Xabier Uzin ‘Bino’: “Zarauzko Udalarekin hitz egingo dugu, baina aurtengo festak amaitu dira”
Xabier Uzin ‘Bino’ –
Ehundaka herritar bildu ziren bart Zarauzko Azken Portu auzoko ‘Plaza Gorria’ bezala ezagun den Sagasti plazan. Ez zen mus txapelketagatik izan, ez eta ere herri bazkariagatik. Prentsaurreko herritar bat zen jendea batzeko arrazoia. Eta jaigiroz baino, aurpegi serioz mukuru zen plaza. Auzoko festa herrikoiak, herritarrek osatutako komisio batek antolatuak, bertan bera geratu dira hasiera egunean bertan, Zarauzko Udalaren oztopoak medio. Kazerolada zaratatsua antolatu dute gaur 11:30ean, Plaza Gorrian hasi eta Udaletxeraino egingo du bidea. ZuZeuk Xabier Uzin ‘Bino’, jai komisioko bozeramalearekin hitz egiteko aukera izan du.
Noiz jaso zenuten 92 dezibeliotara (DB) mugatzeko abixua?
Jaiak hasi baina bi aste lehenago Udalak, Turismo Bulegoko teknikari baten bidez, adierazi zigun 92 DBtara mugatu behar genuela zarata Txosna gunean antolatutako kontzertuetan. Zentzu horretan dokumentu bat sinatu arazi zigun festak egin zitezen eta halaxe firmatzera behartuta sentitu ginen.
Ezinbesteko baldintza gisa jarri zuten?
Bai. Edo kontzertuak 92 Db-ko mugarekin, edo ez dago festarik.
Baina kontzertu bat txosna gunean eta soinu ekipoarekin ezinezkoa da 92 DBra mugatzea.
Bai, sinatzera behartuta sentitu ginen, baina, ohartarazi genien 92 DBtara mugatuta kontzertuak egitea ez zela bideragarria. Musikaren mundua apurtxo bat ezagutzen dugu, eta abisatu genien, baldintza horietan kontzertuak egitea ezinezkoa zela.
Zer gertatu zen ostegun gauean Azken Portuko txosna gunean?
Soinu froga hasi genuen eta taldeetako kideei esan genien Udalak 92DBko muga ezarria zigula. Hasiera batean, saiatuko zirela esan zuten, baina, Niña Coyote eta Chico Tornado-ren frogan ikusi zen ezinezkoa zela. Ekipoa sartu gabe, soilik taldekoen barruko anplifikagailuekin 90 DBra iristen zen. Are gehiago, Txosnetako jendearen soinuak bakarrik 88 DB ematen zituen. Hori ikusita Niña Coyote eta Chico Tornadokoek esan zuten beren lanarekiko errespetuz, ezin zela horrela kontzerturik egin.
Zein izan zen eman zenuten hurrengo pausua?
Kriteriuma (Ziklista) egiten ari zenez eta Jesus Arana, jarduneko alkatea, kriteriumeko antolatzaile lanetan zebilenez, berarengana jo genuen egoera azaltzeko. Eta orduan esan zigun soinu muga igo egin beharko zela.
“Ekiporik eta musikarik gabe,
soilik jendearen soinuarekin,
88 Db jartzen zuen neurgailuak”
Horrelaxe?
Bai, horrelaxe. Eta Uhina enpresako soinu teknikariekin proba batzuk egiten hasi ginen soinu langa pixkat igota. Taldekideak gora eta behera ibili genituen, afarietatik atereaz… egia esan lotsagarria izan zen nola ibili ginen. Baldintzak txarrak izaten segitzen zuten eta azkenean jarduneko alkate Arana bera etorri zen entzun nahi zuela esanaz. Esan zigun berak erabakiko zuela soinua zenbat dezibeliotan jarri.
Ze ordutan izan zen azken hori?
Kontzertuak hasita behar zuen jada. 11:45ean hasi behar zuen eta ordurako 12ak inguru ziren. Beste proba bat egiteko esan zigun Jesus Aranak, DB maila berak erabakitzeko eta musika taldeek aski zela esan zuten. Hiru froga eginak zituzten dagoeneko.
Amaiera izan zen hura?
Ez, azken froga batzuk egin genituen jarduneko alkatearekin. Tentsio uneak bizi genituen txosnetan, Arana soinu mahaian baitzegoen. Eta Aranak azken eskaintza bat egin zigun: limitadorea kentzea, baina, berak kontrolatuko zuela soinu-mahaiko bolumena.
Jesus Arana, jarduneko alkatea, mahaiaren kontroletan?
Taldekoek esan zuten, ezetz. Ez zitzaiela batere profesionala iruditzen eta, gainera, ordurako 01.10ak ziren eta bi kontzertuek 02:30ean amaituta behar zuten. Tentsio handiko momentua izan zen, gu bitartekari lanetan jardun baikinen. Azkenean Aranari argi esan genion: festak amaitu dira.
Horren ostean bilerarik egin duzue Udaleko arduradunekin?
Ez. Guk goizean goiz (ostirala) komunikatu diogu Aranari Komisiyuak erabaki duela festak ez zirela egingo. Eta kitto. Hau ez da serioa. Ez da serioa jarduneko alkatea, kontzertuaren ordua baino ordubete lehenago, dezibelio kopurua igotzen hastea. Are gehiago, festak hasi baino ordubete lehenago, Udalak auzoko portal guztietan bandoa itsatsi duenean, zeinetan argi jartzen baiten 92 DBko muga ezarri dela.
Ez zitzaizuen burutik pasa kontzertua egitea, dezibelioei hainbeste erreparatu gabe?
Uhina enpresako teknikariek ezin dute dezibelio muga gainditu, aurretik, idatziz udalaren baimena izan gabe. Beraz, Arana beraren onespena izan arte ezin genuen limitadorearen mugarik igo, soinu teknikaria ataka larrian jarri gabe.
Zein da orain Komisiyuaren jarrera?
Festak amaitutzat eman ditugu. Ostegunean bertan, programan parte hartu behar zuten talde guztiei idatzi genien kontzertuak bertan behera geldituko zirela esanaz. Ostiral goizean taberna guztiei pasa genien abixua. Askotan esaten da gauekoa dirua ateratzeko dela, eta ez. Gauekoa jaiaren zati oso garrantzitsu bat da. Eta zati hori kentzen baldin bada festek zentzua galtzen dute. Eta noski, esan gabe doa, sostengu ekonomiko garrantzitsua dira txosnak. Auzoko tabernentzat urteko diru iturri handiena. Gauekoa gabe gainontzekoa ez da bideragarria.
“Nola da posible 40 Principalesek dena libre duen lekuan,
Azken Portuk dena oztopoak topatzea”
Eta orain zer?
Orain komunikatu bat argitaratu dugu. Azpimarratu nahiko nuke komunikatu ofizial guztiak Komisiyuaren zigilupean argitaratu eta argitaratuko direla. Benetakoa ez den idazkiren bat hedatu baita. Gaur, larunbata, 11:30ean plaza gorritik hasita, kazerolada egingo dugu Udaletxeraino.
Zein da zure ustez Udalaren eta Komisiyuaren arteko erdibideko akordioa?
Nire ustez ez ditugu Udala eta Komisiyua bakarrik kontutan izan behar. Ekitaldi kultural bat antolatzerako orduan, ez da posible 40 Principalesek urrezko bidea izatea, dena libre, eta Azken Portuko jaietan soinua 92 dezibeliotara mugatzea. Ulertzen dugu gure lekuak bizilagunen gertutasunagatik mugak badituela eta ez dugu limitadorea kentzeko eskatzen, baina baldintza duinak behar ditugu auzoko festak egin ahal izateko.
Auzokideren baten kexarik izan al duzue?
Festak hasi aurretik 30 kexu erregistratu omen ziren. Hori esan ziguten, eta hori izan zen limitaziorako aitzakia. Gero konturatu ginen betiko pertsona bat zegoela 30 kexuen atzean. Orain arte salaketak egiten aritu zaigun pertsona hori, eskaratzen eskaratze kanpaina egiten aritu da, azkenean 30 kexu horiek udalean erregistratzeko. Kontua ez da 30 pertsonari independienteki okurritu zaiela kexua jartzea.
Antolatuta egin dela diozu.
Bai, gainera, hasiera batean bai Udalari eta bai guri oso arraroa egin zitzaigun kexuena. Aurreko urtean jaien oso balorazio ona egin baitzen. Ez baitzen apenas kexurik egon. Oso garbi egin zen dena. Halaber, jaiak amaituta, Komisiotik inkesta bat egin genuen txosnaguneagatik kaltetuen ziren bizilagunen iritzia jasotzeko. Garbitasunaren, soinuaren eta beste hainbat konturen inguruko iritzia jakin nahi genuen, eta orokorrean oso positiboa izan zen.
Udalarekin biltzeko asmorik ba al duzue?
Noski baietz. Udalak, prentsarekin izandako bilera pribatu batean, adierazi du prestutasuna duela festen bideragarritasunaz hitz egiteko. Baina, noski, aurten ez, hurrengo urtean, zeren, aurtengoak hastearekin batera amaitu dira.
Azken Portuko Komisiyuak prentsaurrekoan irakurri zuen testua osorik:
Azken Portuko Komisiyuak Zarauzko herriari by txufran on Scribd