Zaratamok zuntz optiko publiko komunitarioa hedatu du Ehkom-en laguntzaz
Zaratamok zuntz optiko publiko komunitarioa hedatu du Ehkom-en laguntzaz –
Martxan dago Zaratamon zuntz optikoko azpiegitura publiko komunitarioa, Udalbiltzak sustatutako Ehkom egitasmoarekin batera garatua.
Gainontzeko proiektuekin bezala, Ehkom-ek sare ireki, publiko-komunitario eta neutroa kudeatuko du Zaratamon arrakala digitala ezabatzeko helburuarekin, denontzako eskuragarri egon dadin.
Dagoeneko martxan dago Zaratamon zuntz optikoko azpiegitura publiko komunitarioa. Zaratamoko udalak, Udalbiltzak sustatutako EhKom-ekin batera, egin du telekomunikazioen azpiegitura libre hau hedatzeko obra edo lana. Bertan izan ziren atzoko egunez Alberto Ugarriza, Zaratamoko alkatea; Jabi Asurmendi, Udalbiltzako lehendakaria; eta Beñat Azkargorta, Ehkom-eko koordinatzailea, prentsa aurrean.
Ugarrizak hartu du lehenik hitza, Zaratamoko udala zuntz optiko publiko komunitarioa hedatzera eraman duen arrazoiak azaltzeko. “Alkatetzara heldu nintzenetik, lehenengo momentutik ikusi nuen telekomunikazioen alorrean gabezia handiak zeudela”, adierazi du; “egun, telekomunikazioak funtsezko tresna diren unean, Zaratamon guztiok ez genuen informatzeko eta komunikatzeko aukera bera”.
Arazo horri erantzun egokia emateko, arrakala digitalari aurre egiteko erabakia hartu zuen udalak, eta lanketa horren ondorio da atzo aurkeztu zuten zuntz optikoko azpiegitura. “Jarri dugun zuntz optiko hori sare irekia da, era unibertsalean jende guztiari parte hartzeko aukera ematen diona, bazterkeria eta diskriminaziorik gabe. Funtsean, komunikatzeko eta informatzeko guztiok dugun eskubide unibertsala babesten ahalegindu gara”, azpimarratu du.
Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik Partzuergoak Ehkom bezalako proiektuak garatzeko arrazoiak azaldu ditu ostean. “Udalbiltzan Burujabetza iparrorratz duten hainbat lan ildo ditugu, eta horietako bat da teknologia burujabetza; zeinaren baitan telekomunikazio burujabetza dagoen”, azaldu du. Egun herritarrek internet sarea ia denerako erabiltzen duten heinean (hezkuntzarako, administrazio publikoarekin komunikatzeko, harreman sozioekonomikoetarako, osasunerako…), eta nazioarteko erakunde ezberdinek ere oinarrizko zerbitzua dela onartzen duten heinean, Udalbiltzatik jendearen esku jarri beharko litzatekeen zerbitzu gisa ulertu beharko litzatekeela defendatu du Asurmendik, eta baliabideak demokratizatu.
Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako Ehkom-en aurkezpenean egin bezala, egitasmoa aurkezteraino emandako pausoak zehaztu ditu ostera Asurmendik: besteak beste, interesa zuten hautetsiekin, arloko eragile eta aditu ezberdinekin eta Udalbiltzako kideekin lanketa bat abiatu zutela; edota bidean topatutako arazoei nola aurre egin zioten.
Prentsaurrekoarekin amaitzeko, Beñat Azkargorta Ehkom-eko koordinatzailea arlo teknikoaz eta Zaratamoko sarearen kudeaketaz aritu da. “Zaratamon hedatu dugun GPON zuntz optiko sarea multioperadore izateko prestatu dugu, herritarrek zerbitzua nahiago duten operadorearekin jaso dezaten, prezioaren, arreta zerbitzuaren, euskararen edo beste edozein irizpideren arabera”. Zuntza jada botata eta erabilgarri dagoen arren, hemendik aurrera Ehkom izango da horren mantenuaz eta kudeaketaz arduratuko dena. “Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, gainera, Ehkom-ek ez du etekin ekonomikoen araberako kudeaketa egingo, mantenurako baliabideak komunitatearen beharren arabera erabili baizik”, gehitu du.
Zaratamok zuntz optiko publiko komunitarioa hedatu du Ehkom-en laguntzaz