Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea zendu da
Xabier Mendiguren Bereziartu zendu da –
Xabier Mendiguren Bereziartu zendu da 78 urte zituela, berria egunkariak aditzera eman duenez.
Itzulpengintzan lan eskerga egin zuen. Itzulpenaren historiari eta teoriari buruzko lehen euskarazko eskuliburuen egilea izateaz gain, makina bat ezinbesteko irakurgai ekarri baitzituen euskarara.
Ikastolen mugimenduan ibilia, Kontseiluaren lehen idazkari nagusia izan zen honen sorreratik 2010era arte, eta 2021ean Ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.
1945eko uztailaren 13an Ezkion jaioa zen Xabier Mendiguren Bereziartu. Euskal Itzulpengintzaren Nor da Nor datu baseari erreparatuta, letretako ikasketak amaitu ostean, euskararen eta euskal literaturaren irakaskuntzari ekin zion gizonak, eta ikastolen planifikazio didaktiko eta pedagogikoan parte hartu zuen. Testuliburuak ondu nahiz euskaratzen lan eskerga egindakoa dugu; hain zuzen ere, IKER taldearen sortzaile izan zen 1974an, zeinak Saioka euskarazko lehen ikasliburuak sortu baitzituen.
Geroago, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Eskola hori izan zen, 1987an, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sorburu, Mendigurenen beraren eta beste zenbaiten lankidetzari esker. Era berean, Senez aldizkariaren sorkuntzan ere parte hartu zuen, zeina erreferentzia garrantzitsua baita itzultzaile eta itzulpengintzaren ikerlarientzat. Pentsamenduaren Klasikoak bildumaren zuzendari teknikoa izan zen. 1989an, literatur itzulpenik onenaren Euskadi Saria jaso zuen Robert Laxalten Dominique Artzain Xiberotar bat Nevadan euskaratzeagatik.
Haur literaturako itzultzaile nekaezina izan da, batik bat ingeles eta alemanetik. Hala ere, haren itzulpen jarduna ez da narratiba eta saiakerara soilik mugatzen: zenbait lan lexikografiko ere euskaratu ditu, eta EITBrentzako ikus-entzunezko itzultzaile ere izan da. Itzulpen jardunaz gain, obra orijinalak ere idatziak ditu, batik bat kontakizunak eta politikaren eta historiaren inguruko entseguak.
Mendigurenen saiakeragintzaren baitan, ezinbestekoa da traduktologiari eta itzulpengintzaren historiari buruzko zenbait lan aipatzea: Itzulpen teoriazko ezagupenak (Lazkao, Pax, 1982), Itzulpengintza, historia eta teoria (Donostia, Elkar, 1995), Euskal Itzulpengintzaren Historia Laburra (Donostia, Elkar, 1995). Obra horietan itzulpengintzari buruzko teorizaziorik garrantzitsuenak biltzen ditu, eta euskarazko itzulpengintza periodizatu eta aztertzeko lehen saiakerak gauzatzen. Liburu horiei eta Senez, Riev eta Jakin aldizkarietan plazaratutako artikulu ugariei esker, ez dago zalantzarik Xabier Mendiguren dela euskaraz traduktologiaren inguruan jardun duen egilerik oparoenatakoa.
Finean, azken hiru hamarkadetan Euskal Herriko itzulpen jarduna modernizatzeko eragilerik indartsuenetako bat izan da, eta azpimarragarria da itzulpenen maila jasotzeko eta itzulpenaren inguruan hausnartzeko egindako haren ekarpena. Bere itzulpen batzuk baino ez aipatzearren, Shakespeare, Dickens, Pavese, Zweig, Txekhov eta Goethe euskaratu zituela azpimarra daiteke, baita Schopenhauer eta Nietzsche filosofoak ere. Eta haur eta gazte literaturan, berbarako, Thomas Brezina. Anaia Iñaki Mendiguren ere itzultzailea du, besteak beste “Harry Potter” euskarara ekarritakoa.
Xabier Mendiguren Bereziartu zendu da