Zartzuela
Zartzuela –
BERRIAk koadro bihurtu du, nolabait, Bateragune auziko argazkirik enblematikoena. Zuri-beltzera eraman ditu Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diezen irudiak. Beige-berdean jarri ditu Auzitegi Nazionaleko aretoan ageri diren gainerakoak: auzipetuen zaintzan dauden poliziak, eta atzeko ilaretako publikoa. Egunkariaren ia azal osoa hartzen du konposizioak. Gaur eguerdian beste formatu batean ikusiko ditugu auzipetu horiek eta Bateragune kasuko gainerakoak. Artxiboan zeuden argazkiak eguneratu beharra dago, atzo Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazitako erabakiaren ondoren. Atzo iluntzeko albistegietan Jose Luis Abalos PSOEko buruzagi eta Espainiako Gobernuko ministroa ez zen oso modu txukunean aritu. Bildurekiko distantzia hartu nahian zebilen; zera zioen, gauza bat dela alderdia eta talde parlamentarioa eta beste bat pertsonak; bitartean, zerbait zerabilen ahoan: eztarria leuntzeko goxokia? Urduritasunari aurre egiteko txiklea? Kanpora irten nahian zebilen karkaxa? Ala gaia bera, harri-koskor bihurtuta? Zartzuelaren erresuman gaude, ez alferrik, Zarzuela du izena Erregearen jauregiak. Zartzuela horretan koru gotorra osatzen dute Goreneko epaileek. Aldamenean beste koru xaxatzaile batek dihardu, hilketa masiboak amets dituzten militarrenak. Zartzuela, Espainiako genero musikal propio eta behinena, arin samarra zen orain arte. Gorenekoen eta erreserbako militarren eskutik genero beltz ari da bilakatzen. Prima donnatarako izango dute prest Angela Murilloren bat.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko abenduaren 15ekoa]