Zer egin FOGASAren ordainketa eskatzeko?
Zer egin FOGASAren ordainketa eskatzeko? –
2018/02/28
Azken eguneraketa: 2024/03/12
— Langileen Estatutuko 33. artikulua
— 505/1985 Dekretua, Soldatak Bermatzeko Funtsaren antolaketaz eta funtzionamenduaz
Zertan datza?
FOGASA “fondo de garantía salarial” delakoaren akronimoa da. Lan epaitegiak enpresak kaudimenik ez daukala adierazten duenean edo hartzekodun konkurtsoan dagoenean, hau da, enpresak langileei zor dizkien soldatak edo kalte ordainak ordaindu ezin dituela esaten duenean, soldatak bermatzeko funts hau erabiltzen da. Langileak ezer kobratu gabe gera ez daitezen balio du: FOGASAk langileei diru hori aurreratu eta, gerora, enpresari erreklamatuko dio.
Hortaz, FOGASAk bi kasutan hartuko du esku:
– Zor diren kantitateak erreklamatzeko prozesu judiziala hasi ostean, enpresak ez badu zorra kitatzen eta epaitegiak ebazten badu enpresak ez duela kaudimenik.
– Enpresa, nahiz eta kaudimengabea ez izan, hartzekodun konkurtsoan sartzen bada eta langileekiko zorrak badauzka.
Funts hau kotizazioz elikatzen da, baina, adi! FOGASAgatik enpresak baino ez du kotizatzen eta ez langileek. Kotizazio ehunekoa: %0,20 (gertakizun profesionalen oinarriaren %0,20, alegia).
Nor babesten du FOGASAk?
Beste inorentzat aritzen diren langileak babesten ditu. Hau da, autonomoak kanpo geratzen dira, baita autonomo faltsuak ere. Edozelan, egoera honetan bazaude, gogoratu enpresa salatu dezakezula:
Era berean, kooperatibetako bazkide langileak ere FOGASAren babesetik kanpo daude.
Etxeko langileak 2022. urtera arte estaldura honetatik kanpo zeuden. Hala ere, urte horretako urriaren 1etik aurrera enplegatzaileek FOGASAgatik ere kotizatu behar dute eta, hortaz, langileek FOGASAri ordainketak eskatu ahal dizkiote enplegatzaileak kaudimenik ez daukala adierazten badu. Hala ere, gainontzeko langileekin alderatuta, diskriminazioak oraindik badirau, geroxeago ikusiko dugunez.
Zenbat diru ordaintzen du FOGASAk?
Enpresak zor dizuna zor dizula ere, FOGASAk muga batzuk ezartzen ditu. Honela, zenbait kasutan, langileek jasotzen dutena dagokien baino diru gutxiago izan daiteke.
-
Soldaten kasuan
Gehienez 120 egun ordainduko du.
Gehienezko zenbatekoa lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza izango da (aparteko pagak hainbanaturik edo “prorrateaturik”).
Hau da, kalkuluak langilearen soldataren arabera egingo dira (kalte-ordainen kasuan bezala), baina muga bi hauek errespetaturik: eguneko soldata gutxieneko soldataren bikoitza baino gehiago balitz, azken kantitate honetara mugatuko litzateke eta, era berean, 120 eguneko soldata baino ez genuke jasoko, gehienez, nahiz eta enpresak egun gehiago zor.
-
Kalte-ordainen kasuan
Honelakoetan ere gehienezko zenbatekoa lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza izango da (aparteko pagen zati proportzionala barne), urtebeteko mugarekin.
– Kaleratze bidegabe edo baliogabeak: 30 egun urte bakoitzeko (nahiz eta epaileak enpresari agindu 45 edo 33 egun ordaindu behar dituela).
– Kaleratze objektibo edo kolektiboak: 20 egun urte bakoitzeko.
– Aldi baterako kontratuen kasuan: 12 egun urte bakoitzeko
Gehienezko zenbatekoak 2024. urterako (Fogasaren orrialdetik aterata)
• Lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza (aparteko pagak hainbanaturik): 87,79€ egunean
• Soldatetarako gehieneko muga: 10.534,80€ (87,79€ x 120 egun)
• Kalte-ordainetarako gehieneko muga: 32.043,35€ (87,79€ x 365 egun)
FOGASA eta etxeko langileak
Fogasaren babesa jasotzeko, enpresek kontzeptu horrengatik kotizatu behar dute. 2022ra arte, enplegatzaileak kotizazio honetatik salbuetsita zeuden eta, hortaz, langileak estalduratik kanpo. Ordudanik, hala ere, etxeko langileren bat kaleratzen badute eta enplegatzaileak ez badio kalte-ordaina ordaintzen, kaudimenik ez duelakoan, Fogasak gutxieneko batzuk bermatuko dizkio:
- 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, 6 hilabeteko mugarekin.
Hau da, lan egin duzun urte bakoitzeko, 12 eguneko soldata ordainduko dizu. Adibidez, bost urtez egon bazara lanean, 60 eguneko soldata jasoko zenuke (hilabete bi).
6 hilabeteko mugak esan nahi du, gehienez, 6 hilabetetan kobratuko zenukeen soldata jasoko duzula, berdin zenbat urte egon zaren lanean eta berdin zenbateko kalte-ordaina egokituko litzaizukeen.
Hala ere, etxeko langileak ez dira gainontzeko langileekin parekatu:
Batetik, lehen ikusi dugunez, gainontzeko langileon kasuan, Fogasak zor guztien kargu hartzen du: kalte-ordainak zein soldatak. Etxeko langileen kasuan, kalte-ordainak baino ez ditu bermatzen. Beraz, enplegatzaileak soldatarik zorretan utziz gero, ez litzateke ezer jasoko.
Bestetik, kalte-ordainak bere kargu hartu arren, legeak ezartzen dituen kopuruak baxuagoak dira etxeko langileentzat, gainontzeko langileentzat ezartzen dituenak baino:
Etxeko langileak:
- 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, edozein kasutan
Gainontzeko langileak:
- 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, aldi baterako kontratu amaieragatik
- 20 egun lan egindako urte bakoitzeko, kaleratze objektibo edo kolektiboen kasuan
- 30 egun lan egindako urte bakoitzeko, kaleratze bidegabe edo baliogabeen kasuan
Beraz, etxeko langileak oraindik daude egoera kaskarragoan eta urrun gainontzeko langileekin parekatzetik. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu:
Zelan erreklamatu behar da?
Urtebe daukazu eskatzeko, kontziliazio-akta, epaia edo erresoluziotik aurrera.
-
Aurrez aurre
Eskaera orria bete behar duzu. Formularioan bertan kasu bakoitzerako atxiki behar den dokumentazioa azaltzen da. Beti gomendatzen dizugunez, eskatu laguntza, zure enpresako ordezkaritzarekin edo sindikatuarekin kontaktuan jarrita.
Eskaera hau herrialdeetako FOGASAren bulegoetara bideratu behar duzu, postaz edo han bertaratuta.
Araba | General Alava 10, Gasteiz 945 15 58 88 |
Bizkaia | Colón de Larreategi 26, 5. pisua, Bilbo 944 24 37 75 |
Gipuzkoa | Urdaneta 7, 2. pisua, Donostia 943 44 10 10 |
Nafarroa | Cilveti Monastegia 4, Iruñea 948 17 07 02 |
? Izan kontuan aldez aurretiko zita eskatu beharra dagoela. ORRIALDE HONETATIK egin dezakezu.
-
Online
Online eskatzeko, honako ORRIALDE HONETARA jo beharko duzu. egin beharko duzu. Gogoratu cl@ve beharko duzula zeure burua identifikatzeko. Cl@ve sistemaz gehiago jakin nahi baduzu:
Eta, honetaz guztiaz gain, aldez aurretik kalkulatu nahi baduzu zenbateko kalte-ordaina egokituko litzaizukeen, horra hor simulatzaile bat: