Zazpigarren solairuko leihoa
Haserreak burua berotu, begiak itsutu
eta arima uzkurtzen dizu.
Oker ari zarela jakin baina erraz ezkuta dezakezu
zeure saminaren atzean.
Lehenengoa da zailena baina
bigarrenari bidea irekitzen dioena.
Badakizu gaizki ari zarela,
baina zure autoritatea puzten ikusteak
jarraitzeko indarra ematen dizu.
Bat-batean malko
beldurti bat lurrera doa zu zurearekin jarraitzen
duzun bitartean. Ez zara ohartzen,
baina ez du inporta.
Gorriz margo dezakezu zure ukabila,
baina zuri duzu kontzientzia.
Gupida eske ala irtenbide baten bila
dabilen begirada sarkor zein hutsa
duzu aurrean,
baina zure eskuak
denak ezabatzen ditu mugimendu azkar batez.
Burutu duzu zure lana.
Odola itzuli da berera
eta konturatu zara egindakoaz.
Lotsa, beldurra, nazka, ezinegona…
Begirada urduriak salatzen zaitu eta
zure ezpainek aurretik egindakoaren garrasiak
jasotzen dute.
Tantak berriz ere goitik behera,
baina oraingoan zure izerdia da, aurretik
inoiz izan ez duzun izerdi hori…
Badakizu zer datorren ondoren eta irtenbide bakarra
ikusten duzu.
Zazpigarren solairuko leiho irekia.