Xoxik ez Gerrarako, ez gure izenean, ezta gure diruz ere

Xoxik ez Gerrarako, ez gure izenean, ezta gure duruz ere – 

XOXIK EZ GERRARAKO
GERRAK HEMEN HASTEN DIRA

Atzo, ekainak 30, Arabako eta Gipuzkoako Aldundien egoitzen aurrean “Gerrarik Ez” Plataformetako kideok elkarretaratze bat egin genuen “Xoxik Ez gerrarako” lelopean. Aldundien aitzinean egitea erabaki genuen bi arrazoi nagusiengatik: lehenengoa Aldundiak direlako zergen bilketan erakunderik garrantzitsuena; bigarrena, Errenta Aitorpenaren kanpaina izan delako.

Soka luzea

Xoxik ez Gerrarako, ez gure izenean, ezta gure diruz ereErdi Arotik armagintzak garrantzi handia izan du Euskal Herrian. Antzinetik burdina ekoizteko teknika ezagutu izanak armen ekoizpen industrializatua egin ahal izatea bideratu zuen.

Dirutza sortu zuen burdinola sareak ere bestelako aldaketa sozial, ekologiko, juridiko eta kulturalak ekarri zituen, ordea. Armagintza ardatz zuen ekoizpenak baso komunal asko pribatizatu zituen. Lantegi horien buruak jauntxo bilakatu ziren eta aldaketa estrukturalak egin ziren jauntxo horien mesederako, neurri handi batean gaur arte iraun duen sistema bat egonkortzen.

Jauntxoen aurrean ere beste eragile sozial bat jaio zen: matxinoak, Euskal Herriko 1.go langile-klasean koka daitekeen taldea. Leku guztietan bezala, herri xumeak hornitu du klase gorenen aberastasuna eta geurea ez da salbuespena izan. Hurrengo urteetan sarritan matxino horiek izan ziren herri xumearen interesen alde altxatu zirenak, aintzindari interesgarria.

Bestalde, monarkien babespean aberatsen gerrak elikatzeko produkzioak sortzen zuen aberastasuna poltsikoratzen zuten bitartean, herri xumea gerren ondorioak pairatzen hasi zen.

Jatorrizko euskal sistema juridikoak babes mekanismoak bazituen herritarrak gerretatik babesteko eta hor dugu , esaterako, “Zuhaitz Malatoa”ren tradizioa edota Estatu-Nazio eredua ezarri arte soldaduskatik aske geratzeko zegoen legealdia. Hortaz, herri xumea-jauntxoen arteko auzian baldintza ekonomikoez gain, gerrekiko jarreran isla bazuen.

Beraz, “xede antibelizista” ere egon, badago geurean betidanik. Estatu frantsesean zein Estatu espainiarrean derrigorrezko soldaduska ezartzean, euskal gazteek desertzioaz erantzun zuten eta XX.mendearen bukaeran: intsumisioaz. Hego Euskal Herrian egin zen erreferendumean ere NATOri ezetz esan genion.

Ardurak

Hego Euskal Herriko lau Aldundien zerga nagusien arduradunak dira. Bilakaera historikoak eta mendetako borrokak bermatu du zerga horien kontrola, baina trukean Estatuari “kupoa” delakoa ordaindu behar zaio. Kupoaren gastuak zuzenean “defentsa”, polizia eta mugen kontrolerako gastuetara bideratzen dira. Ildo horretan ezin ahaztu une honetan “Frontex” delako erakunde paramilitarraren jardun lotsagarria. Aldundien dirua, gure dirua, “defentsa “ ulertzeko modu jakin bat ordaintzeko erabiltzen da.

Hala ere, gure zergen militarizazioa ez da kupora mugatzen, zergen politikaren bidez eta Eusko Jaurlaritzari ematen zaion diru kopuruaren bidez, Euskal Herriko armagintza sektoreak hainbat laguntza du. Laguntza zergetan, ikerketan, esleipenetan… gure erakundek ez dira neutralak. “Gerra hemen hasten da” salatzen dugunean, batik bat horregatik salatzen dugu, gure erakunde publikoetatik armagintzari laguntzen zaiolako.

Bada garaia “zoru etiko” esaten den aldarrikapena gure erakundeetara ere eramateko. Euskal erakunde publikoek ezin dute-eta, ez zuzenean, ezta zeharka ere, armagintza hornitu. Gerren aurkako jarrera aktiboa ezinbestekoa da.

Aldundiak eskuratzen duen diruaren %82a inguru langileen errentatik eta eguneroko kontsumotik lortzen du, hau da, klase-langileak eta sektore herritarrek ordaintzen dute nagusiki. Lehen bezala, Erdi Aroko jauntxoekin gertatzen zen lez, , orain ere ez ditugu beraien gerrak ordaindu nahi. Errenta aitorpenaren kanpaina bukatu berri den honetan, Aldundiaren aurrean elkartu gara ozenki aldarrikapen nagusi bat egiteko: Xoxik ez Gerrarako!!

Artikulua Ana Gorostidik eta Andoni Rodriguezek ere sinatzen dute.

Gerrarik Ez-Gipuzkoa Ekimeneko kideak

Xoxik ez Gerrarako, ez gure izenean, ezta gure duruz ere

Donostiarra Pasaiaratua.