Zer dio Espainiako prentsak Egunkaria auziaz?
- El Mundo egunkarian, terrorismo azpiatalaren baitan kokatu dute notizia. Edizio digitaleko notizian (atzoko egunez) titularrean honakoa dio: “Directivos de Egunkaria niegan que ETA interviniera en el diario“. Notizia EFE berri agentziaren bidez emana dator, eta auzipetuen aipamen bana sartzen dute. Hauek salaketan eginiko tortura kasuak esaldi bakar batera laburtzen dituzte (“En su declaración, todos los acusados han asegurado haber recibido un trato vejatorio por parte de la Guardia Civil durante su detención.”) bestelako zehaztasunik eman gabe. Akusazio partikularraren hitzak eta auzipetuek jasotako elkartasuna ere aipatzen dituzte.
- El Paisek, El Mundok bezala, ez paperean ez edizio digitalean ez du Egunkaria auzia azalera eraman. Jose Yoldik emaniko berrian Martxelo Otamendiren hitzak eramaten ditu titularrera: “Nunca habría dirigido un diario a la orden de ETA” Atzoko egunez galderarik egin ez zuen fiskalaren ohartarazpenak jasotzen dira artikuluan, eta hemen ere, tortura salaketak esaldi batetara murriztuta geratzen dira. Despiezean, Prisako egunkariak, auziak jasoriko elkartasun keinuak seinalatzen ditu, EAJ eta ERC Madrilen bertan izan zirela azpimarratuz. Ezin aipatu gabe utzi, El Paisek gaiaz gehiago jakin nahi izanez gero, “Terrorismo de ETA” izeneko artxibo batetara gidatzen zaituen gonbitea.
- Publico egunkarian Angeles Vazquezen kronika biltzen dute. Artikuluan, Martxelo Otamendik ETAren morrontzarik zutenik ukatzeaz gainera, “askatasun osoz” aritu zela azpimarratzen du. Fiskalak galderarik ez zuela egin eta akusazioaren frogetan dauden data akatsak ere seinalatzen ditu kazetariak. Tortura kasuak, gainerako egunkarietan bezala, lerro batetan laburtzen ditu. EFEren beste notizia batekin osatzen dute kronika, eta hemen auzipetuek jasotako elkartasuna aipatzen da.
- EITBk, Egunkarian auzipetuek ETAren eskusartzea ukatzeaz gainera, goizeko saioaren kronikatxoa egin zuen, epaiketako irudiak erakustearekin batera. Martxelo Otamendik jasandako torturen korte bat ere eskaintzen da komunikabide autonomikoaren web orrian. Bost auzipetuek jasotako elkartasuna ere ikusgai dago.
- RTVEn agentzien berrietan oinarritu ziren. Horrela, Otamendik ETAri babesik eman nahi izan ziotenik ukatzen du, bere garai profesional onena izan zela azpimarratzeaz batera. Bertan, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramalearen hitzak jasotzen dira, eta justiziaren geldotasuna “justua ez” daitekeela esan dio. Tortura salaketen aipamenik ez da egiten kronika honetan.
- La Razonek honakoa dio eta ABCk honakoa.
- Diario Vascon, gainerakoetan aipatzen ez diren Markel Olanoren adierazpen batzuk ere jasotzen dira. Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak “Euskal Herriaren aurkako eraso” gisara aurkezten du auzi hau. EITBn, bezala, agerkari honetako notizia nagusia da.
- El Correon ere notizia nagusia da, agerkari digitalean behintzat.
Irudia | Prentsa Egunkaria auziaz | Ezezaguna | LGPL
Zer dela eta El Correo eta El Diario Vasco Espainiako prentsa bezala eta Gara, Noticias edo Deia ez?
Bart gauean Telemadrideko “Diario de la Noche”-n (gauerdiko telebrrian, hots) marka guztiak hautsi zituzten. Programaren sarrera Hermann Terchs-ek ospitaleko ohetik zuzenean hitz egin zuela kontuan hartu gabe, gero Ana Samboal aurkezleak Egunkaria Auziaren “berri” eman zuen. “Periodico radical” zela esan zuen, besteak beste. Baina benetako gatza eta piperra gaueko gonbidatu bereziak eman zuen, “Dignidad y Justicia”ko lehendakariak, alegia. Egunkaria ezker abertzalearen erreferentziazko egunkari nagusia izan zela bota zuen (Egin eta Gara ez zituen inoiz aipatu), baita ETAren finantziazio-iturri nagusietako bat, noski. Fiskalari zera leporatu zion, Moncloaren aginduak zuzenean jasotzen dituela; guztiaren atzean ZP dago, noski, ETAri mesede bat egin nahi diona Egunkariako arduradun ohiei merezi duten zigorra arinduta-edo… Gainera, haien errugabetasuna frogatuz gero, estatuak kalte-ordainak ordaindu behar lituzke (60 bat miloi euro) eta hori oso espainiar zintzo guztientzat oso kaltegarria izango litzateke, gauden krisia dela medio. Jaun horrek bukatzeko kexa bat adierazi zuen: Espainian justizia politikaren menpe dagoela. Itxuraz, serio-serio esan zuen, zinismo zantzurik gabe… Ai ama!
Zergatik Espainiako prentsa bezala? Ba beraien lan eremua Espainiara mugatzen delako, notizien grupo espainiar baten sukursal hutsak direlako eta besteeen lana lokala delako, Euskal Herrira edo bere parte diren zati mugatuetarago bideratua.
Beti izan dira Prentsa Espainola. Eta hala dira oraindik.
El Mundok, RTVEk, Prisa taldeak eta bestek ere Euskal Herrian beren bulegoak dituzte, eta batzuek baita EAE eta Nafarroarako edizio bana ere. Periodiku batzuek beren goiburua aldatzen dute sukurtsal bakoitzean (El Correo taldekoek bezala), eta beste batzuek ez, hori da kontua. Nahi baduzu, “Hedabide espainolak” beharrean, berdin-berdin esan genezake “estatu mailako hedabideak”, eta horietatik bereiziz “Euskal Herri mailakoak” edo “nazionalak”. Ta?