Zaintzarekin negoziorik ez egitea eskatu eta arlo honetako langileen izaera publikoa aldarrikatu dugu
Zaintzarekin negoziorik ez egitea eskatu eta arlo honetako langileen izaera publikoa –
Agerraldia egin dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, zaintzaren arlo desberdinetan dagoen pribatizazioa eta honetan Aldundiak duen papera salatzeko. Arlo honetan ari diren langileen izaera publikoa ere aldarrikatu ditugu, ratioak handitzea eta KPIaren araberako soldata igoerak bermatzeko eskariekin batera. Otsailaren 16an aldarrikapen hauen aldeko mobilizazioak egingo ditugu Donostian: 8:00etan, kotxe karabana, Garberatik hasita eta 11:30ean, elkarretaratzea Aldundiaren egoitzaren aurrean, Gipuzkoa plazan.
Aski ezaguna da Gipuzkoako herritarrentzat zaharren egoitzetan, esku hartze sozialean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta aniztasun funtzionalean lanean diharduten langileen egoera larria. Horrela, langileek bizi duten egoeraren erantzule zuzena diren Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien jarrera salatu nahi dugu. Urteak dira gure gobernariek, patronalarekin eskutik, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik. Ordutik negozio bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak, esku hartze sozialean barnebiltzen direnak… Enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez.
Joera kapitalista horretan, zaintzako langileen merkantilizazio eta prekarizazio prozesuan sakondu da eta benetan funtsezkoak diren zeregin horiei etekin ekonomikoa ateratzeko apustua egin dute urteetan.
Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren menpe dauden azpisektore guztiak antzeko egoeran aurkitzen dira, pribatizazioaren eraginez:
- KPIaren bermerik ez dago zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat. Soldata igoerak Langileen Legezko Ordezkaritzaren eta patronalaren artean hitzarmen bidez adostu behar diren arren, negoziazio kolektiboak erabat baldintzatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA), zerbitzu gehienen titular eta finantziatzaile nagusiak izanik, berak mugatzen duelako enpresa-elkarte gehienen negoziaziorako gaitasun ekonomikoa. Gaur-gaurkoz, aipaturiko sektoreetan ez dago langileei erosahalmena bermatzeko inolako ziurtasunik.
- Gehiegizko lan karga jasanezinak ezartzen ditu GFAk zerbitzu guztietan; kasu askotan, gainera, ratio horiek ere ez dira betetzen. Ratioak hobetzea premiazko kontua da, gehiegizko lan karga langileen osasun fisikoan eta psikosozialean kalte larriak eragiten ari delako. Eta, nola ez, zerbitzuaren kalitatean ere eragin ukaezina izaten ari delako.
LAB sindikatuan argi dugu eredu aldaketa baten beharra agerikoa dela eta zaintza sistema publiko-komunitariorantz bidea egiten jarraitu behar dugula. Une honetan zerbitzu hauek pribatizaturik badaude ere, lan publiko bat egiten ari diren langileak dira. Langile publikoak dira. Ezinbestekoa da pribatizazioarekin amaitzea eta, zaintza lanetan dihardugun langileon lan baldintzak duintzeaz gain, zaintza lanei zor zaien aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa emateko urratsak egitea.