Zein nekeza dan
Zein nekeza dan. Greziarrek ez dute erraza bizimodua, baina gureak ere ez dauka izenik. Mundu guztian 850.000 inguru baizik ez, eta, gainera, marrazoz inguratuta. Geure herrian arrotz eta, gehienetan, errealitate imajinatu batean bizi bagina bezala eginez aurrera. Hori gutxi bailitzan, geure artean ere beti mokoka eta espantuka, kakotx txikienean trabatuz, guztiak ihes egingo baligu bezala.
Bizimoduaren funtzio arrunt guztiak bete ezinik gabiltza beti – galdetu bestela Itzain edo Bittor Hidalgori, adibidez-, geure bizitza beste nonbaitetik inportatua balitz bezala, beste ekosistema bateko mozorroak dirudigula. Eta sare eta hedabideen ugaltzeak, perbertsio handiak sortu ditu gurean. Bi bakarrik aipatze aldera, hara hor euskara beti galtzaile irteten den hizkuntzen arteko zapping etengabea, edota adierazpenaren zehaztasun falta gero eta handiagoa.
Baina, lasai, gaur ez naiz hain trajiko jarriko, gauza handiei baino, gauza txikiei behatu nahi nieke, gogoeta eragite aldera. Kontu bakarra aipatuko dut, nahiz eta A. Osinalderen espezialitatekoa izan: euskarazko hedabide publikoek eskaintzen diguten hainbat produktu, nire ustez, bizi dugun simulakroaren oso adierazgarri direnak.
Pinporta batzuk baizik ez dira, baina aski bitez erakutsi nahi dudana azaleratzeko, alegia, euskaldunok anormalak eta burumotzak bagina bezala izaten garela tratatuak sarri askotan.
- Meza eta herri kirola. Euskadi Irratian tradizio handia duten bi produktu mota dira, ezbairik gabe.
- Meza, herri kirola eta (kontzertu, dantzaldi, emankizun folkloriko eta enparauen) erretransmisio luuzeak). Hauetakoak usu ikusten dira Euskal Telebistaren lehen katean.
- Programa mutu txatxuak. Arditxo, edo kamera ezkutuak moduko saioak, kontsumituak izateko hizkuntzarik behar ez dutenak ere, sarri dira agertzen ETB1n.
Beste hainbat aipa nitzake, baina gaurkoz, bertan geratuko naiz, aski baita galdetu nahi dudana galdetzeko: produktu horiek guztiak duinak eta onak baldin badira euskaldunontzat, zergatik ez dituzte ematen Radio Euskadin eta ETB2 kateetan? Zergatik dira euskaldunontzat bakarrik? Eh, eh, norbaitek ba al daki erantzuna?
Oso galdera onak, eta batez ere, egokiak, Iñakito.
ETB1ekin gertatzen denak ez dauka izenik, edo bai, baina ez litzateke txukun geratuko hemen idatzita.
Aurrekoan ere, igande gauez, “praimtaim” betean, ezdakitnongo musika bandaren emanaldi luze-kafkianoaz “gozatu” ahal izan genuen ETB1 jartzera ausartu ginen kuitaduok.
Jaurlaritzatarrak dira hondamendi horren arduradun zuzenak, baina galdera bat darabilt buruan aspaldion… PPSOEtarrei badakigu ezetz, baina Ezker abertzaleari ja ere ez zaio ardura euskarazko hedabide publikoekin gertatzen dena???