Zer espero dugu maisu-maistra batengandik?
Zer espero dugu maisu-maistra batengandik? –
Aspaldidanik, lagunarteko solasaldietan, irakasleen papera zenbat aldatu den entzun dezakegu. 70. hamarkadan jaio genuenok, behintzat, argi genuen aita-ama eta irakasleen artean adostasuna zegoela eta guk, txikiok, kasu egin behar geniela. Zer esanik ez 70. hamarkada baino lehen jaiotakoen memoriak.
Horiek diote irakasleek esaten zutena etxekoek esaten zutena baino indar gehiago zuela, eta familiak baimen guztiak ematen zizkion irakasleari bere seme-alabak hezi zitzan. 80. hamarkadatik aurrera jaiotakoekin gauzak aldatzen hasi ziren. Irakasleei exijitzeko ohitura zabaldu zen, mesedez eskatu edo partekatu beharrean. 2000 urtetik aurrera, lehen hezkuntzako zenbait ikasle “salatuko zaitut” esaldia hasi ziren erabiltzen irakasleek gustoko ez zuten zerbait esaten zutenean. Horren aurrean, familia seme edo alabaren alde agertu da kasu askotan. Horrela garatu da irakaslearen papera gure gizartean.
Irakasle batzuk bokaziozkoak dira, eta benetan inplikatzen dira ikasle bakoitzaren bilakaera pertsonalean, sozialean eta ikaskuntzakoan. Irakasle horiek ikasle bakoitza ikaskuntza-prozesu aberats batean murgiltzen saiatzen dira. Egoera emozionalei aurre egitea izaten da zailena. Haur baten egoera emozionala orekatua ez bada, ikasteko arazoak eta portaera-arazoak sortzen dira. Haur bat gelan ondo ez ikustea oso mingarria da irakasleentzat, eta askotan ez dute behar besteko formakuntzarik desoreka emozional hori ikasteko gogo bihur dadin.
Zer eta nola ikasi beharko lukete gure maisu-maistra gazteek irakasle-eskolan? Didaktika, hizkuntzak, natura, matematika, artea, kirola eta abar. Eta, nork bere burua ezagutzeko eta, horrela, ikasleak eta familiak hobeto ulertzeko tresnak? Non eta nola ikasiko dute hori?
Norberaren bizitzak, eskarmentuak edo sentsibilitateak ezagutza hori ekartzen duela esango bagenu, ez diogu mesede handirik egingo gure hezkuntza-sistemari. Irakasle bakoitzak bere bizitza du ikastetxetik kanpo, eta bertan ere bere arazo pertsonalak ditu. Ziurrenik arazo horiei emozionalki aurre egiteko ere zailtasunak izango ditu. Gogora dezagun irakasleak gizakiak direla eta gizakiok, oro har, oraingoz ez dugula laguntza askorik jaso gure emozioekin moldatzeko. Beraz, irakasle bat bere ikasleen aurrean ikasgelan dagoenean, oso erraz desorekatu daiteke ikasleek, ispilu gisa, irakaslearen emozioak, pentsamenduak eta sinismenak agerian jartzen dituztenean. Beraz, norberaren ezagutza derrigorrezko ikasgaia izan beharko litzatekeela magisteritza eskoletan pentsatzen dut. Autoezagutza hori ez dagoenez, maisu-maistra lana hain da nekagarria.
Hezkuntza Sailak ematen dituen arauetan irakasleen iradokizunak eta ezagutzak hartzen diren kontuan, beste kezka-iturri garrantzitsua da irakasleentzat (eta, ziurrenik, beste artikulu baterako gaia). Idazten duenari kosta egiten zaio ulertzea administrazioak zergatik ez dituen garatu irakasleengana hurbiltzeko bide gehiago. Hau da, maisu-maistrek ezagutza handia izaten dute hezkuntza hobetzeko, baina Administrazioak sarritan ezartzen ditu ezagutza horren aurkako aginduak. Eztabaida horretan energia asko galtzen da eta azken biktimak beti gure ikasleak dira. Noiz eta nola erabiliko ditugu gora-behera bidezkoak diren komunikazio-sareak? Administrazioaren eta irakasleen arteko komunikazioa hobetzeko jakinduria ezinbestekoa da. Bestela, etengabe galtzen ari gara irakasleek ikasleekin eta haien familiekin izandako esperientzien bidez eskuratutako ezagutza. Administrazioak ematen dituen arauak, eta horien atzean dauden interesak, askotan ulertzeko zailak dira irakasleentzat eta “indarrez” onartu behar dituzte.
Uste dut garaia dela gure iragan diktatoriala gainditzeko eta komunikazio-formula horizontalak eta bertikalak bilatzeko, gure gaitasun profesional guztiaz balia gaitezen.