Zaude lasai, Javier! Abertzaleak ez dira arriskutsuak.

Zaude lasai, Javier! Abertzaleak ez dira arriskutsuak –

Javier Esparza, UPNko buru (handi) horrek, nafar gobernura itzultzen bazara, egingo omen duzun lehenengoa “euskararen aldeko politikak biltzen dituzten orriekin pilota bat egin eta zakarrontzira botatzea” izango dela adierazi duzu ugazaben etxean, Madrilen.

Egia esateko, aldaketaren gobernua deituak euskararen alde egin duen guztia orri guxi batzutan bildu daiteke, hortaz, ez duzu izerdirik bota beharko pilota(txoa) egiteko, baina tira, zatarkeria hori esan eta biharamunean etorri da Nafarroako ordezkari abertzale nagusien erantzuna.

Gogor xamar erantzun dio Geroa Baiko Koldo Martinezek (ez zuzenean euskararen aipamenari). Serio eta beltz mintzatu da EHBilduko Iruñeko alkate Joseba Asiron Facebooken. Baina ez du berorrek zertan kezkatu, Esparza jauna. Su artifizialak dira abertzaleonak. Zarata apur bat eta kea, kitto.

Izan ere, jende praktikoak gara abertzaleak. Gobernu espainiar eta frantsesek mendetan zehar inposatutako politikek fruitu oparoak eman dituzte. Dagoeneko ez dago erdaraz ez dakien “euskal” herritarrik. Jadanik ez dago soilik euskaraz dakien euskal herritarrik.

Gaur gaurkoz, euskaldun (euskaradun, hori ere argitu beharra dago eta, egun) gehienok errazago moldatzen gara erdaraz euskaraz baino. Buruzagi abertzale gehien-gehienei entzun / irakurri besterik ez dago horretaz jabetzeko, baina berdin gertatzen da beste eremu guztietan ere.

Gure egin ditugu espainiera eta frantsesa. Sarri, euskara baino gureago praktikan. Asimilazioari “normalizazio prozesua” jarri diogu izena, eta hizkuntza ordezkapenari “hizkuntza aniztasuna”; minorizazioari “elebitasun soziala” eta horrela, eta horrela… Ikuskizun dago piper-potoa, guardia zibila eta Legioaren ahuntza noiz etxekotuko ditugun. Katalanak baino askoz “seny” sakonagokoak gara, bistan da.

Ikusi besterik ez duzu, Javier, zein hizkuntzatan jarduten duten sarean Geroa Baiko bozeramaleak eta Iruñeko alkateak. Jakin badakizu, eskuin muturrekoa bai baina ergela ez zarelako, ez Geroa Baik, ez EH Bilduk, ez dutela nafar euskaldunontzat egitasmo erdi seriorik, oso antzekoak direla batzuen eta besteen hizkuntza politikak, hitsak, motzak, itxurakeria oinarri dutenak.

Jakin badakizu, erdaldun konpletoa bai, baina gorra ez zarelako, Nafarroako oso herri gutxitan entzuten dela euskara kalean, ordezkari abertzaleek (baita erdaltzaleek ere) bestelako kontakizuna egiten duten arren.

Horregatik jokatzen duzue hain zakar eta harrokeria jasangaitz horrekin UPPNtarrok, atzo “gudmornin” Marcillan eta gaur zakarrontzia erakutsiz Madrilen. Jakin badakizuelako abertzaleak ez direla arriskutsuak hizkuntza kontutan (ere). Are gutxiago nafarrak.

Batere meriturik ez duzue, Javier.

Zaude lasai, Javier! Abertzaleak ez dira arriskutsuak.

Oinezkoa

3 pentsamendu “Zaude lasai, Javier! Abertzaleak ez dira arriskutsuak.”-ri buruz

  • “Herri-pizkunde guzietan, lehendabiziko abertzale belauna, hizkuntza arrotzaz baliatzen da. Bigarrena. Aldiz, nazio-hizkuntzaz”. (Txillardegik).
    Hemen baina, belaunaldiak joan eta belaunaldiak etorri, hizkuntza arrotza jaun eta jabe. Hemen ez dago herri-pizkunderik. (JM Odriozolak)
    “Nazio arazoa, nazio-askapena burutu artean batez ere, arazo soziolinguistikoa da funtsean” (Txillardegik)
    “Ederrak gaude beraz” (Neronek)

  • JJ, gauzak garbi azaltzea hoberena. Etsaia jakinen gainean jarri, euskaldungoak etsi hartu,…Beti aitzkiren bat egoeraren larria estaltzeko, beti hurrengorako uztea, beti ixilik egotea ez ote den hobe…
    JJ, erabaki duk alarma gorriari ematea, erabaki duk gezurrak ez digula onik egiten. Ustegabeko atsegina. Nik ere orain 15 egun hartu nian erabaki bera. Ia bagaituk bi. Ea laster bi mila garen!!!!!

  • Badirudi euskaltzale andana lozorrotik esnatzen ari dela. Beharrezkoa eta esperantzagarria dudarik gabe. Gure hizkuntzaren gainbehera lazgarria onartzea da lehen-lehenik egin beharrekoa, diskurtso positibista-bakezaleen gainetik.

    Gauden zapalkuntzatik libratzeko gatazka egongo dela asumitu eta gatazka hau aurrez aurre planteatzeko adorea bildu behar da. Euskaldunak piztu, elkartu eta diskurtso sendoaz hornitu. Indar ustez abertzaleei koherentzia exigitu eta ahotsa altxa, eta behar izanez gero planto egitera deitu, beren botere kuotatxoa galtzeaz mehatxatu. Herri hau benetan axola zaigunok determinazioz jokatu behar dugu, urte/hamarkada hauek giltzarri dira gure biziraupenerako.

    Ardura da hitza jaun andereok, geure herri eta hizkuntzaren etorkizuna gure ardura da! Han eta hemendik egoera lazgarriaren aurrean jendea mugitzen ari da, bat eginda lortuko dugu!

    https://askatasunarenliga.eus/