Zer esango ote zuen Txillardegik gaur?

Zer esango ote zuen Txillardegik gaur? –

Joan zitzaigunetik dozena bat urtera, zer pentsatuko ote zuen egungo Euskal Herriaren autonomiaren eta euskaldunon martxaz?, nik oso kritiko imajinatzen dut, oso kritiko euskaldunon eguneroko kultural-linguistiko tristearekin, eta oso kritiko abertzaletasunaren ibilbidearekin, bai EAJrekin eta baita EHBildurekin ere.

Zer esango ote zuen Txillardegik gaur?

Puigdemont eta Junts-engandik askoz hurbilago, hots, Miriam Noguera eledunak berriki agertu bezala: “Katalunia eta katalanengatik ari gara negoziatzen Madrilen, eta ez Sanchezengatik edo Espainiako erresuma aurrerakoiagatik“; Kataluniaren ordez, Euskal Herria jarrita, eta ez bere lelo politiko nagusi gisara neofrankismo antifaxistari atea ixteko nahia agertzen duen EHBildurenetik; horri, iragan mendeko 60ko hamarkadako felipeen jarrera espainolistaren trazak hartuko zizkion, hortxe nonbait!

Indarrak metatze aldera, Espainiako ezkerrraren gatibu?; utzi norteñoen ikuspegi ustel horiek eta goazen muinera, abertzaleen arteko frontea osatzera eta indartzera, esango zukeen gutxi gorabehera. Entzuten ari naiz neure baitan: hori bera bizi zela bai, baina, besterik ezinean, egoera berrira egokituko zela? Ezetzean nago. EAJ gogor jorratuko zukeen, PSErekin ezkonduta bizitzeagatik, eta EHBildu, hein (handi) batean EAJren jarreragatik izanagatik, PSOEren morroi zintzo bilakatzeagatik Madrilen.

Euskararen, euskaldun gero eta elebidunagoon egoerari zer iritziko ote zion?, kaxkarra, nik uste. Amore emanda edo seko arduragabetuta sumatuko zituen politikariak, eta herritarrok ere, hein handi samar batean, salbuespenak salbuespen. Euskararen ezagutza gutxienekoa gurean unibertsalizatzetik oso urrun, euskara irakaskuntzan ongi finkatzetik urrun, ETB1 ETB2ren mendean…; gure herri eta hirietako kaleak lehengo eta oraingo etorkin euskarak ez baizik erdarak asimilatuez josirik –euskotar eta euskaldun erdarak ia guztiz asimilatuak ere bai, noski!–, euskaldun elebidunon demografia gero eta makalagoa –kanpotarren beharrean beti–, eta erabat harturik, euskarak oso arnas gutxi duela euskal herri eta hirietan; kasu gehienetan, oso ere bazterrekoa!

Alabaina, sumindua imajinatzen dut eta ez etsipenak jota. Itxaropen zirrikituen bila eta haiek hauspotu nahian; Kantauri ondoko gizaki jenio bizikoa baitzen, eta ez Mediterraneo ondokoa, nahiz gaur egun, Jose Mari Pastorrek dioen bezala, haiek lehen basquitisak jota bezala, katalanitisak joago gabiltzan gaur egun geroni, duela dozena bat urte joan zitzaiguna estimutan dugunok.

Txillardegiren heriotzaren urtemugaren aitzakian, neure pertzepzioak agertu ditudala? Baliteke!

Zer esango ote zuen Txillardegik gaur?

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

8 pentsamendu “Zer esango ote zuen Txillardegik gaur?”-ri buruz

  • Autozuzenketa: neofrankismo faxista, ez, antifaxista.

  • Beñat Castorene 2024-01-15 19:05

    Kaixo Pako
    Eta zer pentsatuko luke bada iparraldeaz? dudarik gabe deus onik. Halere espero dut ez zuela fuera erranen.
    Baina ez dakit bere garaian hemen gertatzen ari zena erabat ulertu zuenik.
    adeitasunez.

  • Azkar eta ongi erantzuteko galdera zaila Beñat. Ezagutu oso ongi ezagutzen zuen Iparraldeko egoera eta, esaterako, ESBtik kanporatua izateko arrazoiak “Enbata”-n eman zituen frantsesez. Zehazki: “E.S.B épuration” izenekoan.

    Dakizun bezala, urte mordoxka eman zuen Iparraldean (1961-1964; 1969-1976 gutxi gorabehera, joan-jin ugarirekin); frantsesez bazekien; enbatakideekin bazituen harremanak eta beste hainbat kultur eragilerekin…Enbata kazetaren plaza baliatzen zuen…; hobeki aztertu beharko litzateke baina ene hipotesia da oso barneratua zuela EAEn, Nafarroa Garaian eta Iparraldean, ezin zela berdin joka, eta galdekizun edo exijentzia handienak EAEko politikarientzat zituela.
    Nafarroari buruz zioen, ezen Nafarroa gabe euskal proiektua errorik gabe gelditzen zela, historia gabe, gaztelu barik, buruzagi herrikoi eta antifeudalik gabe, Arturo Campion, Axular, Etxepare, Mina, Gaiarre, edo erriberako ardorik gabe…Otsagi, Orreaga, Belagua, Goñi, Aralar, Urbasa, Baztan gabe; Amikuze, Oztibarre, Garazi eta Donapaleu gabe, Xalbador eta Xalbadorrek esan nahi duen guztia gabe; haatik, Nafarroa Garaiko nafarrek 1977ko ekaineko bozetan eta 1979ko martxo-apirilekoetan botoak eskuin espainolari (Aizpun, Del Burgo…) eta ezker espainolari (Urralburu…) ematean, eta ez Garaikoetxea eta koalizio autonomistari eta eusko nazionalistei edo Patxi Zabaleta eta HBri, zioen:
    ¿Qué culpa tiene el pueblo navarro de su alienación? (en la medida en que ésta existe aún; pero en mucho menor grado de lo que quisieran los Del Burgo y Aizpún) ¿De cuándo acá el pueblo es responsable de las alienaciones que le han sido impuestas desde fuera? Pretender que el pueblo navarro “tiene la culpa” de la realidad que reflejan los resultados electorales, es pretender que el pueblo navarro ha sido dueño de sus destinos estos últimos años. Y eso es escupir al pueblo navarro. Porque el pueblo navarro, por lo menos tanto como el resto del pueblo vasco, ha sido víctima de sus dirigentes, víctima de sus clases dominantes, víctima de un General que se llamó Mola, y víctima de los terratenientes, caciques y explotadores de todos los colores (…) Navarra ha sido víctima del clero reaccionario… (“Yo no escupiré a la víctima” in Punto y hora 1979-08-02-09.)
    1979ko artikulua da. Handik aurrerakoaz…Berriro diotsut, analizatu egin behar.
    Diosala Beñat!

  • Enbata-ko artikulua: 1978-06-22.

  • Kaixo Beñat: Txillardegiren 1969ko artikulu bat atzeman dut JAKIN, Txillardegiren idazlanetan. Euskal Gazteriak egindako txosten bat du oinarri. Eta izenburu adierazgarria: “Iparraldea gain-behera”, Gipuzkoako Zeruko Argia aldizkarian 1969-10-12an argitaratua. Ez dakit estekak balioko dizun:https://www.jakin.eus/show/415c3aab0b37c1a1e9cc2e6f5ee26c07c7441233.
    Ez da adore emailea! 1969koa. Atzeman dudan aurrena.

  • Beste artikulu bat Beñat, “Enbata”-n: 1989-03-16: 8. https://www.jakin.eus/show/3659ae532fba21eabb14f2e0c145bc5682ed9da6

  • Benat Castorene 2024-01-16 15:05

    Bikain Pako,
    Milesker. Zinez opari ederra. ( ez dut Enbatakoa oraindik irakurri) Pixka bat harrigarria ere Beñat Laxaguen “Euskal Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia”publikatzen hasi naizen une honetan berean.
    “Nekazaritzaren aldakuntzak dirala-ta, baserriak hustu egiten ari dira Ahuñamendiaz bestaldera”. dio Txillardegik. Eta horregatik beragatik zuen hausnartzen Beñat Laxaguek estruktura sozio ekonomiko eta bizi modu berri duin bat asmatu nahian euskaldunak Euskal Herrian egon daitezen.
    Tamalez, ez dut uste elgar ezagutu zutenik, baina jakin nahiko nukeen Txillardegik zer pentsatuko ote zuen Beñaten utopiaz. Xarriton bezain “perplexua” izanen ote zen? Edo ikusiko zuen lana eta euskara bizia salbatzeko estrategia bat herriaren toki batzuetan bederen?
    Ideia krtikatu dutenek ez dute beste deus aurkitu eta horregatik gara hain gaizki orain nahiz ukatzen duten.
    Banu ohar kritiko nat egiteko erran nezake ez zuela beharbada hondoraino ulertu dekadentzian zegoen mundu laborari horren handitasuna. Bere akats guztiengatikan ere harek zuen bakarrik euskaltasuna bizirik mantendu iraultzatik landa.

  • Beñatu: artikulu ugari idatzi zuen Enbata-n. 100etik gora.
    Hona beste bi:
    https://www.jakin.eus/show/f69c9fa8fae6fa28887f90d36f1b6805d928fccd; eta
    https://www.jakin.eus/show/f02e1015e121ddd084a514515bc0be52301a8e7a;
    Lehena 1976koa eta bigarrena 1989koa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude