Zer da mugikortasun funtzionala?
Zer da mugikortasun funtzionala? –
2024/09/12
Zertan datza mugikortasun funtzionala?
Oro har, lan kontratua ezin da funtsean aldatu. Hau da, adostuta eta sinatuta dagoena errespetatu behar da. Hala ere, zenbait kasutan enpresariak aldaketak egiteko aukera dauka, beti ere justifikaturik badago eta legeak ezartzen duena errespetatzen badu.
Kasu hauek Langileen Estatutuan azaldurik dauzkagu:
– Mugikortasun funtzionala (39. artikulua) – enpresak erabakitzen badu langileak beste funtzio batzuk bete ditzala
– Mugikortasun geografikoa (40. artikulua) – enpresak erabakitzen badu langilea beste lantoki batera mugitu behar dela eta honek bizitoki aldaketa badakarkio
– Lan baldintzen aldaketa substantziala (41. artikulua) -enpresak erabakitzen badu lan baldintzak aldatzea, hala nola, jardunaldia, soldata, ordutegia…
Ikusten duzuenez, esaldi guztiak “enpresak erabakitzen badu” esapidearekin hasi ditugu. Izan ere, enpresariak hartzen dituen alde bakarreko erabakiak dira denak. Hala ere, honek ez du esan nahi edozer eta edozelan egin dezakeenik, ezta guk onartu behar dugunik ere.
Beraz, mugikortasun funtzionala zera da, enpresak daukan ahalmena langileari beste zeregin edo funtzio batzuk egozteko. Hau oso ohikoa da. Izan ere, enpresek, kosta ahala kosta, errendimendua handitu eta kostuak gutxitu nahi dituzte. Horretara dator neurri hau: askotan, jadanik kontratatutako langileei berez ez dagozkien funtzioak egozten dizkiete eta, horrela, besteak beste, kontratazio berriak egitea ekidin nahi dute. Hala ere, esan bezala, legeak jokabide hau, hein batean, mugatzen du.
? Enpresaren ahalmena bada ere, gu ez gara zertan ados egon. Kasuan kasu aztertu behar den arren, balizko inpugnazio eta erreklamazioetarako, garrantzitsua izango da, jakinarazpena sinatzen duzunean, “desados/no conforme” ere idaztea, datarekin batera. Eta kopia bat gordetzea.
? 20 egun baliodun dauzkazu enpresaren erabakia inpugnatzeko
Mugikortasun funtzional motak
• Mugikortasun funtzional horizontala (ohikoa) – Langileak beste funtzio edo zeregin batzuk egin behar ditu, baina bere talde profesional berberean.
• Mugikortasun funtzional bertikala, goranzkoa zein beheranzkoa (apartekoa) – Langileak beste talde profesional bati dagozkion funtzioak bete behar ditu. Talde profesional hau goragokoa zein beheragokoa izan daiteke.
Mota bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, oraintxe ikusiko dugunez. Edozein kasutan, ezer baino lehen, bota begirada bat hurrengo artikuluari, talde profesionalak zertan dautzan ezagutzea garrantzitsua baita afera honetan:
Mugikortasun funtzional horizontala
Esan bezala, kasu honetan beste funtzio batzuk esleituko litzaizkioke langileari, baina bere talde profesional berberaren barruan.
Honelako aldaketak egitea enpresaren zuzendaritza ahalmena dela ulertzen da, Langileen Estatutuko 20. artikuluari jarraiki. Honela, kasu honetan enpresak aldaketarako aukera handiak dauzka; gainera, ez dago behartuta ezein arrazoi edo kausa egiaztatzera, ezta prozedura berezirik jarraitzera ere.
Ikusiko dugunez, mugikortasun funtzional bertikala mugatuago dago, baina mugikortasun funtzional horizontalaren kasuan honako hiru muga hauek dira errespetatu beharreko bakarrak:
- Langileak beharrezko titulazio akademiko edo profesionalak izan behar ditu
- Langilearen duintasuna errespetatua izan behar da. Hau kontzeptu oso lausoa da, langilearen ikuspuntuaren eta ondorio profesional zein pertsonalen araberakoa.
- Funtzio aldaketa ezin da izan enpresaren mendekua. Hau da, ez da izan errepresalia bat langileak erreklamazio edo kexuren bat egin duelako edo, adibidez, kontziliazio neurriren bat eskatu duelako.
Hortaz, hiru muga hauek errespetatzen badira, langileak ezer gutxi egin dezake funtzio aldaketaren aurrean. Beti ere, gogora dezagun, talde profesional berari dagozkion funtzioak badira. Edozein kasutan, edozelako zalantzaren aurrean, jar zaitez kontaktuan zure ordezkariekin edo jo ezazu sindikatura.
Mugikortasun funtzional bertikala, goranzkoa zein beheranzkoa
Kasu honetan langileari esleitzen zaizkion funtzio berriak beste talde profesional bati dagozkio. Talde profesional hau goragokoa zein beheragokoa izan daiteke.
Mugikortasun funtzional bertikala konplexuagoa da eta, aurreratu dugunez, enpresak baldintza gehiago bete behar ditu. Lehen aipatu ditugun hiru baldintzez gain (beharrezko titulazioa, langilearen duintasuna, enpresaren errepresaliarik ez), honako hauek ere ezinbestekoak dira (39.2 artikulua):
- Arrazoi teknikoak edo antolakuntzakoak egon behar dira aldaketa honetarako.
- Denboran mugaturik egon behar da. Hau da, printzipioz, aldaketa aldi baterako izango litzateke.
- Enpresak langileen ordezkariei zeintzuk aldaketa izango diren eta zeintzuk diren justifikatzen dituzten arrazoiak jakinarazi behar dizkie.
• Goranzko mugikortasuna
Goranzko mugikortasunean langileari goragoko talde profesional bateko funtzioak esleitzen zaizkio. Honelakoetan Estatutuak ondo zehazten du zein izan behar den gehienezko denbora muga:
– sei hilabete urtebetean
edo
– zortzi hilabete bi urtetan
Denbora hau gainditzen bada, maila igoera (“ascenso”) eska dezakezu edo hutsik geratu den lanpostu hori zeuk betetzeko (“cobertura de vacante”), beti ere hitzarmen kolektiboak igoeretarako ezartzen dituen baldintzak urratzen ez badira. Edozein kasutan, soldata eguneratu behar dizute, baita igoerarako baldintzak betetzen ez badituzu ere. Enpresak, batean zein bestean, uko egingo balu, epaitegietaraino ere hel liteke.
Gogoratu, edozein zalantzaren aurrean, jar zaitez kontaktuan zure ordezkari sindikalekin edo jo ezazu sindikatura.
• Beheranzko mugikortasuna
Langileari beheragoko talde profesional bateko funtzioak esleitzen zaizkionean. Kasu honetan legeak ez du zehazten zein den gehienezko denbora muga, baina, edozelan, aldaketa “nahitaezko denborarako” baino ezin da izan (adibidez, enpresak beste langile bat kontratatzen duen bitartean. Beraz, aldaketa aldi baterako da derrigor, ez iraunkorra.
Gainera, esan dugunez, arrazoi tekniko edo antolakuntzakoak egon behar dira eta, gainera, hau guztia langileen ordezkariei jakinarazi behar zaie.
Bestetik, nahiz eta beheragoko talde profesional bateko funtzioak bete, soldata ezin dizue jaitsi, zeure lanpostuko soldata kobratzen jarraitu behar duzu.
Kaleratzeak
39.3 artikuluak nabarmentzen duenez, enpresak beste funtzio batzuk betetzera behartzen bagaitu, ezin izango gaitu kaleratu ondoren gertatutako gaitasunik ezagatik (gaztelerazko “ineptitud sobrevenida”). Hau da, zelanbait esateko, ez bagara moldatzen funtzio berrietan, enpresak ezin digu horrelakorik leporatu kaleratu ahal izateko (azken batez, ez gaituzte kontratatu funtzio horiek betetzeko).
Honek ez du esan nahi enpresak kaleratu ezin gaituenik. Hori ondo dakigu. Beste edozein arrazoi eman lezake horretarako. Kaleratzeez gehiago jakin nahi baduzu:
Laburbilduz:
— Mugikortasun funtzionala (goranzkoa zein beheranzkoa) justifikaturik egon behar da eta ezin da iraunkorra izan (ez bada maila igoera bat edo hutsik geratu den lanpostua zeuk betetzeko eskatu ahal duzula).
— Goragoko talde bateko funtzioak esleituz gero, maila igoera edo hutsik geratu den lanpostua zeuk betetzea eska zenezake. Edozein kasutan, pareko soldata jaso beharko zenuke.
— Beheragoko talde bateko funtzioak esleituz gero, ezin dizute soldata jaitsi.
— Gogoratu, jakinarazpena sinatzen duzunean, idatzi “desados/no conforme”. 20 egun dauzkazu inpugnatzeko.