Zenbat balio du preso dagoen laguna bisitatzeak?
Astebururo astebururo lagunari edo senideari bisitan joaten diren hamaika euskal herritarrek milatik gora kilometro egin behar dituzte dispertsioaren errepideetan. Dela Frantziara, dela Espainiara bidean, ez da xamurra egiten duten ibilbidea minutu gutxiz elkarrekin egon ahal izateko. Hitz batzuk, besarkada bat, batzuetan ixiltasuna… elkar ikustearen poza, negar malkoak, zaharrak berritzea eta beste batzuetan inpotentziak eragindako tristezia.
Zarautz-Alacant-Zarautz
1520 KM inguru
BaKEA #kontzeptugisa idatzi zuen behin larrabetzuko lagun batek. Atentzioa deitu zidan hitzak, ezingo bainuke hobeki azaldu, ez baitiot inori horren xehe eta erraz deskribatzen ikusi Euskal Herrian bizi duguna. Baketik kea besterik ez alajaina. Sakabanaketak jarraitzen du, gatazkaren konponketaren bidean ez da aurrerapausorik eman, eta aldebakarreko konformismo delako batean bizi garenaren sentsazioak barrenak kixkurtzen dizkigu.Espainian ETA albiste da bitartean, baina, Gran Hermano programako inuzente batek txiste inuzente eta huts bat egin duelako. Ez beste ezergatik. Utzidazue erderakadarako lizentzia, progresismoak baskoei dagokigunean diztira egiten du bere absentziagatik Espainian. Non ote dira?
+
240 € gasolina + peajea
Badut lagun bat, lankidea baita, kazetari fina eta gustu handiko artista, atzo bertan joan zena Alacant (Centro Penitenciario de Alicante) aldera lagunari bisitan. Gari Berasaluze (@kalaportu) da bera. Eta hamaika modutara azaldu izan du dispertsioaren errepideetan bizitakoa. Hamaika eratara salatu izan du Espainiar Estatuaren bidegabekeria. Senideekiko eta lagunekiko injustizia doilor hau bideo eta artikuluen bitartez ekarri izan du sarera, eta gaurkoan nik hartu diot testigua, bere bidaiak zenbat balio duen kalkulatzeko.
+
50 € gaua pasatzea + janaria
Umiliazioaz eta hainbeste kilometro egiteak duen arriskuaz aparte, dirutan jar dezagun Gari Berasaluzek Alacant-era egindako bidaiak duen kostua. Jakiteko eta aintzat hartzeko soilik bada ere.
20 € gainerako gastuak (ezbehar, aparkaleku, etc.)
=
Denera: 310 € (gutxi gora behera) asteburuko
Lehentasunezkoa da sakabanaketa anker honi amaiera ematea. Senide eta lagunek etxean bertan izan ditzaten ahaideak, ez dezaten bizitza arriskuan jarri asteburu batez gehiagoz, ez dezaten dirutza ordaindu minutu gutxi batzuren truke. Eta batez ere, bakeak, ketik baino baketik izan dezan aurrerapausoak emateko, larrabetzuko lagunari berriz ere lapurtuz kontzeptua.
*Artikuluan koste osoa kalkulatu da. Eskerrak badiren borondatezko lanean oinarritutako Mirentxin bidaiak bezalako taldeak, pertsonako kostea asko jaisten dutenak.