitatera atxikita lagunarte justuago batetarantz, gizarte erlazio egokiagoen alde, urratsak egin behar ditugu. Jaso dugun herentziatik abiatuta, hura errentabilizatuz, sekula santan amortizatu gabe. Bide bazterrean inor uzteke. Nekatuta edo desilusionatuta geratu direnak atendituz, erreskatatuz, zainduz. Kontraesan printzipal eta sekundarioen inguruko eskola zaharreko irakaspenak zainduz, sektorialak diren kontu orotatik printzipioak egiteke. Egiturak berreginez, herri abertzalea konpaktatzeko borondatea duten akordioak landuz, indar erlazio berriak behartuz, maniobrarako espazioak sortuz, zentzuz jokatuz. Beti-beti estrategia independentista baten mesedetan. Aberria bizi dadin. Euskal Herria askatu dezagun.
Euskal abertzaleek semealabarik ez badute izaten, zertarako defendatu herri proiektua??? Gure herriaren iraupenean semealabak mundura ekartzea funtsezkoa da, baina alderdi abertzaleei oinarrizko baldintza hau ahaztu zaie.