EUSPOT lehiaketa: “Zer dago janzten dugunaren atzean?”
EUSPOT lehiaketa: “Zer dago janzten dugunaren atzean?” –
EUSPOT lehiaketaren bederatzigarren edizioko gaia “Zer dago janzten dugunaren atzean?” izango da.
- Spotak nabarmendu beharko ditu moda azkarrak eragiten dituen ondorio negatiboak.
- Lehiaketaren helburua da ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera hedatzea eta euskaraz lan egiteko gai izango diren profesionalen harrobi lana egitea.
- Parte-hartzea gorantz doan lehiaketa da, iaz Euskal Herri osotik jasotako 98 lan aurkeztu ziren.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko banatzen dira Euspot sariak eta aurtengoa, jadanik, 9. edizioa izango da. “Zer dago janzten dugunaren atzean?” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa eta aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola eta Arteman Komunikazioa.
Parte-hartzea gorantz doan lehiaketa da, iaz 98 lan aurkeztu ziren, eta horrek erakusten du ikus-entzunezkoen formatuak interesa pizten duela gaur egungo gizartean. 2019ko lehiaketa orain arteko arrakastatsuena izan zen Euskal Herriko leku askotatik jasotako spotekin, horien artean Hernani, Tutera, Sopela, Bilbo, Zarautz, Oñati, Gasteiz, Aramaio, Donostia, Aretxabaleta, Fontellas, Eskoriatza, Eibar, Durango, Ordizia, Hondarribia, Zaldibia, Ondarroa, Tolosa, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Andoain, Bergara… Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 62 lan jaso ziren eta 18 urtetik gorakoek eginiko 36 lan. Asmoa da euskarazko sormena bultzatzea. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte.
.
Aurtengo gaia: “Zer dago janzten dugunaren atzean?”
Aurten, Euspot lehiaketak janzten dugunaren inguruan hausnarketa egin nahi du. Kontzientziazio kanpaina baterako spota sortu beharko da, moda azkarrak eragiten dituen ondorio negatiboak ikusarazteko. Gizarte globalizatu honetan, modaren industriak markatzen digu zer jantzi eta, batez ere, zer erosi. Urtero tendentzia berriak markatzen dituzte eta tendentzia horiek jarraitzeko gehiegizko kontsumismora bultzatzen gaituzte, erabili eta botatzeko arropa merkea erostera gehienetan. Horrek dakartzan ondorioei erreparatu gabe: lan esplotazioa, produktu toxikoen erabilera, osasun arazoak, besteak beste. Erosten dugunaren kontzientzia hartzea, batez ere arroparen kasuan. Modaren industriaren gurpil zoroa bazterrean utzi eta alternatibak badaudela ikusaraztea. Arropa merkea modu konpultsiboan erosteak dakartzan ondorioez hausnarketa egitea eta baita kontsumismo mota horrek gure eguneroko hizkuntza ohituretan duen eragina ikusaraztea.
.
Lanak aurkezteko epea
Parte-hartzaileek maiatzaren 13ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 28an egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.
.
2.550 euro saritan
Bost sari banatuko dira:
- Spotik onena. / 1.000 euro
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
- Publikoaren saria. / 500 euro
- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro
- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro
.
Bai Euskarari elkartearen babesletza
Aurten Bai Euskarari Elkarteak parte hartuko du babesle gisa, bere helburua da eremu sozioekonomikoan espazioak euskaraz betetzeko eragitea. Arlo horretan ikus-entzunezkoen euskal industrian estrategikoa da euskara bultzatzea eta baita gazteen artean ere.
.
Euspoteko formazio saioak
Harrobi lan horretan indartsu ekingo dio aurten ere antolakuntzak, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz ikastetxeetan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.
.
Sare sozialetan mugimendu handia
Aurten ere Facebook eta Instagramen zozketa egingo da eta laster jarriko da martxan FUJIFILM INSTAX MINI 9 kameraren zozketa. Nabarmentzekoa da Euspot lehiaketak sare sozialetan 3.000 jarraitzaile baino gehiago dituela.
Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot.