Zer egin diogu guk ETBri?
Zer egin diogu guk ETBri? –
Juan Luis Zabalak Berria egunkarian.
Batzuetan, telebistari begira, euskaldunak ETBrentzat zer garen ezin ulertuta geratzen naiz. Zergatik iraintzen gaituen. Zer egin diogu guk ETBri?
Adibidez, azkenaldian, egunero iraintzen gaitu ETBk 21:15etik 21:30era bitartean, ETB1eko Vaya Semanita Xtream deritzon saio, izenburutik hasita, ezin ulertuzkoarekin. Ohar bat aurretik: iraintzen gaituztenak ez dira saioa egiten duten profesionalak, eta aktoreak oso onak dira. Arazoa ETB da. Gurean etxeko txikienaren eskariz, azkeneko bizpahiru urteetan, beti ikusten dugu ETB1 tarte horretan, eta ondo pasatzen genuen Irrikitown eta DBH bikainen errepikapenekin eta errepikapenen errepikapenekin, eta errepikapen errepikatuen errepikapenekin… , baina orain, tarte horretarako saio berria eskaintzen duenean, zer lortuko ETB1ek, eta ikusleok betiko errepikapen errepikatuak nahiago izatea.
Batetik, esketx berrien gidoiak ez direlako, oro har, arestian aipatutako saioetako gidoien mailara iristen; gidoietara aurrekontu urria bideratu delako izango da seguru asko. Bestetik hori da mingarriena, esketx batzuk gutxienez bost aldiz eman direlako hilabeteko epean, halako moldez non azken egunetan aurretik gutxienez bi bider ikusiak genituen esketxak ikusi ditugun etxean, asper-asper eginda. Argi dago 21:15etik 21:30erako tartekoak, futbolean erabiltzen diren hitzak erabiliz esateko, «zaborraren minutuak» direla ETB1en.
Izan da irain larriagorik hala ere aste honetan. Astelehen gaueko Gaur egun albistegian ez zuten aipatu ere egin Baionan Poliziaren tiro batek hil zuen emakumearen kasua; Teleberri-n, berriz, minutu bat eskaini zioten albisteari. Kontuan hartzekoa da Julen Gabiriak plazaratutako ikerketa-txioa ere: «Urtarrilaren 5etik 11ra, gauetako Gaur Egun eta Teleberri guztiak kontuan hartuta, hona hemen nongo informazioa eman duten COVID-19ari buruz. Guztira ia 3 ordu izan dira (2:53:58). EAE: 2:06:56 ordu; Nafarroa: 0:03:48; Ipar EH: 0:01:22». Hortik atera kontuak! Bide batez esanda: zergatik eta noiz arte dira luzeagoak ETB2ko albistegiak ETB1ekoak baino?
Euskaldunok iraintzeko motibo bat izan dezake ETBk: ez dugula ETB1 ikusten. Baina horrek beste galdera batera garamatza: zergatik ez dugu ikusten? Edo, sakonago joz: zertarako da ETB?
Zuzenketako oharra: Arrtikuluak dio: “Astelehen gaueko Gaur egun albistegian ez zuten aipatu ere egin Baionan Poliziaren tiro batek hil zuen emakumearen kasua”. Ez da egia, neuk oker emandako datua baizik. Bietan eman zuen berri Franck Dolosorrek. Artikuluaren Interneteko bertsioan zuzenduta dago okerra.