Zeinek erre nahi ditu hondakinak (6)
Bateko eta besteko datuak gurutzatuz gero, hauxe ikus daiteke:
- Galizian errauste planta bat dago, Cerceda herrian, eta Sogamak kudeatzen du. Tudela Veguin enpresak zementu fabrika dauka A Coruñan, errauste plantatik 30 bat kilometrora.
- Espainian bi errauste planta daude, bat Kantabrian eta bestea Madrilen. Kantabriakoa Urbaserrek kudeatzen du, eta Meruelon dago. Handik 41 kilometrora dago Cementos Alfaren zementu fabrika, FCCren filiala. Beste errauste planta Madrilen dago, Alcala de Henaresen, eta Tirmadridek kudeatzen du; Madrilen, noski, badira zementu fabrikak ere, lau bederen.
- Herrialde Katalanetan badaude bost errauste planta. Tarragonan dago bat, Sirusak kudeatzen duena; Uniland(17) enpresaren zementu fabrika bat dago handik 45 kilometrora, Vilanova i la Geltrun. Sant Adria de Besosen dago beste errauste planta bat, Bartzelonan; Uniland enpresaren beste zementu fabrika dago Sitgesen, Sant Adria de Besosetik 7 kilometrora. Bartzelona probintzian bada beste errauste planta bat, Mataron, TRMk kudeatua, Sitges herritik 30 bat kilometrora dagoena. Laugarren errauste planta Gironan dago eta Trargisak kudeatzen du. Horixe da zementu fabrikak urrutien dituena, ehun bat kilometrotara. Mallorkan dago, irlan, bosgarren errauste planta, Tirmek kudeatzen duena; Son Reus herrian dago errauste planta, eta 20 kilometro eskasera, Llosetan, Cemex enpresaren zementu fabrika.
- Melillan bada beste errauste planta bat, Remesak kudeatua.
- Euskal Herrian errauste planta bakarra dago, oraingoz behintzat. Bizkaian dago, Alonsotegin, Zabalgarbiko errauste planta, VTR Valorización y Tratamiento de Residuos FCCren filialak kudeatzen duena; 18 kilometro ingurura du Cementos Rezola enpresaren Arrigorriagako fabrika, eta 25 kilometro ingurura Lemoako fabrika, Cementos Lemona(18).
Euskal Herrian eraikitzekotan diren bi errauste planta berriek ere hurbil dituzte zementu enpresak: Gipuzkoan, Zubietan eraiki asmo dute errauste planta, Cementos Rezola fabrikatik hamar kilometro baino gutxiagora; Nafarroan ez da oraindik zehaztu kokalekua, baina Olaztin dago Cementos Portlanden fabrika bat. Araban, aldiz, ez da ez zementu fabrikarik, ez errauste plantarik.
Artikulu honen lehen zirriborroa 2010eko maiatzean amaitua zegoen. Artean, teoria horri jarraiki, galdera argia zen: zergatik Nafarroan ez dago errauste planta egitasmorik, baldin eta Olaztin zementu fabrika baldin badago? Galderak erantzuna jaso zuen artikuluaren lehen zirriborroa amaitu eta bi aste eskasera: Nafarroako Gobernuak ia bi urteko gogoeta prozesu baten berri eman zuen 2010eko ekainaren hasieran. Ondorioa? Errauste planta bat eraiki behar zela. Baita Nafarroan ere.
ISR institutuko kide esanguratsuek parte hartu dute, behin berriro ere, Nafarroako hondakinen plana diseinatzeko lanean: Carlos Martinez Orgado, Santiago Palomino, Anabel Rodriguez eta Ignacio Elorrietak, besteak beste. ISRk berak jarraipena egiten die errauste plantei; bestalde, Iberiako penintsulako erakunde publikoen artean, hondakinen kudeaketa planak egiteko orduan, erreferentzia saihestezina da ISR. Nafarroa ez da salbuespena izan. ISRk gidatu du hondakinen plana idazteko prozesua, eta ISRk bildu eta proposatu ditu hainbat txosten eta eztabaida. Nafarroako Gobernuak berak honela aurkeztu zuen planaren eztabaidari buruzko informazioa: «Hondakinen plana egiteko prozesuaren aurretik, zenbait bilera eta eztabaida egin dira, hondakinen sektoreko iritzi-liderren artean, ISR-CER institutuak gidaturik, eta hor zehaztu dira planaren oinarri izango diren giltzarriak». ISRk egindako lanaren adierazle modura: Nafarroako hondakinen planari eranskin moduan gehitu zaizkion txostenen artean errausteari buruzko informazio zehatzak daude —Zabalgarbiko ingurumen baimen integratua, errauste planten igorpen mailei buruzkoak, Erresuma Batuko Osasuna Babesteko Agentziaren errauste plantei buruzko txostena…—. Atez ateko hondakinen bilketari eta konpostatzeari buruzko txosten apartekorik ez dute aurkeztu, baina.
Datozen urteetan hamazazpi bat errauste planta eraikitzeko asmotan da AEVERSU(19), errauste planten kudeatzaileak batzen dituen erakundea. ISR institutuaren laguntza estimagarria izango du. Carlos Martinez Orgado industria ingeniari eta ISRko zuzendariak, duela bi urte, halaxe berretsi zuen El País kazetan, errauste plantek sortzen duten eztabaidari buruz galdetuta: «Ez da eztabaidagarria. (…) Helburua da 2020an hondakinak birziklatu edo ongarri bihurtu edo ezabatzea energia sortuz. Errauste plantek konpontzen dute hori: hondakinak erre eta energia sortzen dute. Gizartearentzat beharrezko formula da hori, are gehiago orain energia iturri alternatiboak bilatzen diren honetan». Ez dago zalantzarik, beraz, ISR institutuak zer aholku emango dien haren zerbitzua kontratatzen duten erakunde publikoei.
Hori da Nafarroan gertatu dena. Eta errauste planten eta zementu fabriken arteko harremanera eramaten du horrek berriz. Izan ere, aski frogatu da zementu industriaren eta ISR-ren arteko harremana. Beste katalan hark esan zuenera itzulita, harreman hau agian kointzidentzia hutsa izan liteke, edo agian ez; agian katalan haren intuizioa ez zen oso okerra izango. Baina, hala balitz, zergatik oheratzen dira zementu fabrikak errauste plantekin?
(Datorren asteartean jarraituko)
—————-
(17) Cementos Portland Valderribas taldeko filiala da Uniland. FCC taldearen barruan dago, beraz.
(18) Cementos Portland Valderribas taldeko filiala da Cementos Lemona. FCC taldearen barruan dago hori ere.
(19) Asociación Española de Valorización Energética de los Residuos Sólidos Urbanos, jatorrizko gaztelaniaz.
[…] https://zuzeu.eus/2011/01/18/zeinek-erre-nahi-ditu-hondakinak-6/ […]