"Zein kapritxosoak zareten euskaldunak…"
Goizeko kafea eskatzera joan, “kafesne bat” esan, eta jada aurpegi txar bat ikusi beharrak morala metro eta erdi jaisten dizu. Gainera lehenengo orduan, unibertsitatera igo aurretik… ederra goizez esnatzeko modua! Baina hori soilik lehenengo ukabilkada da; gero, autobusaren zain, kioskoan Creditransa eskatu eta ostiko bat hanka tartean. Eguna hasi besterik ez da egin.
Leioako campusera iritsi eta lehen orduan gutxien gustatzen zaizun materia, gutxien gustatzen zaizun irakaslearekin. Edonori harrigarria irudituko bazaio ere EHUn badira, euskeraz jakin ez arren, eskolak euskeraz ematen dituzten irakasleak. Eta horietako bat da aipatutakoa. “Elkarte” hitzaren ordez “Asociazio” hitza idatzi zuen behin arbelean… dena esanda ezta? Ezker crocheta eta eskuin uppercuta.
“Beno, gaurkoz nahiko”, pentsatu eta bazoaz unibertsitateko kafetegi jendetsura. Errekuperatzeko kafe indartsu horietako bat hartzeak on egingo dizulakoan, “kafesne bat basoan mesedez” eskatu diozu ticketak ematen dituen emakumeari. Erantzuna! “No te entiendo. Dimelo en castellano”, lehor. “Aldeiyon!”, pentsatzen duzu, “junai…”, baina ez duzu gehiago esango. Nekeak goia jo du eta moralaren termometroaren merkurioak ezin du beherago joan.
Jada etxean, egun zarpaila igarota, telebista ipintzen duzu, ETB1, gure oasi bakarra Hamaika Telebistarekin batera-orain. Hor behintzat zure hizkuntzan aditu ditzakezu berriak, hor behintzat saiatu gabe izan zaitezke euskaldun, azpimarratzen aritu gabe. “Eusko Jaurlaritzak Euskara erabiltzen ez duten enpresen zigorrak atzeratuko ditu, errealitate soziolinguistikoa aldatu arte…” dio albistegiko aurkezleak…
Hobe ohera joatea igaro duzun eguna ahazteko. Ametsetan bederen euskaraz bizi ahalko zara. Zorte on eta bihar arte.
Edarra Oier!!!
Euskaldunok pertsonalki ere geure poz eta penak kontatu behar ditugu, gizarteak jakin dezan pertsona moduan sufritzen ditugula eta gozatzen ditugula gure hizkuntzarekiko eta nortasunarekiko kontuak. Eguneroko kontu praktikoak, pertsonalak eta zehatzak.
Bestela zeinek egingo du ba?
Emakumeek hasi zuten, homosexualek ere bai, beltzek ere bai… euskaldunok ere hasi dugu gizartean norbanako moduan aske izateko bidea…
Bide onean goaz!!
eskerrikasko egoitz. Ea ba esnatzen garen!
Efestibamente… horixe berori da euskaldunok egunero-egunero bizi behar izaten dugun via crucisa… hori ez dute bizi, ez dakite zer den vaco-españolek eta basque-francoiseak (edo dena dela direlakoak)… geu gara, geure lurraldean geure hizkuntza erabili nahi izateagatik aurpegi txarrak ikusi behar ditugunak. Bidali arraultzak (manda huevos).