Zenbat gera?
Zenbat gera? –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
«Zenbat gera?» Benito Lertxundiren abestiaren hitzak gogora etortzen ahal zaizkigu elkarte baten kide kopurua edo ekimen batek bildutako jendeak zenbaturik ukandako arrakastaren aipamena egiten hasten garelarik.
Abestiaren letren esan nahia bazterrera utzirik, zenbat garen hurbiletik begiratzen diogu esanguratsua izan nahi duen manifestaldi edo ekimen bati garrantzia emateko. Xedea ez da soilik kopuru bat ematea. Horren nahikeria gero eta gehiago izan, gero eta atxikimendu gehiago bildu, mugimendu batek daraman aldarrikapena eta borroka bideak, gizartean gero eta pisu gehiago duela ohartaraztea da.
Orain dela gutxi, eta sinbolikoki bere garrantzia duen Lurrama bezalako Laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren azokan, Alda mugimenduak 1000 kideen maila gainditu zuen. Hilabetero bost edo hamar euro/eusko arteko diru isurtzea egiteko hautua egiten duten mila kideren barra sinbolikoa gainditu du mugimenduak. Hozka bat gora egite horrek oraindik indar gehiago du jakinik kidetu diren herritar asko auzo herrikoietako herritarrak direla.
Aldarentzat zenbaki horrek etxebizitzaren arloan, banakako edo taldekako eguneroko borroken eremuan, eta auzo herrikoietan herritarren antolaketan azken lau urteotan egindako lanari herritarren babesa eta zilegitasuna ematen dio. Eta, kidetze kopurua gora egiteak eramatekoak dituen ondoko urteetako borroketan finantza mailan, baina ere pentsamenduan eta eginkizunean autonomiaren bidea irekitzen dio.
Alda sortu zenetik kidetzeari eman zitzaion garrantzia. Elkartearen ikuspuntutik kidetzeak ematen dio mugimendu batek egiten duen lanari zilegitasuna, eta erraten dio, halaber, daraman bidea zuzena den edo ez, termometro moduan tenperatura emanez. Eta hori ezinbestekoa da mugimendu batentzat.
Gogoetak are garrantzia gehiago du parean dugun etorkizun hurbilari so jartzen garelarik: nazioartean zein frantziar Estatuan ate joka dugun eskuin muturraren botere hartzea kontuan harturik, gure hurbileko egitura eta elkarte askorentzat gutxieneko autonomia edo independentzia ekonomikoa ziurtatzea zinezko erronka bat bilakatuko da.
Izan sozial arlokoa, klimaren aldekoa, etxebizitzaren borrokari lotua, euskararen aldeko aldarrikapenekoa, laborantza herrikoiaren erronkei begira, menpekotasun ekonomikoa ahal bezain murritza izatea ezinbestekoa da. Eta Ipar Euskal Herri herritarra, solidarioa, euskalduna, klima aldaketaren borrokan aitzindaria, bertan bizitzeko eskubidea babesten duena eraikitzeko ondoko aste eta hilabeteetan zenbat garen edo kidetzearen gai nagusi horri, inoiz baino azkarkiago, lotu beharko gatzaizkio.